Miren Gorrotxategi.
Gurea baino eskualde erdaldunago batean hainbat urtez eskolak ematen ibilia naiz, tartean, euskarakoak. Gaztetxoek –mutilek nagusiki– adin jakin batetik aurrera gaztelaniarako zuten joera ulertu nahirik –eta haiengan eragiteko, noski–, askotan galdetu nien zergatik egiten zuten gaztelania erabiltzeko hautua. Hautua ez, ohitura zela erantzuten zidaten gehienetan. Errazagoa zela ohiturei jarraitzea. Oporrak hartzean eskola egunetako ohitura goiztiarrak alde batera uztea ez zitzaiela asko kostatzen ba, erantzuten nien.
Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza Azpeitian hitanoaren erabilerari buruz egiten ari diren azterketaren harira, antzeko elkarrizketak izan ditut egunotan ingurukoekin. Bai, onartzen dut hizkuntzen frikia naizela eta orduak pasatu ditzakeedala, esaterako, hitanoari buruz hizketan. Baina zein euskaldun euskaltzalek ez darama euskaltzain txiki bat zainetan? Tira, harira. Lagun batek –emakumea bera– adierazi zidan ez zuela hitanoa erabiltzen "ohituragatik". Orduan barnean daramadan andereño petrala azaleratu zen, eta esan nion halako erantzunik ez niola onartzen, arrazoitzeko zergatia. Ezagutza falta, nokako hizketarekiko ikuspuntu negatiboa edota harremanetan distantziak markatzeko zukarako joera suma zitezkeen haren erantzunetan.
Txikitan bagenuen jolas kurioso bat, andrazka deitzen geniona. Zukako hizkera erabili ordez alokutiboa erabiltzea zen gure jolasa, helduak imitatzeko. Adin haietan, hizkuntza ez zen guretzat jolasa besterik. Baina laster pasatu zen hizkuntza identitatea islatzeko tresna bihurtzera: mutilak biraoak botatzen hasi ziren gogor itxura izateko, baita zenbait neska ere. Mutilak toka hitz egiten hasi ziren haurren mundutik apartatzeko estrategia gisa; baita zenbait neska ere. Noka egiteko joera geroago errotu zen –eta gutxi batzuen artean soilik–, oker ez banago, eskolan hitanoari buruz egin genituen saio batzuk tarteko; hizkuntzaren erabileraren garrantziaz jada kontzientzia handiagoa genuen adin batetik aurrera izan zen.
Agian kasualitatea baino ez da izango, baina kuriosoa egiten zait adin bertsuan herri batzuetan nola mutilek gaztelaniara jotzen duten, eta gurean, berriz, hitanora. Soberan da esatea helduen munduaren isla baino ez direla gure txikiek egiten dituzten hizkuntza-hautuak. Ez naiz gaian aditua eta nire burutazioak baino ez dira, baina maiz pentsatu izan dut gure eskualdean euskara hain bizirik bada, hitanoari esker izan daitekeela, eta ez alderantziz. Izan ere, gaztelaniaara jo beharrik gabe, gaztetxoek euskarak eskaintzen dien beste kode erakargarri bat dute eskura, helduen mundura sartzeko bidea zabaltzen diena: tokako hizkera, alegia. Nokak gainditu ez duen mugarria da hori, bestalde. Horrexegatik, genero-pertzepzioen ikuspuntutik hitanoaren inguruan azterketa interesgarriak egin daitezkelakoan nago. Bada oraindik zer aztertu.
Pasa den astean Bereziartuak eta Muguruzak Gipuzkoko Hitzan adierazi zuten modura, hitanoa «Azpeitian ere ez dago erabat salbu». Ez hitanoa, ez euskara. Sasoi batean handinahiko adineko emakumeen erabilera esklusibokoa zela uste nuen euskainolerako joera hedatzen ari da gurean. Gero eta gehiago dira haurrei euskaraz eta euren artean gazteleraz diharduten gurasoak. Esaldi bat euskaraz eta hurrengo hirurak gazteleraz egiten dituzten gazteak. Nire kezkak ez du agian oinarri handirik, Uemak abenduan argitaraturiko datuen arabera, azpeitiarren %81,9k euskaraz hitz egiten baitute kalean; baina begirada zertxobait altxatzen badugu, bestelako errealitateekin ere topo egiten dugu: %50,5 baino ez dira Zarautzen kalean euskaraz aritzen direnak. Geure txikitasunean, askotan ahazten gara arnasgune batean bizi garela; hor kanpoan errealitatea oso bestelako dela. Jo ta fuego gazteleraz egiten zuten gaztetxo haiek ere esajeratutzat jotzen zuten nire kezka: "Lasai, Miren, ez da euskararik galduko, seme-alabak izaten ditudanean, nik euskaraz egingo diet behintzat". Eta horretan dihardugu, hizkuntza harribitxi hautsiezina bailitzan tratatuz, etengabe leunduz eta ezkoztatuz, goroldiorik ez irteteko egunero erabiltzea nahikoa dela ahaztuz.