Batzuek izugarrizko azkura ematen dute. Arropa erosi berriari hondo-hondotik moztu beharra izaten da. Bada ohituraz egiten duen jendea ere, automatikoki, arropa erosi eta, sast!, fuera etiketak. Barneko horiek traba egiten digute, baina harro erakusten ditugu kanpokoak. Zenbat eta marka garestiagoa, harroago. Batzuek, ordea, marken doako publizitatzaile izateari uko egiten diote. Ez dute publizitaterik egin nahi, baina paparra aldarrikapen sozial edo politikoetarako erabiltzen dute. Batzuek zein besteek zerbait adierazi edo aldarrikatu nahi diote munduari: nor garen, nor izan nahi dugun, edo zer nahi dugun; edo gizartearen aurrean nolakoak azaldu nahi dugun. Horretarako, geure buruari etiketak jartzen dizkiogu, besteen begietara
aski identifikagarriak izan gaitezen. Supermerkatuko produktuak bagina bezala.
Nabaria izaten da hori nerabezaroan sartzean. Aurreko astean, neskato kuadrilla bat tokatu zitzaidan oinez nire aurretik: Adidas zapatila berdin-berdinak zeramatzaten guztiek, galtza bakeroak, Kanken bana bizkarrean. Bistan da batzuek talde-izaera bermatzeko erabiltzen dutela arropa, eta taldetik bereizteko beste batzuek. Esaterako, Parisen oso modan daude Balenciaga etxeko kirol-zapatilak, inoiz ikusi ditudan oinetakorik itsusienak. Ai, getariarrak burua altxatuko balu! Baina nola hala adierazi behar gure identitatea hiri handi anonimo horietan. Eta Parisen Balenciagak jantzita daramatzana bada norbait. Edo hala uste dut behintzat. Herriotan, etiketa horiez gain, tatuaiak daramatzagu azalean errotuta, nahita ere erauzi ezin direnak; tribuaren aurrean nor egiten gaituztenak. Halakoren seme-alabak, lehengusuak edo lagunak gara beti. Halako etxetakoak. Hirugarren belaunaldiz ezizen bera daramagunak. Eta herri txikiotan tatuaiak nahiko ez, eta gainerakoei post-itak jartzen aritzen direnak ere ugari izaten dira. Neurri eta kolore guztietako post-itak, alajaina: "gizonzale amorratua", "mari-mutila, txiki-txikitatik", "marikoi puta bat".
Azalari itsatsitako anabasa itogarri horri ihesi, hiri handietara jotzen dute batzuek: identitatea zerotik sortzera, etiketarik gabeko harreman-sarea eraikitzera. Hirietako anonimotasunak prezio garestia izaten du, ordea, sarri: bakardadea. Izan ere, nola fida gintezke hiritartu berri garen herritarrok, nola, larruari erantsitako etiketa, tatuaia edo post-it bat bera ere ez daraman ezezagunaz? Bere bi abizen soilik ─eta bakar bat ere ez euskalduna─ dazkizkien pertsona horretaz? Familiako eta kuadrillako bazkaririk egiten ez duten espezimen horietaz? Ezin ukatu etiketa multzo horrek nolabait lasaitu ere egiten gaituela funtsean, seguru sentiarazi. Mesfidatiago jokatzen dugula ezezagunekin. Errezeloa sortzen digu kanpotik datorrenak. Beldurra etorkinak. Izua ezberdinak. Ala zure jarreran ez da aldaketarik gertatzen etorkin baten aurrean, euskaraz hitzen bat egiten badizu, edo euskaraz ikasten ari dela esaten dizunean? Benetan pozten zaituena haren integratzeko desira da? Gure euskara zaharrak hiztun berri bat lortu izana, akaso? Edo erosoago sentitu zara bat-batean zure solaskideak daraman etiketa ezagunaren aurrean?
Gure euskalduntasunak harrotzen digu paparra, agian, hainbat mendetako gure identitatearen zapalkuntzaren ondorioz. Atzerrian dezente ibili garenok ondo dakigu zer den euskalduntasunaren bandera ─edo ikurrina─ behin eta berriro astintzea, We’re not Spanish edo Nous ne sommes pas français hasten diren diskurtsoak buruz ikasi arte errepikatzea. Bai, esan dut lehen ere: ez da erraza etiketa horiek kentzea, antipodetaraino ere epidermisera ondo itsatsita jarraitzen digute. Baina zer esango dizuet ba: ezberdinak baino errezelo gehiago sortzen dit aspaldian geure-geurea dugun jatortasun horrek. Izan ere, ze ezjakintasun, ze beldur, ze aurreiritzi ezkutatutzen ditu bere baitan? Benetan ezagutzen ote dugu gure auzokoa gauero etiketa ezagun horiek guztiak erauzten dituenean? Badakigu benetan nor garen marka guztiez biluzten garenean? Larruazaleko seinale argidun horiek guztiak itzaltzen direnean?
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide