Maitane Subijana 'Puntuka': 'Gutun bat, zuri'

Urola Kostako Hitza 2018ko urr. 4a, 09:27

Esan izan gura zizuten dena bertso batean, agian barruko sentipenak kanporatzen saiatu ziren, une horretan egin nahi zuten azken gauza zen arren. Baina hurrengo egunean egunkarian ezin ezer aipatu gabe zure argazkia jarri, harik eta zerua ondoratzen den arte, eta ni bien bitartean isil-isilik, praktika erlijioso horiek ulertzea nekeza zaidala pentsatuz. Askorentzat, ordea, horixe da dolua hasi ahal izateko hasierako funtzioa. Une horretan etorri zitzaizkidan zenbait momentu, hainbat irudi, usain eta maitasun, guztiak ezkila ozenegiekin nahastuta. Elkarrekin bizitako egun bakoitza gogoratzeko ahaleginean estutu nuen nire burua, baina azkenean urteak zitzaizkidan nahastu. Gaur begiak estutzen ditut zure bila, baina batzuetan kosta egiten zait. Agertzen zara zuk zeuk eraikitako etxeko sukaldean pilota partida guztiak ikusten, partida hasi baino ordu erdi lehenago telebista pizten, galdutako tanto bakoitza guri azaltzen. Agertzen zara baratzean belar txar guztiak amorruz kentzen, ernegatzen zinen tomateak gorritzen ez baziren, eta bazkaltzera berandu iristen baginen ez ziren zure itxaronaldi gustukoenak izaten. Agertzen zara iraileko lehen bi igandeetan estropadak ikusiz egiten genituen hamaiketakoetan… Eta gaur, urrian sartu garen honetan, hoztu du erruz, aitona. Uneen harrapaketetan lagun ditut argazkiak, askotan izaten dira oroiminaren iturri. Musika lasai baten babesean arakatzen ditut ordenagailuko disko gogorrean ia ezkutuan eta ukitu ezin ditudan argazkiak (halakoetan beti sartzen zait guztiak papereratzeko premia). Distira hurbilagoa zait, burrunba ozenagoa, mundu biak batzeko praktika, eta horrela egin dut topo zure urtebetetze egunean zeneukan begiradarekin, zorrotza seme-alabentzat, goxoa guretzat. Zuen etxean elkartzen ginen urteroko ohituraz, bai orain artean behintzat, zu faltako zara estreinakoz aurten. Arraroa izango da, hoztu baitu erruz. Aitona, akorduan dut ama aldentzen zen arte itxaroten zenuela ezkutuan dirua emateko, bestela errieta jasotzen baitzenuen lehenbizi zuk eta ondoren guk. Behin baino gehiagotan aipatu zenidan gerra, zure aitak Hernanira asto gainean arto-irin bila bidaltzean ipurdi-gaina haragi bizitan geratu zitzaizunekoa. Mutikoa zinela bonbak eta tiro hotsak etxetik hamar metrora entzuten zenituztela, eta gosea, senide asko zinetenez guztientzat jatea izaten makina bat komeri edukitzen zenituztela. Gustura entzun izan ditut zure bizipenak, baina orain egin gabe utzitako galdera guztiak datozkit burura, nola zure begiak urdinago ikusten ditudan egunen bueltan. Zer ez nuke gaur emango ordu haiek itzuli eta zure ondoan galdera guztien erantzunak izateagatik. Amonak eta biok zuen gerra intimo guztien gainetik eraiki zenuten harri sendo eta dotorez osatutako etxea. Baina etxe hau ez da lehengoa, haizea aldatu da, harriak bigundu dira, sabaietan pitzadura batzuk ageri dira; hemen distirak apaltzen hasiak dira. Jakinekoa zen eguna iritsiko zela, eta atzo harrizkoa zena biguntzen hasi da gaur. Esan dizut hoztu duela erruz, eta pixkanaka segur aski hoztuko dira gure begiradak ere, baina lehengo intentsitaterik ez duen arren, begira jarraituko dut zer ikusiko eta zer ikasiko. Ez dakit zenbat denbora beharko dudan, baina lagun bati entzun nion bat ohitu egiten dela bere hildakoekin bizitzen, gaur oraindik, ordea, astun sentitzen zaitut. Bihotza behin eta berriz estutzen didazu azkenaldi honetan, ilargi beteko gauetan zure begiak geroz eta gehiago urdintzen diren gisan. Gutun hau bidali nahi nizuke zuri, baina ez dakit nola, baina ez dakit nora. Besarkatuko zaitut beti. *Eta zuri, irakurle, esaten ez direnak barrenean erretzen dira. Ez utzi nire moduan helbiderik ez duen gutun bat. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide