Hainbat urtez begirada atzerantz luzatzen dugunean harrigarria egiten zaigu ikustea nola aldatzen diren ohiturak. Duela berrogeita hamar edo hirurogei urte nor izateko (hiri batean bezalatsu herri txiki batean ere) igande eguerdian bermut bat (edo bi…) hartu behar ziren.
Bermut hitz alemanak (wermut) asentsio-belar esan nahi omen du, belar mikatz eta zapore bitxikoa, absenta egiteko ere erabiltzen dena. Kondairak dio Hipokrates V. mendeko sendagile ospetsuak prestatu zuela hainbat sendabelarrez (tartean asentsioa) ondutako ardoa, Erdi Aroan ardo hipokratikoa deitua, eta horixe izan zitekeela bermutaren sorburua.
Kontuak kontu, duela ia berrehun bat urte hasi zen bermuta era komertzialean egiten eta jendea modu dotorean (igandeko meza nagusiaren ondoren trajez jantzita) edaten. Bermuta nola egiten den eta zein osagai dituen adierazteak orrialde osoa eskatuko liguke, eta ez da hori kontua. Bakarrik esan, bermut-egile italiarrek ardo gozoa aukeratu zutela beren edabea egiteko eta frantsesek ardo lehorragoa. Hortik bermut gorria eta bermut zuria.
Baina, tira, goazen harira. Ari ginen gogoratzen frankismo garaiko igandeei bizipoz pittin bat ematen zieten bermut handi-nahi haiek, igandetako jantziekin eta buñueloak janez hartzen zirenak; eta gogoratu beharra dago nola joan zaizkigun ahazten ohitura haiek guztiak: igandetako trajea, meza, bermuta…
Baina garai hartako su hura itzalita ere txingar batzuk geratu ziren nonbait, eta bermutaren ohitura hainbat urtetan gainbehera joan ondoren indarrez sortu da marianitoarena.
Ez dago argitu beharrik zer den marianitoa, eta hitz hori inoiz entzun ez duenarentzat nahikoa da esatea bermut-erdi bat dela, gutxi gorabehera. Jakin-mina sortzen duena hitza bera da. Nondik dator mariano hori?
Uste zabalduena da Marianico el corto ezizena zuen garai bateko Aragoiko umorista baten izenetik datorrela. Hasierako ponme un vermut corto esalditik, un marianito esatera pasatu zela. Horren aurka dago Marianico zela eta ez Marianito gure umore-egilea, baina tira…
Kontatu didate, baita ere, Cintruenigon bazela Mariano izeneko mutiko bat taberna bateko zerbitzariaz arima galtzeko bideetan zebilena maiteminaren gaitzak jota, eta maite hura sarri ikusteko asmoz bermut-erdiak eskatzen zituela barran, begiak zerbitzariaren gorputzetik aldendu ezinik. Badakizue, bi erdik bi bisita eskatzen ditu; hobe, beti ere, oso batekin egindako bisita luze bakarra baino. Herri txikietan berehala jakiten dira kontuak eta bertako jendea adarra jotzen hasi omen ziren neskari bermut-erdiak eskatu ordez Marianitori bezalako bat ateratzeko esanez.
Juantxo lagunak esaten dit Mariano Graells sendagile eta naturazale ezezagun bezain ohoretsua dagoela edabe horren izenaren atzean. Tricion jaiotako Mariano de la Paz Graells XIX. mendeko entomologo ospetsuenetako bat izan zen; berak aurkitu zuen Europako tximeleta ederrena den Graellsia isabellae Guadarrama mendietan. Mariano horren gorazarre egindako eskultura baten ondoko taberna batean elkartzen omen ziren bermut-erdiak hartzera hainbat adiskide, eta hortik sortu edariari deitzeko modua.
Ia seguru nago hiru azalpenak ere asmazio hutsak direla, baina ez datoz gaizki txikiteoko berriketarako, ezta ohiturak nola aldatu diren komentatzea ere. Txakolina, ardoa edo marianitoa eskuetan, era horretako txikikeriak egokiak izan ohi dira eztabaidarako, kopeta belztuta beti gai seriotan jardutea baino hobe, nik uste.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide