Gogoratzen dut duela urte batzuk armairutik irtetea erabaki nuen une hura: "aita, ama: begetarianoa naiz". Haurrak izan orduko disgustuak bata bestearen atzetik pilatzera kondenatuta zaudete, gurasook! Begetarianoak garenon bidea ere ez da ordea batere samurra okela-jale amorratuon herri honetan: "Baina oilaskoa jango duzu, ezta? Ezta urdaiazpikorik ere? Nola arrainik ezetz! Arraina ez da, ba, haragia!". Euskal Herrian begetarianoa izateko, ezinbesteko bi baldintza hauetakoren bat bete behar da: tona bat pazientzia edo guztiak popatik hartzera bidaltzeko abilezia. Hala ere, euskaldunaz gain azpeitiarra bazara, aurrekoa ez da etxekoei edo lagunei eman diezaiekezun albisterik latzena, beste hau baizik: "ez noa gehiago sokamuturrera". Erantzunik ez. Begirada sinesgaitza. Amorratua. Halako batean: "Nola? Sokamuturrera ezetz? Vade retro!". Hekatonbea.
Nahiko nuke esatea sokamuturrak ez didala halako zirrararik eragiten. Umiliazio ikaragarria iruditzen zaidala zezena kalean gora eta kalean behera mihia kanpoan ikustea. Iraina deritzodala ondotik pasatzean agure batek aterkiarekin animalia jotzeari. Errespetu falta, haurrek koloretako espraiaz zezen koitaduari bizkarra margotzeari. Ohitura arbuiagarria dela guztiz. Usadio atabiko mespretxagarria. Besterik ez. Baina sentimenduekiko leiala banaiz, onartu behar halako zirrara bat ere sentitzen dudala, txiki-txikitatik barruan errotu didatena. Dira dira zezenak dira. Ipurtzulua itxita hamar egunian, zezenak izan ziran iriki zanian. Zein ederra litzatekeen koherente izatea, oholesiaren alde batean edo bestean uste sendoz neure ideiak defendatzea! Egi absolutuen soineko opakurik ez dut inoiz jantzi ordea, eta, urteak aurrera, barne-zalantzak gero eta ageriagoan ari zaizkit gelditzen. Eta ideia batekiko koherente izatea baino, nahiago dut neure buruarekiko zintzo jokatu, eta hementxen dala, hementxen dala entzuteak sabelean kili-kili egiten didala onartu. Baina horrek ezin du justifikatu gure dibertimendurako izaki bizidun bat odol-lerdea dariola kalean gora eta kalean behera erabiltzea. Ea jaisten garen behingoz gizakion hegemoniaren zalditik.
Baina bada gailentasun hori zalantzan jartze soilak ezinegona sortzen dionik ere. Nagusitasunaren egonkortasuna kolokan jarriko dioten beldur dela esango nuke. Izan ere, bada Azpeitian agertzen eta desagertzen den horma-irudi bat, sokamuturreko zezena irudikatuz, lepotik soka duen haur batena. Artista ezezagunak irudia margotu duen aldiro, beste norbaitek berehala estali egin du. Iñigo Aranbarrik "gerra txiki bat" baino ez zela zioen Berrian pasa den otsailak 18an Banksy Azpeitian izenburupean idatziriko artikuluan, "ikusleari begietatik sartu eta barruan lehertzen zaion bonba". Baina, dirudienez, zezenaren irteera iragartzen duten etxafuegoena da batzuk entzuten utziko diguten leherketa bakarra. Hemen ez da zentsura instituzionalik egon, herritarren bat izan baita artelana ezabatu duena. Bai, Aranbarrik zioen bezala, gerra txiki bat da Azpeitiko muralarekin gertatu dena, baina sintomatikoa, nolanahi ere. Zumaian gertatzen dena haratago doa, ordea. Erriberako horman, arte-lanak udaletik debekatzen dituzte ordenantzen atzean babestuta, espainiar estatuak rap-kantariak zein txiolariak zentzugabeko legeen babesean kartzelaratzen dituen bezalaxe.
Erriberan azkena zentsuratu duten murala, martxoaren 8ko grebarako deialdia babesten zuena. Baina hik bultza gogor hortikan, bultzako zionagu eta guk hemendikan. Ikusiko den nola nola laster eroriko dan. Eta, horretarako, egin dezagun indarra. Egin dezagun greba. Artistok, jarrai ezazue hormak margotzen eta kontzientzia lokartuak astintzen. Ea noizbait lepotik estu-estu lotzen gaituzten soka horiek sentitzen hasten garen. Eta ahotsik ez duten eztarri horien bueltan jartzen ditugun sokek ere berdin-berdin estutzen dutela ea behingoz ohartzen garen.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide