Minigona eta danborrada

Eva Lizarralde 2019ko urt. 25a, 13:11

Eva Lizarraldek idatzitako iritzi artikulua da honako hau. Sansebastianetako danborrada eta kantineren minigonak izan ditu hizpide testuan.

Emakume azpeitiarra naiz, 51 urte ditut, danborrada txikitatik ikusi dut eta kantinera bezala bitan atera naiz, umetan eta gaztetan. Azpeitiar bezala, asko maite dut danborrada. Hala ere, ez dakit adinaren kontua den ala ez, baina bada gai bat ulertzen ez dudana, gona motzaren ohitura alegia.

Aurtengo danborrada ikusi dut, oso dotorea, oso herrikoia, beti bezala, baina minigonadun kantinerak gerturatzen direnean beti gauza bera pentsatzen dut: "Emakume arrantzaleek, baserritarrek, tiroldarrek, errusiarrek, eskoziarrek, XVIII. mendekoek (Mozart), XV. mendekoek (San Inazio)... gona motza erabiltzen al zuten? Badirudi emakumea-kantinera-minigona hirukotea ezinbestekoa dela, zorionez talde guztietan horrela ez bada ere. Horien artean dira Gure Ametsa, Landeta, Oilosoro, Loiolatxo... Bateren bat ahazten bazait, barkatuko didazue, ezta?

Aitortu behar dut talde guztien artean arreta gehien deitu didana Barrenetxea izan dela. Talde zoragarria izan da beti, niretzako behintzat. Danborjoleen eta kantineren garaiko jantzi dotoreak eta taldearen jarrera oso ondo baloratu izan ditut betidanik. Hala ere, nire nahigabea plazaratu gabe ezin naiz gelditu. Barrenetxea taldeak kantineren XVIII. mendeko soineko dotorea baztertu eta gona asimetriko bat atera zuten orain dela urte batzuk. Aurten, berriz, aldaketa borobiltzeko, gona asimetrikoaren ordez Mary Quant-en XX. mendeko minigona jantzi dute. Eklektikoa dirudi!

Zurrumurruek diotenez, ezin omen dute kantinerarik aurkitu soineko luzearen kontua dela eta. Aldi berean, gonaluzedun kantinerak ateratzen diren taldeetako arduradunek, zailtasunak izan arren, neskak aurkitzen dituztela argi dago. Azkenean, lehentasun arazoa dela esango nuke. Danborradako jantzi guztiak dira garai batekoak, eta nire ustez, neska batzuen gona luzearen aurkako jarrerari baino garaiari eman behar litzaioke lehentasuna. Norbaitek imajinatzen al du neska talde bat minigonarekin dotore jantzita Txikiteo Elegante egunean? Edo Santo Tomasetan azpeitiar emakume guztiak minigonarekin baserritar jantzita?

Garaian garaikoa!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide