Iazko ikasturtea Parisen eman nuen, euskara eta euskal kultura irakasten Sorbona unibertsitateko ikasleei. Mugak nonbait jarri behar, eta euskal horrekin euskaraz sortutako kulturara gerturatu nahi izan nituen. Ez nuen izan imajina dezakezuen leporaino beteriko auditoriorik niri entzuten, baina dozenaka atzerritarri gure hizkuntzaren eta kulturaren oinarriak eman nizkien. "Seguru ja gu baino gehiago dakitela euskal kulturari buruz" esan zidan behin lagun batek, eta baietz egin nion buruaz, harro. "Eman ta zabal zazu" bere apoteosian.
Bestelako publikoa dut aurten, 11-14 urte bitarteko donostiar nerabeak. Ikasturte hasierako fitxan, galdera ustez sinplea, gurasoekin komunikatzeko hizkuntzaren gainean: "Zure gurasoak euskaldunak dira?". Hogeita sei ikasle eta hogeita zortzi esku altxata: "Nire aita Donostiakoa da baina ez daki euskaraz", "Nire ama Ekuadorekoa da baina euskaraz badaki pixka bat", «"Nire gurasoak Euskal Herrikoak badira, euskaldunak izango dira ba, ez?". Hasperen egin dut. "Jarri nahi duzuena". Lehenengo hitza euskaraz egingo diet eta datorrela datorrena.
Euskara klasea. Eleuterio Jauregi Beloki trikitilariak idatzitako testu bat irakurri behar dugu. "Zer da trikitilaria?" batek. Nire bihotzak taupa egiteari utzi diola uste dut. "Trikitia jotzen duena" erantzun diot. Aurpegi arraroak. "Trikitia, badakizue: soinu txikia eta panderoa..." "Ah, trikitixa, trikitixa esan bazenu hasieratik!". Noski, trikitixa; nola ulertu, ba, trikitia esanda. "Baina zer da trikitixa?", gelaren atzealdean batek. "Musika tresna, akordeoia bezalakoa, baina txikiagoa" beste batek. "Akordeoia bada, zergatik ez zaio akordeoia deitzen?". Bihotza martxan hasi zait berriro, baina azkarregi doa orain, eta ez gara oraindik testua irakurtzen hasi ere egin. Bueno, animo, behin hasitakoan, ondo joango da. Ekin diogu irakurketari. "Zer da Nafarroa Oinez?" lehenengo etena. Hala azaldu du dakien batek: "Kilometroak bezala, baina Nafarroan". Askok ez dute Kilometroak ezagutzen. Korrika bai, Korrika ezagutzen dutela. Bada zerbait. "Iruñea badakizue non dagoen, ezta?" nik errezeloz. "Joe, Miren, galdetzea ere! Pamplona da!" "Aiba, Pamplona da Iruñea?" beste batek. Ez adituarena egin diot, nire osasunaren mesedetan. Laster da hurrengo etena: "Zer da taloa?". Zientzia fikzioa dirudi, baina DBHko klase arrunt bat da, Euskal Herriko edozein institututan. Eta ikasgela osatzen duten nerabe horiek ni bezain euskaldunak badira, eta horretan ez dut zalantzarik —haien euskara mailak hainbat disgustu ematen didan arren—, euskal kulturaz ulertzen dudana kuestionatzeko unea iritsi zait. Eta zuri ere bai, ziur asko.
Hamarkada bat baino gehiago pasa da Kubara sarri joaten zen lagun batek handik ekarritako lehen reggaetoi CDak dantzarazi zizkidanetik. Barre egiten genuen. Baina zer demontre zioten letra matxista haiek? Posible ote? Garai hartan, gure tabernetan euskal musika entzuten zen —sarritan gaztelaniaz bazen ere—, edo asko jota, txunba-txunba. Gaur erritmo latinoei ihes egitea lortzen dieten tabernak erresistentzia dira. Baina, tira, reggaetoia euskaraz bada, tartetxo bat egitea ere, ezta? Azkenean, ez da ba horixe jendeak eskatzen duena? Zenbat hamarkada beharko ditu zeharo guretartzeko? Trikitixa ere ez zen ba italiarra euskaldundu aurretik?
Artikulu honek daraman izenburu bera jarri zioten bertsotarako gaitzat, duela berrogeita hiru urte, abizena eta beste hainbat gauza eman dizkidan bertsolari bati: Nor da euskaldun? Nirea baino erantzun sakonagoa eta poetikoagoa eman zuen. Baina, tira, garaiak aldatzen doaz. Euskal hori ere bai. Eta, beraz, baita euskaldunok ere. Aldatu, aldatuko gara. Kontua da nola aldatuko garen. Norantz aldatu nahi dugun. Hertzainakekoek aspaldi agertu zuten kezka: "Bertsoak eta trikitixa ikasi biot ala? Hainbeste ahalegindu behar naiz euskalduna izateko?". Eta Ordorikak ezin hobeto berretsi ere bai: "Inork ez zidan esan euskalduna izatea zein nekeza den".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide