Zaindu zure gorputzaren edertasuna, zaindu kideak, gurasoak, bikotekide eta haurrak. Zaintzaren arauan lehenengo lerroan kokatzen ditu besteak, gainerakoak, eta azkenik, denborarik geratzen bada zerrendaren amaieran zaude zu.
Zaintza.
Maite dituzu ondokoak, muxuekin goxatzen dituzu gure barrenak, zure gaitasunen gainetik babesten dituzu seme-alabak, bizitakoak bizi izanagatik ere senarrari gogorki estutzen diozu eskua ahalik eta maitasun handienarekin… Zure zaintzaren ingurukooi zenbat bider esan diguzun zeinen ondo egiten dugun hau eta bestea, zein ederrak garen, eta zenbat balio dugun. Gauzak gaizki doazenean ere horren gaizki ez doazela sinetsarazi diguzu, ez dela ezer gertatzen. Senarrari barkatu dizkiozun hanka-sartze oro, eta zu beti zutik, entzundakoak isilik. Bihar beste egun bat izango dela sinetsita?
Agian, bihar beste egun bat izango dela sinetsita.
Gutxiespen naturalak ene buruak estutzera garamatza, ene buruak amiltzera, zapaltzera. Ahanztera. Eta gaur, amona ez da bere izenaz oroitzen.
Zaintzak elikagarri behar zuen izan, baina itogarri da gure errealitatean, zapaltzailea gizarte patriarkatuan, eta gu katramilatuta gaude bizitzaren eszena honetan.
Amona, liluragarri zait zutaz ez dakidana, barruan isilik daramatzazun guztiak, bizitako gerrak. Jakin nahi nuke nork zaindu zaituen zu, eta non gorde dituzun negarrak. Minak eta isilik egon beharrak ekarri dizu gaitza. Jan zaitu, baina halere ahal duzun moduan eta zure neurrian zaintzen gaituzu, eta zaintzen duzu bera; aitona. Jada biena ez den logelatik irteten zara goizero, zure begi urdinek alboko gelan dagoen aitona ikusi nahi dute, eta belarria gerturatzen duzu senarraren sudur parera, arnasik hartzen ote duen jakiteko. Logelatik irteteko eskatzen dizu berak, baina zure barrenak errepikatu dizu bera zaindu behar duzula, etxeko neskame on bat bezala, une oro jarrera zainduz, une oro zauri hura neurtuz.
Ez zaizu kemenik falta, umorerik ere ez, baina orain hortxe ikusten zaitut zure burua haizeari ematen hasita. Zure burua haizeak eramanda.
Gu gara, zu zara, ni naiz koldarkeriaz edo ausardiaz eszena honetan dantzan dabilena. Batzuetan urrunegi iritsi garela uste dut. Ez diogu gure zaintzari lekurik uzten, ez dugu guretzat denborarik hartzen, eta hartzekotan ere, ingurukoak ondo daudela ziurtatzen dugu lehenbizi. Eta batzuetan askatasunean amesten dudanetan, topo egiten dut etsaiarekin. Patriarkatuak behin eta berriz errepikatzen dit zaintzera kondenatu behar naizela. Nire gorputza edertasun kanon zehatzen barruan zaintzera, ama ona izango banaiz seme-alabak fin maitatzera, etxea txukun eta senarra eroso. Gainerakoak errukia eta autogorrotoa ekarriko digu. Eskuan jarri zaigu gu hiltzeko moduko makineria, bortxa bakoitzaren errudun gu garela sinetsita. Amonak badaki honetaz guztiaz, eta orain ez du bere izena ere oroitzen.
Besteak zaintzen tematzen gara, gehiegi tematu ere. Naturaren indar baten kontra ariko bagina bezala, albokoekin konparatzen gaituzte, albokoekin konparatzen gara. Zaintzaren etengabeko lehian zutik egoten saiatzen gara. Hanka sartzean odoletan zipriztintzen gara, eta errepikatzen
dugu, zirkulu horri ihes egin ezinean.
Har ezazu goxoago zeure burua, konturatu inork ez zaituela zainduko zuk bezain ongi. Salba zaitez, salba zure burua, besteak ezin salbatuko zaitu eta. Honek guztiak nahitaez lehertu du, eta gaur amonak ez du bere izena oroitzen.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide