J.M. Olaizola 'Txiliku' 'Puntuka': 'Eutsi, aita!'

Urola Kostako Hitza 2018ko urr. 11a, 09:54

Agindua zor da, eta hor doa aurreko kontakizunaren bigarren atala: Galizian bada nonahi kondairen halako kutsu bat; badira meiga izeneko sorginak, eta segizioak osatzen dituzten purgatorioko arima alderraiak Santa Compaña deitzen direnak; hango kastroetan izaki miragarriak bizi dira eta basoetan edozein eratako izaki mitologikoak. Lanbro-egunetan, edozer gerta liteke hango bazterretan. Kontatu didate Arimen Egunean (azaroaren 2an) Viveiroko Covas hondartzara joan, Os Castelos harkaitzetara hurbildu, eta itsasoko olatuen edo ekaitzaren burrunbadaren gainetik, gauean oihu bat entzun daitekeela: "Eutsi, aita! Salbatzera noakizu!" Kondaira aspaldikoa da, baina ez kondaira zaharrak izan ohi diren antzina-antzinako horietakoa. Kontuak 1810eko azaroaren 2ko gertakizun batekin du lotura. Egun horretan ipar-mendebaldetik itsaspeko haitzei lantuak ateraraziz eta itsas hondoko hondarrak harrotzen zetorren denboraleak ehunka pertsona ito zituen hantxe, Covaseko hondartzaren aurrean bertan. Os Castelos harkaitzetako batean, hondarretik hurbilen dagoenean, bada monumentu bat han itotako Palomo bergantineko eta Magdalena fragatako naufragoei eskainia. Santoña eta Getaria menderatzeko asmoarekin Bizkaiko golkora espedizioan joandako ontziak ziren biak eta itsas ekaitzari ihes egiteko itzuli ziren Viveirora. Ez alferrik! Ontzia tinkotzeko asmoarekin, Magdalenak bi aingura bota zituen (haietako bat monumentuan ikus daiteke oraindik, kanoia batekin batera) baina fragata hain azkarra egiten zuten oihalek ekarri zioten hondamendia, haize zakarrak haitzetara eraman baitzuten. Gero, masta nagusia erori zitzaion, eta ontzia gobernaezina geratu zen. Etsipenean, Blas de Salcedo ontzi-kapitainak masta guztiak mozteko agindu zuen, haizeak, oihalak puztuta, ez zezan ontzia harkaitzetara eraman; baina alferrik izan zen eta Os Castelosen hondoa jo eta hantxe geratu zen. Denboraleak txikitu egin zuen. Iparralderago dagoen Sacido hondartzara eraman zuen ekaitz apetatsuak Palomo bergantina, eta hango lurmuturraren aurka bota. Egunsentiraino iraun zuen hark, bi zati egin zen arte. Hondartzetatik herritarrek ikusten zuten tragedia guzti hura eta arrantzale zenbait saiatu zen laguntzen, baina alferrikakoa izan zen guztia. Gauean, ilunpe osoan eta ekaitzaren gogorrenean Blas de Salcedok ontzia abandonatzeko agindua eman omen zuen. Lehorra ez zegoen urruti, eta marinelak saiatu ziren igerian iristen. Historiak dio Magdalena fragatatik lehorrera iritsi ziren zortzietatik hiru bakarrik salbatu zirela. Kondairak dio bederatzi izan zirela lehorreratutakoak. Bederatzigarrena Blas Salcedo Reguera zen, ontzi-kapitainaren semea, baina itsasotik entzun zuenean aitaren laguntza-deia, berriz itzuli zela itsasora oihu eginez: "Eutsi, aita! Salbatzera noakizu!". Kondairak dio, baita ere, Arimen Egunean Covaseko Os Castelos ingurura joanez gero, egunsentiaren lehenengo argiarekin ikus daitekeela itsasertzeko olatuen artean gazte martzal bat, guardamarinen uniformearekin jantzia, itsas aldera igerian eginez, lehorreratu nahian ahaleginak egiten ari den ontzi-kapitain bati laguntza eskaintzeko asmoz. Historia kondaira baino askoz lehorragoa da. Historiak dio hurrengo egunetan azaroaren 2an beretzat hartu zituen marinel eta soldaduen 550 gorpuak (200dik gora ingelesak omen ziren) itzuliz joan zela itsasoa, eta agertzen ziren neurrian hondartza-atzeko hare-muinoetan egindako zuloetan hobiratu zituztela. Bada bitxia izan zen gertakari bat: Don Blas de Salcedoren gorpua bere seme guardamarinarenari besarkatuta iritsi zen hondartzara. Cadizeko Gorteek Errege-Agindu bat eman zuten: ordutik aurrera debekaturik zegoela itsasontzi berean aita-semeak edo anaiak ontziratzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide