Artikulu honek atzo irten behar zuen, baina gaur ari zara irakurtzen greba feminista bat izan zelako atzo. Greba edo planto egin zuten emakumeek* atzo, eta "emakume*" idazten dut, izartxoarekin, grebaren aldekoek holaxe idatzi izan dutelako, esplikatuz "sistema bitarraz gaindi, askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak garela".
Atzo nere eguna ere izan zen, martxoaren 8an jaioa bainaiz eta gainera ostegunez. Emakume baten kontrako intsumisiozko ekintza bat eginez etorri nintzen mundura, gure amak nexka nahi baitzuen, eta ez nere moduko mutiko edo zismutiko bat. Eta bai: emakume ezin esango dugu garenik hola-ta-hola, baina izartxoak duda eginarazten digu, eta ezin esan liteke horren garbi emakume* ez garenik ere.
Oso mutikotan harrapatu ninduen amak ispiluaren aurrean ezpainak pintatzen, eta hala bota zidan: "zuk Inaxita izenbertzendun!" Bidenabar esanda, errudun sentiarazi ninduen, jaiotzean neuk zerbait gaizki egin banu bezala. Gero, bestalde, ez dakit nondik nora, baina nerabexaroan, bolada batean, uste edo errezeloa izan nuen "barrutik" emakume ere ba ote nintzen; hau da: hanka-arteko zintzilikarioez gainera, gauza gehiago ere izan ote nitzakeen barrurago edo. Ez zen disforia bat; ez zen euforia bat; baina halaxe zen. Gehiago: bolada hartan xarri-xarri botatzen nuen odola sudurzulotik, eta sinistuta egon nintzen hura zela nere hilekoa.
Baina emakume* izendapen horren azpian erdi eroso sentiaraz nazakeen gauzarik pisuzkoena da gizon-gauzak ematen didan atzerakada eta izua. Gizona betidanik sentitu izan dugu gauza lehor, serio, beltz, gogor bat bezala; "gizontasuna" aditu eta trixtura sentitu izan dugu, pentsatuz bereziki hori zela guretzat markatua zegoen bidea: bide beldurgarri bezain iritsi-ezina. ("Gizon izatea: ez ba!!") Egia da nik umetan eta gerotxo ere oso idealizatuak neuzkala neskak, beharbada arrebarik izan ez dudalako: uste nuen neska denak txintxoak zirela eta, adibidez, ez zutela sekula puzkerrik botatzen; ahots fina eta polita zeukatela denek, eta bai: nexka ez izanaren penatxo bat izan nezakeen, gogoan izanik barruan ume bat sortzeko ahala, eta batzuen ipurdirainoko tximak, eta, geroago, emakume multiorgasmikak, eta abar eta abar: gauza askotxo izan dira emakume izatea desiragarri egin digutenak eta, esanda bezala, gizon izatearen izuari gehitu behar zaizkionak.
Gizontasunaz gainera, gizonkeria dago, eta gizonkeria horren adierazpide gorena da bortxaketa. Gizonezko orok galdetu dio noizbait bere buruari ea norbait (bereziki emakume bat) bortxatzeko gauza izango litzatekeen ala ez. Baina kontuz: ezezkoan ustez sendo gaudenok ere ez gaude geure buruak oso xantu egiteko moduan, zeren ez baitugu sekula jakingo gure ezezko hori bihotzeko edo barruko zerbait den, ala den, besterik gabe, holako trantze batean badakigulako ez litzaigukeela zakilik gogortuko. Gizontasunaren eta gizonkeriaren zainak oso barruan jaiotzen zaizkigu, are gizon-gorrotoko emakume* sentitu ezinik ez dugunoi ere.
Emakumeok* badakigu gizonaren boterea eta ahala ezinaren gainean eraikiak daudela: maitatzeko, gozatzeko eta jolasteko ezinaren gainean. Ezin hori gizarte osora zabaldu arteko onik ez du patriarkatuak. (Ordainetan agintea, dirua eta izena eskaintzen ditu, eta irabaztunentzat bakarrik.)
Eta emakumeok* badakigu feminismoak on haundia egin duela, eta emakume askori lagundu diela beren buruari eusten eta beren buruak gozo hartzen, eta ahalduntzen eta ez haurduntzen bakarrik, eta geuri ere zabaldu dizkigu begi batzuk oso makartuta geneuzkanak, eta hola. Baina feminismoak arazo bat dauka, eta arazoa ez da "femin": arazoa da "ismo"; eta ismo guztiek bukatzen dute etsaiaren antza hartzen, arrazoi osoaren jabetasuna eskatzen eta askatzaile izatetik zapaltzaile izatera igarotzen. Horra arazoa eta arriskua: gizonaren lehorkeria trixtea imitatuz, kirtentzea, zakiltzea eta astapotrotzea.
Atzo behar zuen honek eta gaur irten du. Atzo nere eguna zen, eta gurea ere bai.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide