J.M. Olaizola 'Txiliku': 'Hitza'

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 31a, 09:56

Badira hitzak eta hitzak. Batzuetan, gauza bakar bat izendatzeko hitz mordo bat erabiltzen dugu. Hori askotan gertatzen da tabuekin, hitz zatarrak edo lizunak diren horiekin. Kaka esatea itsusia zela eta obramendu deitzen zitzaion sendagilearekin hitz egiterakoan, eta animalien genitalei natura albaitariarekin aritzeko. Alua ere hitz lizuna izango zen, zalantzarik gabe, eta hura ez esatearren mila forma asmatu ziren, pottinetik hasi eta zozoaren kabiarekin bukatzeko, edota zakila ez esateko, antxoa txiki bezalaxe esan zitekeen hankarteko estribiloa. Badira, baita ere, esaldi eta esamolde franko osatzeko balio dutenak. Horietako bat da hitz hitza. Norbaitek bi hitz esan behar dituela dioenean, berehala hasten gara berriketaldi luze samar bat entzuteko prestatzen. Badakigu ez direla bi hitz izango, eta esamolde horrek zerbait laburra adierazi nahi badu ere, maiztxo hitzaldi luzea izan ohi da bi hitz horien ondoren, politiko-jendea tartean denean, batik bat; bi hitz izan ordez, hitz-zaparrada esan beharko litzateke, edo hitz-aspertu bat, nahiz eta hitz-aspertuak lasaiagoak izan hitz-zaparradak baino. Neuk ere bi hitz esateko asmoa nuen artikulu honetan, eta begira… Hitza, hasierakoa letra larriz, gure egunkari partikularra da. Gure HITZA sortu genuenean, herrietara euskaraz hurbildu nahi genuen, herrietan gertatutako gauzen berri jaso, gure txokoetako kontuak ezagutu. Kazetaritza garbia nahi genuen, manipulaziorik gabea, eguneroko kontuetako morbotik urrutiratuko zena, zuria, beste zenbait egunkarik erabiltzen zuen horitasunetik urrutiratuko zena. Baina beldur naiz ez ote den oraindik ere jende euskaldun asko eta asko horitasun horren zaleegia. Txutxumutxuak maite ditugu, eskelak ikustea ezinbestekoa zaigu, inguruko trapukeriak ezagutzea atsegin dugu… Hau da, maizegi bi hitzetakoak gara, gauza bat esan eta beste baten irrikan egon ohi garenak, hitz zurikoak, zuriak. Hitz hitzarekin badira beste hainbat eta hainbat esamolde. Norbait oso berritsua denean, esaten zaio hitz-iturri bat dela, edota hitzontzi bat; eta hitz-motel edo hitz-totel da hitz egitekoan dena zuzen esan ordez, gehiago edo gutxiago, trabatu egiten dena. Badaude hitz goxoak, eta hitz gorriak. Norbait maldizioka ari bada, gorrian dabilela esaten da, hau da, hitz gorriak esanez. Esandakoari eusten dionari hitzekoa deitzen diogu. Euskaldun jendeak izan dugu hitzekoak izatearen ospea. Palabra de vasco ez zen bakarrik eskerrik asko; palabra de vasco zen emandako hitzari eustea. Idazki hau agertzen denerako ez dakit zer egoeran egongo den bi lehoiek zaintzen duten Carrera de San Jeronimo kaleko etxe santu hartako jendea. Euskaldunentzat, seguru asko, ez orain dagoen baino hobeto. Galtzaileekin elkartzeko edota haiekin tratuak egiteko abilidade berezia izan dugu beti euskaldunok. Beharbada, Rajoi jauna alde egina izango da, eta 2018rako aurrekontuak berriro egin behar direla esango du politikoren batek; edo ez, berdintsu dio, nik uste, ari garen konturako. EAJ/PNVk esana zuen 155. artikulua aplikatzen zen artean ez zuela PPren aurrekontuentzat baiezkorik emango, eta baiezkoa eman du. Hori hitza haustea da. Gauza itsusia oso, euskaldunon hitzeko jendearen ospea lurrera jaurtitze-bidean jartzen duena. Hitza hautsi esaten den era berean esan liteke emandako hitza jan, hitzari faltatu, hitza ez bete, hitzaren jabe ez izan, hitzari ez eutsi, hitza ez gorde, emandako hitza ez kunplitu… Esanda bezala, hitz hitzarekin esamolde ugari sor daitezke, eta azkeneko paragrafo honetan agertzen diren guztiak esanahi garbia dute: hori egitea itsuskeria galanta dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide