Maitane Subijana 'Puntuka': 'Goyaren arrangura'

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 15a, 10:02

Hollywoodek hasieratik eraiki zituen aktoreek jarraitu beharreko irizpideak, genero bakoitzari rol zehatz batzuk ezarriz, zereginak jaio orduko banatuz. Eraikitako iruditegi horren erreprodukzio gara. Emakumeak zuriak, heterosexualak, ile-horiak, sexualki erakargarriak, baina ez putak, ausartak, baina ez oldarkorrak. Horra, Femme Fatale! Merkatuari amen. Sekula gizonen gainetik jarriko ez zen emakumea, ezarritako botere banaketa austuko ez zuena: aske ez dena. Guztiek izango duzue Marilyn Monroeren irudia gogoan. Estereotipo horien preso zen bera ere, eta hortik ihes egiteak heriotza zekarren eskutik. Los Angeleseko hotel bateko logela batean aurkitu zuten zerraldo. Arketipoek akabatu zuten, arketipoek akabatzen gaituzte. "Happy Birthday, Mr. President", Marilyn Monroe. Orain bi asteburu Goya sarietan abaniko gorriak nagusi. Abanikoak bai. Biharamunean sare sozialetako argazkietan ikusgai izan genituen, ezinbesteko izan zuten arktoreek "#masmujeres" leloko traola erabiltzea, salaketa horren konpromisoa azaleratzea. Ekintza super modako feminista bihurtu zen, gure artean egiten ditugun beste hainbat bezala. Engainuzko matxinada antzuak. (Ezin ahaztu Handiak Goya jo zuela, historiako hirugarren pelikularik sarituena bilakatuz, gora euskal zinea!). XXXII. edizio hau historiako gala feministena bilakatu nahi zuten, baina badaezpada aurkezle lanetan gizon bi. Nominatuta zeuden 135 pertsonetatik, soilik 30 ziren emakumeak. Jaun-andreok aurtengoan emakumeak erdian kokatu nahi zituzten… baina 30 emakume horien erdiak aktore lanengatik izendatu zituzten. Emakumeak eta aktoreak, emakumeak eta lirainak, emakumeak eta zapalduak, emakumeak eta soineko dotoreak. Aktore izan nahi ez duenak zineman ez al du lekurik? Non dira? Non gaude? Ez dago emakumerik musikan, animazioan, efektuetan, muntaian… emakume izate hutsagatik, eta alderantziz. Gizonak esparru horietan daude zakila dutelako, zakila izanik baliorik gorena: falozentrismoa. Nahiz eta, Marxek hori ukatu eta uste izan gizonak ekonomia aditurik onenak zirela, kapitala eurek zutelako. Edota filosofo ospetsuek (Platon, Kant, Aristoteles, Freud) esan gizonak jakintsuagoak zirela. Hegemonikoak dira. Oraindik ere esango dute hau guztia esajeratzen ari garela, hau guztia eskuetatik joan dela, eta orain guztia dela matxista, baina hainbeste anorexia, hainbeste depresio, hainbeste zapalketa eta biolentzia guztiz egiturazkoak dira. Eta zoritxarrez, Goya hauetan bezala, itxurazko ekintza feministek ideia horiek hauspotzen dituzte. Interesaren kiratsak eternitatearen usaina du [errefusa]. Zer ikusten duzue, zer mundu? Pentsamenduak deszifratu nahi nituzke. Baina zuek lasai, aurtengoa "#másmujeres" lelopean bataiatu dute, Ernesto Sevilla eta Joaquin Reyes aurkezleek umorez blaitu zuten gaua, umore txarrez, umore matxistaz, eta hau izan da historiako gala feministena. Feminista izan ez dena. Tristeena da zenbait jendek hori horrela ikusi ez izana. STOP alfonbra gorriak, soineko eta takoiak. Ez gaude obeditzeko, ez bizirauteko. Baina nik neuk ispiluak lotuta, itotasunez estutzen zait bularra. Eta ihartutakoan, eguzki, ur edo babes faltan makurtu den arrosak bezala, errubakoak ere makurtu du. Zer litzateke inori men ez egitea? * Orain artekoa nire erosotasunetik, emakumea naiz, eta zuria. Esan gabe doa, martxoaren 8an nazioarte mailan EMAKUMEOK* PLANTO. Bete ditzagun balkoi nahiz leihoak amantalez, jantzi besoko moreak eta bete ditzagun kaleak 12:00etan eta 20:00etan gauzatuko diren mobilizazio nagusietan. Eta zu prest al zaude?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide