Maitane Subijana 'Puntuka': 'Biloen gerra!'

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 19a, 10:27

Udak patxada dakar askorentzat; iluntze luzeak, kresal usaina, txosna, terraza, izozkia eta kañak. Jendea umore onez dagoenaren sentsazioa dut, edo ohi baino umoretsuago agian. Ondo pasatzen saiatzen da jendea, "udan zaude, lasai", esaten diogu geure buruari. Baina, bitartean, nork bere kezkak ditu; zuk zure kezkak dituzun lez, eta pentsamendu galdu horietan sartzen gara. Uda da iazko prakak armairutik atera eta gerrikoan sartzearen presioa, ondo bezain eder. Horretarako ditugu mila dieta milagroso. Operacion bikini madarikatua, "operacion bi-niki" aditu nion behin bati. Dietek emakumeen gorputzak euren presondegi bihurtzen dituzte. Uda da goizean iratzarri eta eguzkiak irteterako hondartzara joatea, baina ez karramarro bila, eguzki izpi bakoitza xurgatzera baizik. Kremarik gabe hobe, beltzarantzea baita xede. Uda da zure buruari estriak dituzula gogorarazteko unea, eta hondartzara epaitua izatearen beldurrez joaten zaren urtaroa. Izterreko eta buruko estriak saihestu nahi zenituzke, desagerrarazi. Udak berarekin dakar min gozoa, min astuna, argizariaren bisita. Eta orain, minaren izerdi tantak barreiatzen dizu eskuineko izterra. Bilorik ez da onartzen udako klubean. Gizarteak kanporatzen ditu, eta zikintzat jo. Ileekin jaio garenean, ileak gure babeserako sortu direnean. Hiru, bi, bat, lehen tirakadak larrutu zaitu. Ahuldu. Tirakadak sentsazio gazi-gozoa utzi dizu. Gustatzen zaizu azalaren leuntasuna, garbi bezain eroso sentitzen zara kanon batzuen barrenean. Hondartzan eguzki lausoak albotik jo dizu, eta are eta gehiago maite duzu ilerik gabeko larruazala. Hurrengo bi asteetan, ordea, berriz ere gerraren hasiera dator. Nahasmen bat sortzen dizute barrenean, baina oraindik txikiak direnez kontrolpean dituzu. Hirugarren astean, ordea, ezinegona areagotu egiten zaizu, milimetroa handitzearekin bat. Edertasunetik aldentzen ari zarela gogorarazten dizu hondartzan alboan duzun kidearen izterrak. Telebistako iragarkietan oliotan blaitutako larruazal artifizialek garuna bonbardatzen dizute, zer esanik ez, etxe azpian duzun estetika zentruaz. Beheko mundutik hari begira zaudela badakizu hau guztia nola amaituko den. Besapeetakoak libreago uzten dituzu, disimulatu ditzakezulako, edota azken garai hauetan, gizarteak ere neurri jakin batean, baimen berezi bat eman dielako ile gutxi horiei. Horrela, zure burua engainatzen duzu, baina ez zaizu gehiegi axola. Autu iraultzaileaz arro zaude, horiek ere gehiegizko luzera hartu aurretik akabatuko dituzun arren, eta gerturatuz gero, pitzadura txikiak ikus daitezke, sustrai mingotsak. Horiekin ere baduzulako zure gerra. Orain luze eta orain motz, gaur ez, baina bihar akaso bai. Argizariaren usainak odola borborka jartzen dizu, eta gorputza dardarka. Izan ere, berak hiltzen dizkizu azaleko bizidunak, eta hor itxuratzen zara gezurrezkoa den pozean. Gogoan duzu ileak atera zitzaizkizun unea, gogoan lehen depilazioa. Haur izatetik heldu izateko pausoa ematen ari zinela sinetsita irten zinen kalera. Baina gaur emakumeak lehenengoz depilatu ziren urtea zein izan zen jakin nahi duzu. Noiz eta nork erabaki zuen, badakizulako emakumeok ez dugula praktika horri buruz erabakitzeko aukerarik izan. Ez zen urruti ibili Hollywood, ezta pornografiaren industria ere. 1988. urtetik aurrera alualdeko kalpar guztiak desagertu ziren porno industrien iruditegietan. Udan egin beharrekoen zerrenda luzea da, eta guztiak du edertasunarekin zerikusia. Kontrola ere baita gaur egungo aparientzia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide