Begiak jaisten dituzu maiz isilik egoten irakatsi izanagatik, eta gaur ez dakizu besoak non jarri, zer egin irentsi dituzun hitzekin, ezkutatzen diren titi puntekin.
Paseoan ateratzen duzu zure isilunea, nahiz eta kidea zure erantzunaren zain egon, baina zuk eztarrian dituzu hitzak maiz. Atzera begiratu eta itzalak jarraitzen zaitu, nor zaren oihukatzen dizu, zer egin behar duzun.
"Haurtzaroa bizkarrean daramazu beldur begi handiekin. Alderrai dabilen zakurra jarraika duzu. Horrela joango zinen zu eskutik helduta. Etxe bat izango bazenu…! Jaitsi ezazu neskato hori lasaitu ezazu, esaiozu: goazen etxera. Baina aurpegia estaltzen duzu, murmurikatuz: sendaezina da gure gaixotasuna. Zu soilik zara etxera eraman nazakeen bakarra". Nijole Miliauskaiten Orbaina poesia irakurtzen duzun aldiro begiak ixten dituzu, eta egun dituzun beldurrak ulertzen saiatzen zara neska gazte baten bizitza sekretua.
Nijole Miliauskaite idazle lituaniarrak gizakiaren eta munduaren krudelkeria erakutsi dizu, zure minak ulertzeko saiakeran bidelagun izan duzu Miliauskaite. Emakume izate hutsagatik ere isilpean egon dena, bizitza poesiatik baino jostun izatetik aurrera atera zuena.
Idazle ezezaguna, Munduko Poesia Kaierak egiten duen lan itzelari esker izan zenuen bere berri, (proiektu aberatsa, munduan barrena dauden eta egon diren poeta desberdinen lanak euskaraz goxatzeko aukera ezin hobea, oraindik ezagutzen ez baduzu, amua botata gera dadila…).
Miliauskaiteren galderak egiten dizkiozu zeure buruari ispiluaren aurrean jartzen zaren aldiro: "Norena da aurpegi hori? / nondik argi hori? / izan nintzen neskaren / begiak eta ezpainak geratzen dira bakarrik / hain segaila, ahula / astiro osatzen zena / gauak kendu dio estalkia potretari/ eta nire arima zen bertan begiratzen zena".
Aldatu nahi zenuke zure ingurua, zure pentsaera, etxeak botatzen duen usaina, zure jendearen mina. Aldatu nahi zenuke umorez eta aldatu paisaiaz, beti aldatu nahi duzu unean duzun guztia. Aldatu gorputz itsu fidakorra, tristura eta aberria, ahotsak kanporatzen dituen bat-bateko amorru adieraezinak. Aldatu zure izana eta izango denaren partea, aldatzen baita zeruan dauden izarren kantitatea.
Aldatu nahi duzu zure hankartekoa, neska eta mutil binomioa, aldatu hizkera eta hitzen esanahia, aldatu kideek zuri begiratzeko modua, eta irakasleak egin beharreko aurkezpen bakoitzero arbelera ateratzeko ohitura. Guztia aldatu nahi duzu, zure izena ere bai. Gizarte honetan badelako aldaketak justifikatzeko beharra, behin eta berriz: etxean, kalean, ikastetxean, lanean, bileran, parrandan, lagunartean, herrian, zure baitan.
Zailena, ordea, aldaketa gauzatzea izaten da, eta beste askotan funtsean ez da ezer aldatzen, zu zarena baitzara eta zeure izatean sinestea da lorpenik handiena.
Ekik 17 urte ditu, eta mutila da. Ekik Miliauskaiten galdera berak egiten dizkio goizero-goizero bere buruari: "Norena da aurpegi hori? / nondik argi hori? / izan nintzen neskaren / begiak eta ezpainak geratzen dira bakarrik / hain segaila, ahula / astiro osatzen zena…".
Titi puntak igurzten ditu, ongi ezkutatu daitezen, disimulatu, eta are eta fuerteago igurtzita pixka bat desagertzen zaio barreneko mina, lasaitasuna. Sarri dio bere barneko emea akabatu nahi duela, edo gutxienez ongi ezkutatu.
Ekik bera dena izateko zakila behar duela dio.