Maitane Subijana 'Puntuka': 'Ezkontzearena'

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 26a, 11:20

Udaberrian omen gaude. Noizbait norbaitek ordena ezarri nahi izan zuen munduan. Sortu ziren arauak, norma estandarrak, ordutegi eta betebeharrak. Boteredunek maizenik. Ordena edo kaosa? Eta horrela martxoak 21etik ekainak 21erako egunak udaberri izenez bataiatu zituen baten batek: etiketa. Kexati ibili gara udaberria deitzen diogun garai honetan eguzkiak bazterrean ezkutatzea erabaki duelako, eta inork gutxik maite du bazterrean egotea, inork gutxik maite du bazterrekoa. Urte sasoi honekin lotzen dugu uda usaina, terrazen estreinaldia, txorien kantuak eta larunbatean herriko kaleetan zehar poteoan ari zarela topatzen dituzun ezkongaien agur festak. Horra: "despedidea, hauxe da despedidea, despedida honen tristea", Maurizia Aldaiturriagak bazekien zerbait. Pasa den asteburuan ikusi nuen lehen mozorroa, herriko tabernan nengoela han agertu zen gizonez osatutako lagun kuadrilla bat. Zalapartaka sartu ziren tabernaren barrura, guztiok jabetzeko moduan, geure arreta bereganatuta. Txakolina lagun zuten guztiek (badakizue behin Getariara etorrita edan beharreko praktika errituala bilakatu da), eta taldeko azken kidea sartzean jaso nuen lehen heriozko kolpea. Toreatzailearen arropa koloretsuak ez ziren oharkabean igaro. Ezkongaiak buruan zuen kapela beltza eta eskuetan bi ezten. Aise identifikatzeko moduko mozorroa, boterea eman zion trajeak. Uztailean ezkontzen da toreroa. Ezkondu aurretik agur festa antolatzeko ohitura madarikatua ere ezarri zen hor nonbait. Agur esan beharra ezkon aurreko bizimoduari, agur pagotxari, lagun taldeari, bazarenaren zati bati, lehengo zuari; bizitza bati, besterik gabe. Beldurtzen eta ernegatzen nau hainbeste despedida ikusteak, baina kezkatzen nau jendearen ezkontzeko beharrak, maitasunaren hierarkian ezkontzea gailurreko keinua balitz legez. Ongian zein gaizkian, osasunean eta gaixotasunean bizitzako egun guztietan besteari leial izatera kondenatzen zaren une hori. Baina badaezpada festa giroan ospatzen da, ez gaitezen asalda. Elegantzia eta lurrin usainak, makillaje eta trajeak; guztia da zuzena, guztia dago okey. Izeba langabezian, lehengusua prekarietatean, baina hala ere bazkaritarako ez da falta kabiarra. Ezkongaia aldarean traje zuri luzez "mozorrotuta", hori da birjintasuna eta purua dela erakusteko modua. Eliza katolikoak garbiaren dogma onartu zuen, eta zuria garbitasunaren ikur bihurtu zen. Zenbat protokolo bestea maitatzeko, kidearen dependentzia maitatua sentitzeko. Hor hasten da norberaren askatasunaren galera. Agurrak eta sakrifizioak. Egongo da hori ukatzen duenik, baina orduan zein da agur festak antolatzearen funtsa? Udaberriko mozorro festetan pagotxari egin beharreko agurraren beharra? Desio duguna desiratzea ez da kointzidentzia askea, ezkontzea praktika askea ez den bezala. Zertarako ezkondu egingo baituzu bekatu. Ondoren datorkizu ezkontzearen infernua, koldar izateak dakarren eternitatea. Aitaren eta semearen izpiritu santu guztiek madarikatuko zaituzte, errosario guztietan ere emakume guztiek ez baitute zu madarikatzeko adina botere. Amen. Fededuna izan ez, eta elizaz ezkondu, orduan bai infernu bikoitza. Beti da kontu bera, tradizioaren izenean, amen. Baina lasai, ikusiko ditugu mutilak neskez jantzitako mozorroekin, toreatzaile eta artaldeak, baita plastikozko zakil ugari ere. Dena den hemen guztiok gara aurrerakoiak, ez fededunak, baina eliza eta traje zuriak egun horretan badu bere xarma. Orain aurreskua dantzatu ordez atzeskua dantzatu beharko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide