Gidaririk gabeko autoak, etxeak garbitzeko gure familiakoak bilakatu diren robotak, ordenagailuen pareko diren ordulariak, mugikor bidez ordaintzeko aukerak… zerrenda amaiezina. Aurreko adibideetako bat da: Amazon supermerkatu erraldoiak aurten zabaldu berri du kutxazainetan pertsonarik gabeko lehen saltokia. Erosleak dendara sartzean mugikorra eskaneatu behar du, nahi adina produktu hartu, eta irtetean nahikoa da mugikorra berriz ere sentsoretik pasatzea. Bingo! Ahalik eta modurik indibidual eta "alferrenean" zuretzak produktu bakoitza.
Orain arte kalera dirurik gabe irtetean ez zegoen tentaziorik, edo tentazioa egonagatik ere, ezin erosi. Zenbat onura dituen horrek. Baina kontrolatzen gaituzte, kontrolatu eta manipulatu. Mundua gobernatzen duten jauntxoek badute abilezia gure beharrak, desirak eta ametsak sortzeko. Sortu, eta "erosotasunaren" izenean gure besoetan jartzeko. Kapitalismoaren logikak asmatu du mugikor bidez ordaintzeko sistema.
Gogoan dut orain gutxi banketxean nintzela adineko emakume bat sartu zela, kontsulta bat egin nahi zuen leihatilan, baina horretarako makina madarikatu batean, harategietan egiten den bezala, txanda eskatu behar dela esan zioten. Ilara handirik ez bazen ere, ez zuten artatu. Adinekoa desorientatu xamar makinara hurbildu zen, egin behar zuenaren ideia handirik gabe. Ingurura begiratu zuen laguntza eske… emakume hark, eta nik neuk ere nahiko lan izan nituen makina harekin asmatzen. Baina honek guztiak are eta bazterrerago kokatzen ditu adineko asko, baliogabetu; kanporatu.
Gu baino azkarrago doan teknologiaren lagun izatera behartzen gaituzte, jada ez dago bestelako aukerarik. Bide hori hamaika traben gainetik saihesten ahalegindu arren, ihes horren amaieran galtzailea zeu izango zara.
Teknologiaren alde ilunaz ohartarazten duen telesail famatua da Black Mirror, muturreko egoerak azaleratzen ditu. Fikzioa da, baina oraingo honetan bai, errealitateak fikzioa gaindituko du; gurean baitugu Black Mirror. Gure bizitzak azkarrago doaz, makinek ziztu bizian ibiltzera garamatzate eta geroz eta zailagoa egiten zaigu gure gorputzean presente egotea. Gaur egungo haurrek ezin lezakete mundua mugikorrik gabe ulertu, pentsatzera iritsi naiz, agian, eguneko dosia «behar» izaten dutela.
Kritikatzen ditugu haurrak isiltzeko pantailatxoa ematen dieten gurasoak, baina geu gara pantailari lotuta gauden lehenengoak.
Korporazio multinazional erraldoiek gizakia berez denaren eta ez denaren arteko muga hautsi dute, gizateria erradikalki aldatu: postgizakia sortzen ari da. Transhumanismo izena jarri diote mugimendu zientifiko eta filosofiko honi. Ez gaixotasunik, ez minik, ez zahartzarorik, ezta heriotzarik ere ez omen du biziko "postgizakia" deituko diogun arraza berriak. Hilezkor eta jainkoaren pare?
Automatizazioak gure lanbide asko ordezkatu ditu, zientziak elikagai transgenikoak ekarri ditu, postgizakiak heriotzari aurre egingo dio… non egongo dira ametsak, gorrotoak, desioak, sufrimenduak berarekin dakartzan ikasketak, besarkadak eta tristurak? Zein izango da bizitzearen zentzua heriotzarik ez bada? Zeregin gutxi.
Eta makinak kontzientzia izatera iritsi eta gizakiari mehatxu egitera helduko balira?
Gizakiak sortu du teknologia, eta berak suntsituko ditu gure balio ederrenak.
Argiak itzaltzen ari dira emeki-emeki, eta gu hemen gaude, baina, arren, espero dut lehenago hilko naizela.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide