J.M. Olaizola 'Puntuka': 'Surfing'

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 28a, 09:50

Iazko azaroaren 12an Arkamurka Natura-taldeak ibilaldi geologiko bat antolatu zuen Luis Mari Agirrezabala zela ibilaldiko gidari. Ibilaldiaren izenburua zen: Pagoeta. Errezildik etorri zen mendia. Geologiak dio. Lehen begirada batean ez du zerikusi handirik idatziaren izenburuarekin, baina gerorako utz dezagun kontu hori. Data finkatzeko erabili nahi dut oraingoz, iazko azaroaren 12a, eta propaganda pixka bat egiteko: zenbat elkarte herrian borondate onez eta zaletasunez hainbat ekitaldi kultural eginez! Zaindu ditzagun mimo handiz, zain ditzala administrazioak mimo handiagoz, geure kultura kudeatzeko/autogestionatzeko tresna ezin hobeak baitira. Tira, amaitu da iragarkia. Aurrera kontuarekin. Azaroaren erdialdeko egun horretan, Aiara errepidetik jaitsi ordez, lehengo bide zaharretik jaitsi ginen, eta bidean sekulako altxorrarekin egin genuen topo. Baserri edo etxe baten atzeko aldean halako txabola edo eraikuntza batean ferratoki eder bat zegoen, harrigarriki ondo zaindua, ia osoa, bere txirrika, tornu, aziendak hankak jartzeko, uhal zabal eta gainerako tresneria guztiarekin. Irudimenari bere kasa lanean egiten utzita, pentsatu nuen Aian oraindik ere egiten direla idi-demak, eta hura izan zitekeela idiak ferratzeko Euskal Herriko azkenetako ferratokia. Alboan bazuen gestera bat ere, zorroztarri biribila esan nahi da, bere aska txikiarekin urarekin bustitzeko harri biribila, ferratze lanetan erabili beharreko tresneria guztia zorrozteko ezin egokia. Berandu genbiltzan eta beste baterako utzi nuen argazkiak ateratze-lana. Merezi zuen, ordea, ferratoki haren testigantza gordetzea eta joan den astean joan nintzen argazkiak ateratzera. Kosta zitzaidan sei edo zazpi hilabete lehenago ikusitakoa non zen aurkitzen. Bertako bati galdetu nion ea bazuen ferratoki haren berririk. Erantzun zidan: — Ez zekiat sartzerik izango duan. Orain beste batzuk erosi diate, eta hura zeharo aldatua zegok. Onartu behar dut burugogorkeria aspalditik padezitzen dudan gaitza dela, eta han joan nintzen berriz ere. Topatu nuen, kostata. Etxe inguruan zebilenak ingelesez egiten zuen komunikazioa zailtzeko moduan: ingelesez zerrau-zerraua. Etxearen atzeko alde osoa zutik jarritako surfeko oholez eta esekitako neoprenozko jantziz hornituta zegoen, nik aurkitutako ustezko altxor dotorea barne. Ez naiz surfaren aurka madarikazio gorritan hasiko. Surfing the Basque Country esaldi ezagunak oihu egiten dit dozenaka elastiko dotoretatik eta eguzkiak horitutako ilajea eta kakalardo beltzaren neoprenoz jantzitako neska-mutilak ikusten ditut kalean gora, kalean behera, olatuan gora, olatuan behera bezalatsu. Turismoaren industria asmatu dugu eta eginari eutsi, zer arraio! Nork hasi behar du garai hauetan egurra, ehungintza edo burdinaren lantegiak herrirako eskatzen Surfing the Basque Country bizi bagintezke, eta zertarako behar dugu ferratoki bat gurdiak garraiatzeko aziendarik ez badago inon? Dena dela, bada ondare deitzen dugun zerbait, eta ondare kulturalen artean bada ondare industriala deitzen dena ere, edo, kasu honetan, artisau-ondarea. Eta ondarea gordetzen ez duen herriak bere kulturaren memoria galtzeko arriskua du. Beraz, hemendik egokitzen zait eskatzea Aiako herriko arduradunei, zain dezatela (oraintxe arte) hortxe txukun gordeta egon den altxor txiki hori. Zer egin dezaket gehiago? Gauza gutxi, nik uste, hori eskatzeaz gain. Bitartean, ZARAUZKO HITZAn (zarauzkohitza.eus) argitaratzen dudan Antigoaleko Hiztegian bi hitz berri sartu ditut: ferratoki eta geztera. Zuloa egin, hitzak zulora bota eta lurrarekin estaltzen jardun dudala iruditu zait horretan ari nintzen bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide