Jabier Larrañaga diputatuaren iritzia: 'Apurtu klixeak'

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 25a, 10:14

Javier Larrañaga Finantza eta Ogasun diputatuak 'Berria' egunkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau. Errenta aitorpenaren kanpaina hasi dela-eta aitorpena euskaraz egitearen garrantziaz hitz egin du.

Pasa den astean kalean topatu nintzen aspaldiko lagun batekin. "Hombre, Jabi, zer moduz?". Pozten ginen elkar ikusteaz, eta ohiko komentarioak eta ohiko galderak egin genizkion elkarri. "Orain errenta kanpainarekin eta, a tope ibiliko zarete, ezta?". Hau ere ohikoa, urtearen sasoi honetan. Gaia atera zenez, galdetu nion ea zein hizkuntzatan aurkezten zuen aitorpena. Euskaldun zaharra, etxean eta lanean euskara erabiltzen duena da nire laguna. "Errenta? Erdaraz motel. Badakik, gauza hauekin, segurura... Badaezpada ere!". Elkarrizketak zer pentsatua eman zidan. Jakina da Ogasun arloari dagokionez, beste hainbat alorretan bezala, euskara normaltasunetik urrun dagoela oraindik ere. Baina, aipatutako kasuan bezala, egoeraren erantzukizunaren zati bat gugan dago, gure aurreiritzi eta beldurretan, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala ikusi eta gauza "serioetan" aritzeko mugak dituen erreminta bezala ikusten dugulako. Egia da fiskalitateaz aritzeak baduela bere zailtasuna, euskaraz edo beste edozein hizkuntzatan jardun. Hiztegi propioa du, teknizismoz betea, eta horren bueltan lan egiten ez duen herritarrari arrotzak egiten zaizkion kontzeptu abstraktuz betea. Gainera tartean diru kontuak egonda, askok eta askok "segurura" jotzen dute: gaztelaniara. Eustaten datuen arabera, gaur egungo Gipuzkoako biztanleriaren erdia euskalduna da, eta horietatik %70ek erraztasuna dute euskaraz edo euskaraz zein gaztelaniaz egiteko. 215.000 pertsonaz ari gara. Errenta kanpainan, ordea, 58.000 pertsonek bakarrik aurkeztu zuten aitorpena euskaraz 2016an, hau da, aitortzaile guztien %15ak. Badira pozteko arrazoiak ere: hamar urte atzerago egiten badugu, euskaraz aurkezten ziren aitorpenak osoaren %6,4 besterik ez ziren, eta, beraz, horrek esan nahi du hazten ari dela gure hizkuntzaren erabilera alor honetan. Bilakaera positiboa da, behintzat. Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Berria.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide