Maitane Subijana 'Puntuka': "Zain egotearena"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 15a, 09:48

IRITZIA. Maitane Subijana. Puntuka

X beti heltzen da lekuetara hitzordua baino lehenago, itxarotera kondenatzen dute une horiek denak… Hasiera batean, kideak metroa galdu duela uste du, orratzak aurrera doazen heinean haserrea areagotu eta "beti berandu dabil" esaldiak burmuina bonbardatzen dio. Jarraian, lekua eta ordua birritan errepasatzen ditu. Mugikorra hartu eta whatsapp mezurik ez (Whatsapp mezua diot, gaur egun inor gutxik deitzen baitu). Zerbait pasatu ote zaion ere pentsatu du, baina keba. Azkenean, beldurra da garaile. Ahaztua izateko beldur igarotzen ditu minutuak X-ek. Izan gara noizbait X. Batzuetan esperoa ezin dezakegu saihestu, baina bestetan guk erabakitzen dugu, itxaroteko desira dugu eta borroka horretan darraigu. Itxaronarazten gaituenak une eta leku batera lotzen gaitu. Itxarotea da auto ilara luze batek ondotik dakarrena, ikasgelan besoa jaso eta irakaslea zugana heldu arte igaro beharreko unea, itxarotea da dutxara sartu aurretik urak zure gustuko tenperatura hartu arte pasatutako minutuak… Badira eguzkiaren zain bizi direnak, edota udaren zain daudenak ere, horrek maiz opor usaina baitakar. Itxaroten diogu, kideari, udaberriari, janariari, herritik joateko aukerari, loari, Lanbideko ilarari, iratzargailuari, besteari, presoen irteerei, emakumeek mundua gobernatuko duten garaiari, nire buruari, zorte onari, mina pasatzeari, haize boladak utzitako sarraskiari, atsedenari, suizidioaren arrazoiak ulertzeari, heriotzari, off eta lerro zuzenak. Dei bati, mezuei, besarkada bat, muxua, eta aspermenari (aspertzea ondo ikusita dagoen lekuren batean, jada aspertzen ere ez baita uzten, edota ongi ikusten). Itxarotea eta itxaronaraztea. Esperantza da batzuetan; ilusioa eta itxaropena. Beldurra bestetan; dardara eta jakingura. Imajinazioan dugu askotan, artifiziala izan daiteke, baina era berean zehatza. Garai teknologiko hauetan ere, mugikorrak ez gaitu zain egoteak sortzen duen inpotentziaz libratu,  alderantziz, esperoaren fabrika bilakatu dira, eta engainatzen gaituzte. Zure buruari ezin diozu aitortu menpeko zarela, zain zaudela. Barne gerran darraizu, pentsatuz uneren batean esperoari amaiera ezarriko diozula. Zuk zeuk ere sinesten ez dituzun arrazoiak barneratu nahian. Gizakia munduratzen den lehen unetik ezkontzen da denborarekin, erlojuari men egitera behartzen da. Horrela, inposaketaz betetako mundu honetan itxarotea erresistentzia modu bat bihurtzen da, pentsamendu utopikoko gure lehen praktika. Wilhelm Genazino idazle alemaniarrari honela irakurri nion behin: "Haurrak dira itxaroten onenak, oraindik ez baitute itxaronaldia mesfidatzen, kulturalki ez baitute kemen falta moduan ikusten". Hala ere, txikitan ere zenbat alditan entzuten ote den "bihar ikusiko dugu", "handitzen zarenean" edota antzerako esaldiak. Geroan dago saria, eta etorkizun horren zain dagoenak behin eta berriz izango du bidegabekeria bat jasaten ari denaren sentsazioa. X-ek zain pasatzen ditu minutuak, orduak, hilabeteak, urtaroak, urteak; bizitza. Zerbait gertatuko denaren zain, ala zerbait amaituko den zain? Paradoxa. Agian, biak gauza bera dira: amaitu behar dena bukatzen da, besteak kanporatzen duenean. Etorkizunera bota ohi du aingura, galeraren koreografia behin eta berriz entseatzen du, baina azkenean bizitza horrela igarotzen ari zaio. Eta zain dagoenak, inkontzienteki bada ere, beti du abandonatua izateko beldurra. Zer dago gure esku? Nor dago aske? Aske dena ezta libre.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide