Miren Gorrotxategi 'Puntuka': 'Gorreri selektiboa'

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 15a, 09:40

Duela urte batzuk Zaragozako hotel batean egin nuen lan. Hotel zuzendaritza ikasita, praktikak egin nituen bertan, eta ia departamentu guztietatik pasa nintzen bakoitzeko martxa ezagutzeko. Udako hilabeteetan izan zen, eta ez dut inoiz halako berorik pasa. Bezeroren batek harreran bost minututik gora egiten bazituen, laster hasten zen eskura zuen edozerekin bere burua haizatzen. "Hemen ez duzue aire giroturik, ala?" galdetzen ziguten, eta begiratua ordenagailutik altxa gabe erantzuten genien izorratuta zegoela, etortzekotan zirela konpontzera. Harrera-burua kexatu zitzaion zuzendariari, arren airea martxan jartzeko. Baina hark haizea hartzera bidali zuen: klimatizazioan diru gehiegi joaten zela eta ez zuela piztuko; eta ez kexatzeko, errepideetako langileak gu baino okerrago zeudela eta. Egun gutxira gaixotu zen hoteleko zuzendaria. Anginak zituen, bere bulegoan topera jarrita izaten zuen aire girotuaren ondorioz. Harreran lan egiten zuten neska-mutilak espainiarrak ziren guztiak, departamentu komertzialekoak bezalaxe. Espainiaren aurpegi gazte, moderno eta zuria, belarritik belarrirainoko irribarrez bezeroak asebetetzeko prest. Hoteleko erraietan, ordea, errealitatea bestelakoa zen: ekonomatuan eta sukaldean hegoamerikarrak ―denak gizonak― ziren nagusi, eta mantentze-lanetakoak ―hauek ere gizonak, noski― Europa ekialdekoak ziren. Hegoamerikako neska gazte batek garbitzen zituen harrera eta gainerako aretoak; logelak garbitzeaz Afrikatik etorritako emakume beltzak arduratzen ziren. Eta, azkenik, guztien burua, hoteleko zuzendari katarratua, euskal jatorriko gizasemea zen. Hotel hura gaurko gizarte-antolamenduaren eredu garbia zen eskala txikian: gizon zuria piramidearen puntan; eta langile etorkinek, gazte lizentziatu berriek eta abarrek osaturiko masa haren pean, hilean soldata miserable bat jasotzeagatik harekin zorretan geundelakoan. Noski, zuzendaria bera ere kate-begi bat zen soilik, beste erle langile bat baino ez merkatuaren erlauntzean. Nire praktikaldian tokatu zitzaidan logelak garbitzen zituzten emakume haien lana ikuskatzea, eta gorrotozko begiradak botatzen zizkidaten logelaren batean zerbait garbitzea ahaztu edo oin-markak utzi zituztelako berriro garbitzeko eskatzen nienean. Gelditu gabe egiten zuten lan, eta zenbat kobratzen zuten ez nekien arren, bistakoa zen haien lana guztiz prekarioa zela. Azkenaldian komunikabideek zifra bat jarri diote emakume horien soldatari: 2,50 euro garbitutako logela bakoitzeko. Kellyek nahikoa dela esan dute azkenean, edo aspalditik ari ziren esaten, baina inork ez die orain artean kasurik egin nahi izan. Bada oraindik entzun nahi ez dienik: Bilboko Barceló Nervión hotelean, barkamen-ohar batekin batera, grebalarien kexuak ez entzuteko belarrietarako tapoiak banatu zaizkie bezeroei. Hautsak harrotu ditu gaiak sare sozialetan. Izan ere, kopeta izugarria behar da, noski, hori egiteko; baina, azken batean, orain arte egiten ari ginena, entzungor egitea, alegia, literalki halaxe egiteko gonbita besterik ez da izan. Gai honek ezinbestean ekarri dit gogora Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea. Kellyen egoerak bistan utzi du berriro ere lan-prekarietateak lanpostuen feminizaziorekin eta razializazioarekin duen lotura estua: prekarietateak emakume etorkinaren aurpegia du. Geure burua ezinbestez sistema neoliberaleko esklabotzat dugun arren, onar dezagun sistemako esklaboak baino, sistemaren esklaboak garela, olatuaren gainean aparretan dabiltzan burbuilak. Benetako zama daramatenak beste batzuk direla. Baina ez da ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik. Ezta entzun nahi ez duena baino gorragorik ere. Horretarako ez da belarrietarako tapoien beharrik. Barceló Nervión hoteleko tapoiek gure gorreri selektiboa bistan jarri baino ez dute egin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide