Iñaki Segurola 'Puntuka': 'Zer da Ser?'

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 12a, 10:21

Profeta bat sortu da herrian. Esaerak dio inor ez dela profeta bere herrian. Esaera horri egiaren antz pixkat emanez, gizon bat desprofetatzera nator. JM Sarasolak seinaleak emanak zituen orain baino lehen. Hementxe adierazi zuen behin altzeimerra "opari bat" zela, eta hor hasi ginen ohartzen besteok ez bezalakoa zela gizona. Orain liburua egin du: Conoce tu Ser; eta hementxe bertan, joan den ekainaren 29ko alean, elkarrizketa edo autoelkarrizketa bat atera zen, eta hura irakurrita, ez dago dudarik koska izugarria dagoela haren eta gure artean: 400 bat orriko liburua "hamar egunetan" idatzi omen du, eta ez pentsa liburua huxkerien bilduma denik; hala dio elkarrizketan: "bizitzaren funtzionamendu guztia ageri da bertan", eta hori gutxi balitz, "pertsona batek bizi ditzakeen gauza guztien erantzunak daude liburuan". Bietako bat: edo jainko orojakile baten parekoa da gure gizona, edo nornahiren eskura ez dagoen ezohiko arnasa edo argiren batek lagundu dio. (Badaude gutxienez elkarrizketan beste bi esaldi hemen aitatzea merezi dutenak, bere jakinduria erabateko edo holistikoa zenbaterainokoa den erakusten baitigute; bata: "gaur egungo gazteek ez dakite zer sentitzen duten"; eta bestea: "bizitzan zehar gertatzen zaigun guztia eskertzera iristen garenean, arazo guztiak bukatzen dira"; goian esandako altzeimerraren adibidea hola ulertzen da, eta beste zernahi zorigaitzena ere bai; nonbait, zorigaitza, eskertu ezkero, zorion bihurtzen da, eta opari ere bai.) Liburuan, bere argazkiaren azpian, irakurtzen dugu: "Me llaman Jose Mari. Pero... ¿quién soy?" Lur-gaineko jendearentzat, "zein naiz ni?" galderak ez dauka zentzurik; gehiago: galdera bera gaixotasun seinale garbia da; ni edozeinek esan dezake bere buruaz, eta horrexegatik ez du galdera horrek erantzunik. Orain: profeta batek edo jainko-usteko batek agintzen badigu bere irakaspenekin galdera horren erantzuna aurkituko dugula, lortzen duena da gu bere bezero betiereko edo kroniko bihurtzea. Eta zer da Ser? Zer da liburuan letra haundiz —eta hizkuntza haundi batean, jakina— idazten duen Ser hori? Ba, gauza haundia dirudi, baina, berez, jatorriz, ez da ia ezer. Intsentsu filosofikoa edo gizen espirituala kenduta, ia hutsean gelditzen da. Berez, izan hori munduan hizkuntza batzuek bakarrik daukaten kopula edo lotura gramatikal hutsa da; ez du berez esanahi zehatzik, eta hala ere, greko pedante batzuekin hasten den espekulazio batek dena esanarazi nahi lioke, esanahi sublimeetan sublimeena eman nahi lioke. Eta, alde batera, normala da: berez esanahirik ez duenari ez da zaila zernahi esanarazten, eta dena esanarazten ere ez. Eta dena esan nahi duenak ez du ezer taxuzkorik esan nahi. Eta, hala ere, hitz gizenduek eta sublimetuek daukaten botere hipnotikoari esker, sentipena sor liteke benetako gauza sendo bati buruz ari garela, eta ia eskuz uki litekeen gauza dela. Gizon bat desprofetatzera natorrela esan dut. Esan nahi dudana da kontuz ibili behar dela gizaki sublimegiekin, bere buruarekin uste haunditxoa daukatenekin, eta dena dakitenekin. Jainko guztiak ez dira onak; ezohiko arnasak edo argiak ere ez dira beti ondo ari, eta gaizki ere jardun lezakete: profetek kontuz ibili behar lukete ze ezohiko argik argitzen dituen eta ze jainkozko lagunek laguntzen dien. Ez dut esan nahi JMS-k ezin lagundu dezakeenik liburu honekin, edo gauza onik ezin egin dezakeenik bere zentroan, antzokian, gogarte-etxean edo nonahi. Ez dut esaten txarra denik asmatzen edo antzematen. Gainera, sinisteko moduan esandako hitz polit potolo batzuek on haundia egiten ahal diote edozeini, zeren gure kontsolamendu premiak ez baitu mugarik. Baina asko antzematetik dena jakitera iristeko ("bizitzaren funtzionamendu guztia"), asko eta izugarri irristatu behar da, eta profetaren ofizioaren arriskuetako bat da gehitxo irristatzea eta ezerezkeria harro batean amiltzea. Gezurra badirudi ere, neuri ere lagundu dit profeta gureak: "sentitzen dugunari kasu gehiago egiten ikasi behar dugu", dio berak, eta "konturatu naiz beldurra dagoela gaitz guztien atzean". Honako hau sentitzen dudan bezala eta beldurrik gabe idazten lagundu dit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide