Okupatzea bi gauza izan daitezke gutxienez, eta oso bana gainera: edo indarrez eta armaz lurralde bete bat menderatzea, edo etxe huts bat betetzea eta biziberritzea. Bien arteko alderik haundiena da aurrenekoaren funtsa jabetzea dela, eta bigarrenean, berriz, jabetasunaren logikatik kanpora gaudela. Bigarren okupatze modu hau bizitza berri bat sortzearen pareko zerbait izan liteke, eta horregatik esaten bide da zubereraz oküpatü haurdun gelditzea adierazteko.
Jabetasunik gabeko okupazioak ez dira denak berdinak, eta hori Loiolan ikusten da ondoena: batetik dago Santutegia edo dena delakoa, ondasun publikoa dena baina sekta inaziotar ahaltsuaren esku dagoena, mundu guztiaren (ez gure) onespenarekin; bestetik dago aspaldiko trenaren geltokia, eta han kuadrillatxo xume bat bizi da, ez mundu guztiaren (bai gure) onarpenarekin. Hemen ere garbi ageri da mundua lapur haundiena dela. Eta oso garbi ageri da "okupen kontra" dagoen jendea okupa txikien kontra dagoela zehazki, eta okupa haundien alde zehazkiago.
(Ohar irreal bat: okupazioak delitua izan beharko luke askorentzat, baina nik ia obligazio moduan jarriko nuke. Nere balizko diktadura batean, garai batean soldadutza bezala, eginbide sozial bat egongo litzateke nahitaezkoa, eta hor bolada batez mundu guztiak egin beharko luke zerbait ona jabetasunaren eta diruaren logikatik kanpora. Bolada hori bizi guztian luzatzeko aukerarekin, jakina.)
Gure inguru hau oso lur ona da okupazio edo biziberritze jatorrak egiteko. Garapenak bazterrean utzitako teilatupeak asko dira hemen biziberritu eder baten eske daudenak, jabetasunaren logika tonto horretatik kanpora betiere. Geltokiak aitatu ditugu; komentuak ere hor daude, eta hutsik gelditzen ari dira, eta halaxe geldituko dira urrutitik nexka gajo mordo bat engainatuta ekartzen ez badute; eta gero aberatsen etxeak daude, gaur egunean jakina baita aberastutako jendea ez dela erraz kabitzen gure herri hauetan: diru haundiak eta izen haundiak, paradoxikoki, huts haundia sortzen diete bihotzean eta hiriburuetara joan ohi dira huts hori entretenitzera; bakar baten aitamena egitekotan, hortxe dago Azpeiti erdi-erdian euskal herrietako familia aberatsenetako baten etxe galanta, hiru pisukoa, jendeberritu bat ondo hartuko lukeena.
Okupatze txiki-jatorraren kontrako arma nagusia Kultura da gaur. Gelditzen da hutsik etxe eder bat, eta agintetik zerbait asmatzen da beti biziberritze bat eragozteko; ez dezala inork erabili eta ez dezala zerikusirik izan bizitzarekin edo bizimoduarekin, eta bereziki diruaren logikatik kanporako bizitzarekin edo bizimoduarekin. Eta orduan asmatzen dira Turismo Bulego zoragarriak jauregi zaharretan; eta Trenbidearen Museoak trenbidea bera suntsitu eta gero; eta, besterik ezean, beti egongo da Interpretazio Zentro bat jartzeko aitzakia, beti egongo baita zerbait bizia izan zena eta hil zutena, eta heriotza hori ospatzeko modu egokiena iruditzen baitzaie hilotza "ondare" bihurtu eta "interpretatzea" dela. Edozer gauza, bizitza eta benetako erabilera bat eragozteko. (Honek kakagurea ematen du, edo, hobeto esanda, kentzen du.)
Eta ez dut esaten den-dena okupazioaren bidera ekarri behar denik. Erakundetxoek egiteko moduko gauza txintxo-guaiak ere badaude, ez dakit, coworking kooperatibo eraldatzaile bat adibidez; benetan diot: nere moduko gixabanako "asentatu" batentzat egokiagoa litzateke, eta eroxoagoa, inondik ere. Bidenabar: azkena ezagutu dudana da Iturola izeneko bat, "Hernaniko Elkarlan Sorgunea" deritzana, eta interesgarria dirudi, eta biziaren kontrako kultura interpretatzaile hilgarri horretatik oso urruti dagoena.
Nik aditu dudanez, Esklabetako komentuko hegalen batean jende xumea sartu da hura biziberritzeko asmoan (baimenik eskatu gabe, jakina, zeren baimen guztiak okupa haundientzat emanak egoten baitira). Atera ere egin omen dira, baina berriz sartzekotan. Bizi ez ezik,
jantoki sozial bat ere jarriko omen lukete. Azpeitiko berri ez dakienarentzat esango dugu hor ez dagoela aspalditxotik mojarik batere eta, besteak beste, Go!azen telesail ospetsua egiteko erabiltzen dela, eta oso politta, bixia, ariña, kolorexkoa eta gaxtea izango da hori, baina izan dezatela beste batzuek Ga!tozen esateko modua ere. Egon dadila leku bat hemen, egon daitezela leku batzuk edo leku asko hemen-hor-han, telesailik eta osperik gabekoak, Ga!tozen batzuk botatzeko: gatozen txikitik biziberritzera eta ez haunditik menderatzera; gatozen bizitzera eta ez esistitze, begiratze, informatze, entretenitze edo interpretatze hutsera.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide