Dotore janzteko ordua da, abrigo beltza eta sonbrerua. "Zorionak, eta urte berri on!" esaldiak bonbardatu zaitu azken egunotan, baina Urtezahar gauean gehien bat. Hamabi mahatsak gogoz kontra irentsi zenituen, baina familian beti egon ohi da lehengusu azkarren bat kanpaikadak hasi baino minutu batzuk lehenago mahatsari azala eta pepitak kentzen dizkiona, beti egon ohi da ezkilaren hotsak mundua gelditu baino lehenago mahats guztiak jaten dituena, eta zuri bitartean kontrako eztarrira joandako pepitak urte berri ona ematean albokoak aurpegi arraroarekin begiratzen zaitu.
Bingo, xanpain ona eta patxarana!
Baina badirudi urtea ez dela hasten whatsappeko mezuak bidali eta jaso arte. Umezurtz geratzen zara mugikorraren zain, ea noiz eta noren eskutik jasotzen duzun urteko lehen mezua.
Tik-tak.
0:01 mahaiaren bueltan, mugikorrari begiratzen diozu, baina oraindik ez espero duzunaren seinalerik, lehengusuak bai, hura beti izan da zu baino azkarragoa. Amonaren argazki bat "tuneatu" eta bere lagun taldera bidali du. Amona "moderno" eta "enroilatua" duela erakusteko asmotan, akaso (amonak jakingo balu argazki hura nondik barrena dabilen).
Erdi lo, ala erdi ero?
Orduan, jaso dituzu Whatsapp taldean zorionak, iji eta aja, GIF ilustratuak. Segituan hasi zara ikono egokieraren bila: non gorde zara? lehen ikusi dut, baina orain ezkutatu zara. Topatu duzu, baina ez da bidaltzen, lineak saturatuta egongo dira eta zure mezua sarean galduta dabil… belarriak gorrituta, gorputza laguntza eske oihuka, halaxe hasi duzu urtea.
Urtea hastearekin batera mezu bat bidaltzea zurekin akordatu naiz esatea da, edo hori da bederen barneratu den izurritea. Pertsona ona eta lagun ona izaten ari zarela uste duzu, baina gerta liteke inkontzienteki obligazio bat ere izatea, besteen alboan gutxiago sentitu nahi ez izatea.
Berdin dio, dotore janzteko ordua da, abrigo beltza eta sonbreroa, esker onaren mozorroa… hona, gabonen trajedia.
Bat-batean esperantza Danimarkako Gabon zaharretako ohituratik atera da, antza urteari agur esateko lagunen etxeetara joan eta atearen kontra platerak apurtzen dituzte. Tradizioaren izenean behingoagatik barnean duzun estresa kanporatzeko ohitura aproposa. Pentsa zer litzatekeen plateraren bestaldean zure burua ikusi eta plast platera txiki-txiki egitea, zer litzatekeen amorruz oihu bat egitea, barreneko negarrari ateak irekitzea, zer litzatekeen tradizioa denez inork erotzat hartuko ez zaituenaren sentsazioa. Horrela bai, horrela hasi daiteke urtea. Baina Danimarka urrunegi dago oraindik, gurean dena dago kontrolpean, argi gorriak kalean, jendea familia artean eta bitartean ametsetan egin zenezake abenduko egun kontsumisten irakurketa kritiko bat, izan ere, dotore janzteko ordua da, abrigo beltza eta sonbrerua. Eta gaur, noiz arte dago baimenduta urte berri onak ospatzea edota opatzea?
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide