“Egunero, dena okerrago, egunero…” zioen Hertzainak taldeak. Esaldi horretxek berak laburbiltzen du Lurraldebuseko erabiltzaile garen getariarrok pairatzen ari garen egoera.
Negu gorriak bere aurpegia erakutsi du otsaila hasiera honetan. “Sinestezina da oaindik nolatan ez denen/deken ezer pasa gure bide honetan…” Ohiko komentarioa ahoz- aho autobus geltokian, aterkien azpian babesten ginenon artean. Deabrua aipatu orduko… Otsailaren 6an, Zumaian, azken egunetako etengabeko euriteen ondorioz, menditik lur zati eskerga jauzi zen errepidera. Hortxe hasi zen getariarron kalapita… “Akabo, hemen gaitun/k beti bezela, Getaya erdiyan tzion/k ta adios!”
Ordutegirik ez, ea nork asmatzen duen autobusa noiz datorren…
Errepidearen itxierari buruzko berria entzun orduko gutako asko kopetilun. Lurraldebusera deitu eta euren erantzuna honakoa: “Ez dakigu autobusa zer ordutan pasako den, autobusik egongo den…”. Asko eta asko gara zerbitzu hau erabiltzen dugun getariarrak, ez baitaukagu trenik. Zortzi orduz lanean aritu ostean, Zarautzera iritsi eta jakin ez autobusik izango dugun edo ez… Noski, Getaria herri txikia izanik, lau sagu direnez, ez du axola!
Ordutegia bai, maiztasuna ere bai?
Egun pare bat igaro ostean…Eureka! Ordutegiak jarri dituzte! Begiratzen hasi orduko, kezka nagusi gure barrunbeetan…15 minuturo busa egongo zela esan ziguten eta hemen ordu erdiko tarteak agertzen dira… Bezeroen arreta telefonoaren bestaldeko pertsona ere aspertu zen getariarron kexak entzuten eta erantzungailu automatikoak zigun ihardetsi: “Linea colapsada”… Ordu erdi busari itxoiten…Getariarrok elkarri gure penak kontatu eta umorez hartzen saiatzen ginen arren, askotan ez zen erraza izaten, hotz eta euria goitik behitik sentituz.
Etekin ekonomikoa ote helburu?
Arrazoiketa “sendoa” ondorengoa: “ Zerbitzuen maiztasuna murriztu dugu, gastua suposatzen baitigu etengabe ibilgailu bat jartzea aurrera eta atzera Getariara, aurreikuspenek diotenez hilabete itxita egongo baita errepidea …” Azalpen honek, (hainbat arlo publikotan gertatzen den bezala) honakoa hau duda mudan jartzera bultzatzen nau: zerbitzu publikoa izanik, etekin ekonomikoa lortzea ez da beraien xedea…edo bai? Betiko leloaren, betiko leloa.
Gidarien jarrera…
“Eneee unuzkeo majiñat txoferrek belarriyak gorri-gorri eukikoxkiñe gure marmarrakin!”. Gidari batzuen jarrera bikaina izan arren, askoren jokabidea onartezina izan da. Lan baldintza kaskarretan dabiltzalako edota erreta daudelako…Minutu batengatik itxaron ez, erantzun txarrak…
Guzti hau aipatuta, ERRESPETUA eskatzen dut garraio publiko honen ohiko erabiltzaile naizen aldetik. Herri txikia gara, ados. Horrelako gertaerak naturaren esku daude hein batean (gizakiok etengabe burutzen ari garen suntsiketari buruz hitz egiteko tarte handiagoa beharko nuke). Baina honek ez du inondik inora ere justifikatzen guri horrela ibiltzeak.
Esan bezala, egunero erabiltzen dut autobusa lanera joateko. Orain arte lasai irakurtzeko, berriketan gustura aritzeko edota lokuluxka goxo bat botatzeko probesten nuen bidaia ordea, umore txarrez eta tentsioz betetako momentuan bilakatu da.
AHT bezalako makroproiektuetan (horren inguruko eztabaidak ere luze joko luke…) burubelarri aritu beharrean, hobe lukete herri txiki zein hirietako loturak hobetzea lehenetsi.
Arrain handiak txikiak jaten du…