Izen eta itxura horrexekin ibili dira Sarean eraso edo jazarpen sexualen aitorpenak. Gehienbat emakumeek kontatu dute gizonen aldetik jasan behar izan dutena.
Segi dezagun kontatzen. Ofizialki gizona naizen partetik, ez dut uste egile/gaizkile moduan ezer berezirik daukadanik aitortzeko. Batek baino gehiagok esan izan dit ni marika nintzela uste zutela (eta ez naiz, praktikan behintzat); ez dute nonbait emakumeenganako amorru erasotzaile haundirik sumatu nigan. Horrek ez nau besterik gabe aingerutzen, badakit, baina neure ustezko errugabetasunari lagundu bezala egiten dio.
Eta gure borondate edo baimenik gabe bizitakoak kontatzen hasita, beste espezieetako «gizonekin» hasiko naiz. (Kontuz: orain datorrena gordinegia izan liteke jende helduarentzat.) Banengoen ni behin konpainia on batean, ohe-giroan, eta ohe-laguna M. txakurrarekin etorria zen. Halako batean txakurra arrimatu, eta ikusirik zakila harrotuxea neukala, asmatu du muturra sartu eta zakil hura miazten segundu bakar batez. Harritua ni. Txakur hori arra zen, eta beraz, segundu bakarrean esperientzia homosexual eta zoofiloz jantzi zuen nere biografia sexuala. Esker oneko oroitzapena gelditu zait M. zenarentzat. Beste txakur ar bat ere izan da nere bizian: ikusten ninduen bakoitzean bere hankartea nere hankaren kontra igurtzi arteko onik ez zuen izaten, behin eta berriro, neuk uxatzen nuen arte. Azkenerako astun xamarra egin zitzaidan A. txakurtxo arra.
Txakurretatik apaizetara. Don J.-k lepoa eta burua igurtzitzen zizkidan eta bere kontra estutzen gogo bereziz eta ia dardaraka bezala. Ondo sentiarazten ninduen. Asko maite ninduela iruditzen zitzaidan. Ez dakidana da haren hankartean ze su egongo zen. Horretan gelditu zen.
Marika jendeak eman dizkigu lanak guri; ez izugarriak ere, baina bakarren batzuk bai. Txikitan esaten ziguten J.L. gizon "arriskutsua" zela: holaxe, argitasun gehiago gabe. Motorrean ibiltzen zen eta behin atzean hartu ninduen, eta eskua nere hankartean jartzeraino iritsi zen. Bestalde, nik 18-20 bat urte nituela, bolada batean marikak ibiltzen ziren autostop egiten zuten mutilgaxteen bila, haiek hartu eta ahal zutena egiteko. Bitan tokatu zitzaizkidan parean, eta han ere eskua sentitu nuen pito gainean. Hura ere astun xamarra egin zitzaidan.
Ari gara gu ere gizonen aldetik jasan edo jaso behar izan duguna kontatzen. Eta emakumeen aldetik zer? Ba, zerbait nabarmentzekotan, beraiek horren maiz salatzen dutena: ipurdi-ukitzeak. Bitan behintzat gertatu zait, gogoratzen naizela: parranda giroan bata eta giro "terapeutikoan" bestea (azken hau atso zahar bat zen, eta "bai ipurdi politte!" eginez ukitu zidan huraxe). Eta hitzegin dezagun garbi eta hitzegin dezagun gixon: bi aldietan grazia egin zidan eta gustura sentitu nintzen. Eta gixon askoren irudipena da emakumeek salatzen dituzten atze-ukitze horiek, adibidez, ez direla salatzekoak ere, eta gauza onak eta gustagarriak direla, eta hartuko genituzkeela guk, edo ez ligukeela inportako, eta abar. Eta nik neuk ere pentsatu izan dut horixe berori, harik-eta beste marika batek argia ikusarazi zidan arte. Txarretik eta nazkamenetik, baina begiak zabaldu zizkidan. Marika hori laguna nuen, tipo astuna bihurtu zen arte, eta egongozo gutxikoa neretzat. Gure gixona larrutik eta gordinetik ondo osatua zegoen (dirua tarteko), baina gozo-falta izugarrian bizi zen, eta ni hartzen ninduen bere eskuz "goxo-goxo" ukitu, igurtzi eta heltzeko (hankartean ez beste guztian), eta bere betiereko kontu hipersexual betegarrien entzule izateko. Dena uzten nion hasieran gizajoari, baina azkenerako bete, ase eta aspertu egin ninduen, eta gizajoa zena naxkantea bihurtu zen neretzat. Bere igurtziak nazka ematen zidan, eta inbaditua sentitzen nintzen, eta erabilia, eta ia bortxatua ere bai. Eta orduan ulertu nuen zein den nesken salaketaren funtsa: gauza bat da inoiz edo behin gertatu dena, eta beste bat da gauza ohikoa, etengabekoa eta noiznahi gerta daitekeena izatea. Eta hori astuntxoa ez ezik, jasangaitza ere badela.
Eta nereak denborapaxako ipuintxoak direla ia, baina beste batzuenak benetako zapalketa direla.
Kontatuta gelditzen da, eta, bereziki, ulertuta gelditzen da.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide