Iñaki Segurola 'Puntuka': 'Ez beti da ez'

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 27a, 09:31

Hemen, gaur egunean, gauza asko barkatzen dira: txofertzeko karnetik gabe bizitzea, abstentzionista militantea izatea barkatzen dira, barkatu zaizkit; barkatzen da orientazio sexuala aldatzea, orientazio politiko edo morala aldatzea ere bai; sexua eta hankartea bera aldatzea barkatzen da, jateko era aldatu eta beganotzea edo desbeganotzea ere hortxe nonbait, eta abar. Hemen nekez barkatzen dena da ez edatea, eta inola ere barkatzen ez dena da edateari uztea "arrazoirik gabe": gaixo egon gabe, kirolari bigorexikoa izan gabe edo musulmana izan gabe. Nerabexaroan edaten ikasi genuen bezala, esan orain desikasi edo desohitu egin naizela, eta alferrik da; esan zurrutean nuen fedea galdu egin dudala, eta berdin; edo gustua aldatu zaidala, edo ez dudala behar, edo… dena alferrik da. Esan izan dut "edale pasiboa" naizela ere, eta ez da zeharoko gezurra, zeren gertatzen baita mozkor giroa edo lurruna edo dena delakoarekin txoro-haize moduko bat itsastea tantarik probatu ez duenari ere, baina hori ere alferrik da. Zurrutak gixondu egin gintuen nerabexaroan, eta zurruta (era sistematiko batean bederen) bazterrera uzteak desgizondu egiten gaitu, despertsonatu kasik, eta mutante nazkante bihurtu edaleentzat; hau da: gizarte normalarentzat. Edateari utzitako jendearekin ez dela fidatu behar aditu nuen lehengo batean, eta ez da harritzekoa, zeren hemen dena "normal" egiten duen gizabanakoa baita fidatzekoa. Gorputzak botikarik gabe sendatzeko eta bere onera etortzeko ahalmena duen bezala, uste dut ezer hartu gabe txoratzeko, haixeatzeko eta lotsagabetzeko ahalmena ere badaukagula. (Lagunartean betiere eta bakarrik nekez; bakartzeak eta autismo antisozialak asko haunditzen dute zurrutaren beharra). Gertatzen dena da botikak geurez sendatzeko daukagun ahalmen hori mozten digun bezala, zurruta sistematikoak kanpoko laguntzarik gabe txoro-haixeatzeko eta "lehorrean mozkortzeko" ahalmena kentzen digula, eta hola bihurtu gara eguneroko bizimoduan, edanerako denboraz kanpora, Historian ezagutu den jenderik motzena, lehorrena eta itxiena. Eta gizajendeak ez du beti "zeoze" behar izan; musika eta dantzaren bidez harrapatutako trantze hutsarekin mozkortzen ere jakin du, eta daki. (Bidenabar esanda: orain musika hanka-geldian eta oholtza bati begira entzuten da, zurrut eta zorrot gogorrean: nola bestela?) Ni ez naiz hasiko esaten jendeari zer egin behar duen, baina besteengandik tratu berbera eskatzen dut. Eta esplikazio eskerik gabe; eta epairik gabe; eta potro-ukitzerik gabe. Zeren jende jator asko baitago hemen beste mundu bat posible dela uste duena, baina gauza inposiblez beteta legoke beste mundu hori, itxura denez (eta inposibleetan inposibleena, nonbait, arrazoirik gabe edateari uztea); horixe da gure askatasun gosearen tamaina. Gehiago eta gordinago: geuk erabakitzen dugu geure gorputzeko zuloetatik zer sartzen den eta zer ez, ezta? Adibidez, norbaitek neure gogoaren kontra ipurtzulotik bere zakila sartzen badit, bortxaketa izango litzateke, eta sartu gabe ere, horri buruzko jardun astuna eta errespeturik gabea edo zirikantea ere gauza jasangaitza litzateke. Ba, ipurtzuloarentzat balio duenak ahoko zuloarentzat ere balio du. Eta ez diogu inori inongo esplikaziorik zor. Eta ez dugu inorengandik inolako epairik merezi. Argiago esan behar da? Nik ez dakit, jaun-andre edale normalok, zurrutarekin arazorik daukazuen edo ez. Dakidana da arazo galanta daukazuela edaten ez dutenekin eta edateari beren gogoz utzitakoekin. Dakidana da alkoholarekiko tolerantziaren neurrikoa dela alkohol gabeko jendearekiko intolerantzia. Zurrutaren inguruan sortzen den komunio hori haustea da, nonbait, barkatzen ez duzuena, eta badirudi edanarekin antzezten duzuen senidetasun hori zapuzteak ematen dizuela min. Edo bakarren batzuek komunio horren beharrik ez izateak zalantza sortzen ote dizue zeuen buruan, bihotzean eta gibelean? Mila aldiz aditu dut tabernan: hik ze ber dek? Eta horri "ezer ez" erantzun ezkero, esan nahi du ez dudala ezer behar eta —hau oso inportantea da— ez zaidala beste galderarik egin behar. Edale fededunok, gizaki normalok: ez beti da ez; lataputeik ez!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide