Parisen bizi den lagun bat eta biok jatetxeko kontua ordaintzera joan garenean, nongoak garen galdetu digu zerbitzariak, gaztelaniaz entzun gaituela eta. Poloniarra dela nire laguna, ni euskalduna. "Euskadi" hitz egiten al dudan galdetu dit ingeles-azentua duen zerbitzariak, eta zuzentzeko tentazioa izan dudan arren ─euskarako irakasleok oso astunak izan ohi gara lanorduetatik kanpo ere, edo batik bat─, besterik gabe, baietz esan diot. Pentsatu dut oraindik paparrean daramadan txaparen nondik norakoak azaltzen hastea, baina gizajoak atsegina izatea besterik ez zuela nahi pentsatu, eta kontua ordaindu eta bakean utzi dut. Ondoren, garaia badela erabaki eta txapa poltsikoan gorde dut.
Pasatu ditugu hamaika egun ahobizi edo belarriprest izaten; beste hainbeste ─edo gehiago─ ondokoari bat hala beste izan beharko lukeen iradokitzen; edo txapa eskuratzeko egunak ohartu gabean igaro eta, gabe gelditu ostean, "nik beti egiten dut ordea euskaraz" argudiatzen. Nik pasa ditut hamaika egunak, nire lankideekin batera, esperimentu sozial honetatik kanpo gelditu diren hamasei urtetik beherakoentzat txapak egiten, haiek euskararekiko konpromisoak har ditzaten motibatzen, "Baina guretzat zergatik ez daude txapa zuriak, benetakoak?" galderari erantzun inposibleak asmatzen. Ibili naiz hamaika egunetan Donostiako kaleetan konplizeak bilatzen, ezezagunen paparretan zirkulu zuriak begiztatzen, elkarrizketa hipotetikoetan euskaraz norekin mintzatuko nintzatekeen irudikatzen. Eta iritsi da hamaikagarren eguna, eta azkarregi eta oharkabean baita euskaraldiaren amaiera ere. Biharamuneko balantzeetarako ia-ia astirik gabe, Durangoko azokak, konturatzerako, ateak ireki dizkigu. Kulturak gurean demaseko garrantzia duelako lilurapean pasa ditugu Azokak iraun dituen egunak, eta komunikabideetan minutu eta orri luzeak hartu ditu, futbolaren hegemoniari ia-ia itzal egiten diola sinisteraino ─lagun batek dioen moduan, Messik euskaraz hitz egingo balu, beste bat litzateke euskararen egoera!─. Eta euskaldunok geure kulturari urtean behineko ekarpentxoa eginda bapo sentitu gara kulturak eta kontsumismoak bat egiten duten festan.
Pasatuko dira Gabonak ere, eta kenduko dituzte kale eta erakusleihoetatik argi eta apaingarri guztiak. Joango da gaztaina erreen usaina, desagertuko dira turroi, panpin eta perfumeen iragarkiak. Eta bizitzak, urtarrilaren zazpitik aurrera, Gabonen brilli-brilli hori gabe ere, aurrera egingo du. Euskaraldiak ere bere dirdira galdu duenean, lorratza besterik gelditu ez denean, balantzea egiten hasi eta zulatutako kamisetaren bat edo beste baino ez didala utzi pentsatzen hasia nintzenean, ikasle bat hurbildu zait esatera nire txapak bere txipa aldatzeko balio izan diola, zenbait lagunekin euskaraz hitz egiten hasia dela. Beste batek, orain etxean euskara gehiago egiten duela.
Zuloa zenbait paparretan pixka bat barruraxeagoraino iritsi da, antza. Euskaraldiak eman die falta zitzaien ziztada.
Amets Arzallusek zioen euskaraldiaren egunik garrantzitsuena hamabigarrena izango zela. Euskarak urte osoan distira egiteko hamaika egunekoa nahikoa ez duen bezalaxe, euskal kultura ere ezin da bizi Durangoko azokak irauten duen bost egunetatik soilik. Beraz, ahaztu gabe, esan eskutitzean Olentzerori betetzeko zakua goraino euskal kulturaz. Eta, zergatik ez, baita Errege Magoei ere; eta egin eskaria euskaraz, erakutsi digute eta, urtez urte, belarriprest behintzat badirela. Eta, badaezpada, soilik badaezpada, eskatu opariak
gurasoei ere: ez dadila gerta jaka horiren batzuek errepidea itxi eta gure Olentzero edota Erregeak opariak banatu ezinik gelditzea!
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide