Tituluan idatzita dagoen bezalaxe gelditu zait josia betiko. Eguneroko ogia eta eguneroko egia. Biak leku berean erosteak gehiago batzen ditu bi eguneroko horiek.
Urteetan gure gorputz-arimetako alimentuak horiek izan direla pentsatu eta ez naiz batere harritzen ikusirik zenbateraino garen itsusitu eta lerdotu. Jaten dugun hura omen gara; ahotik bezalaxe begi-belarrietatik jandako hura izango gara.
Behin idatzi nuen ogia zela jendea tontotzeko aurrenetako inbentua, eta anorexia, berriz, funtsean, bere umearen ahoa ogiz ixildu nahi lukeen amaren kontrako kasketa kosmikoa. Gehitxo esatea izango zen seguru asko, baina gehiena jaten den ogi zuri industrialari buruz duda gutxi dago: gari txarra batetik (ez zeliako ofizialentzat bakarrik), legamia txarragoak, ahal den irin apurrenarekin ahal den ogi gehiena ateratzeko eran, eta emaitza moduan alimentu eskas bat, baina jan-erraza, asko jateko diseinatua eta egun batetik bestera alferrik galtzen dena. Azkar eta gaizki egindako ogi horrek hesteetako flora izenekoari egiten omen dio kalterik haundiena, eta tripa hazi eta puztu egiten omen du, eta beharbada hortik dator ogi zuri industrialak jendea geldotzeko eta tontotzeko duen bertutea; hau da: hesteetako neuronei egiten dien kaltetik, orain "bigarren burmuina" deitzen dioten horretan egiten duen hondamenditik. Odolean pilarazten duen glukosa, azukre edo gozoari dagokionez, berriz, ez omen dauka txarrean kokakolaren inbiririk. Motxean esanda: ogi zuri industrial egunerokoa da alimentu txarra, erraz alferrik galtzen dena, puztutzen eta haixeatzen gaituena, baina erraz eta asko jateko pentsatua eta adiktiboki barrugozatuz tontotzen eta geldotzen gaituena.
Zer esango dugu periodikoaren gainean? "Eguneroko egia" dela esan dugu lehenago, eta horrek gogora ekartzen dit beti honako gertakari hau: XX. mende hasieran Gipuzkoako bazterren bateko baserritar letragabe batek ikusi du aurrenekoz egunkari bat, eta halaxe egin omen zuen oso harriturik: "baña ba al da munduan oinbeste egi?" Ez: ez da munduan hoinbeste egia, ez hurrik eman ere, baina bada leku gehienetan periodiko zuri bat, gehiena saltzen dena eta diru zikinenaren zerbitzaria eta mandataria izan ohi dena. Eta horixe da gure arteko gehienen espirituko alimentua, jateko ogiarekin batean erosten den arimako ogi egunerokoa. Eta hain da ogiaren parekoa, non hartaz esanak balio baitu eguneroko ogi letrazkoarentzat ere: periodikoa da gure espirituarentzako alimentu txar eta eskasa, hurrengo egunerako alferrik galtzen dena, puztutzen eta haixeatzen gaituena eta erraz eta asko irakurtzeko pentsatua, adiktiboa eta jakin-uste goxo batekin tontotzen eta usteltzen gaituena. Ogiaren kalteaz jabetu denak pentsatu behar du horixe bera dela periodikoak espirituan egiten dion kaltea, eta periodikoaren kalteaz jabetu denak beste horrenbeste, baina ogiarekin.
Badakit badaudela alternatibak eta gaitzerdiko ogi-periodikoak; gutxiago puztutzen eta tonto-gaixotzen gaituztenak. Eskuen artean daukazun hauxe da bat, paperean ikusten ari bazara behintzat, zeren zortzi orrialdetan eta lau egunetan irtenez ez baitago kalte izugarririk egiterik. Hauxe eta hau barruan hartzen duen bestea, astean sei egunetan egiten dutena; horiexek dira nere egunkari ez-egunerokoak. Batetik, lotsatutako hizkuntza batean idatziak daude eta, bestetik, ez dute sekula eguneroko egia zuri industriala kontatuko eta haundikeriaren txikizioa kantatuko, berez behintzat. Eta ogiari dagokionez, zer esan haundirik ez daukat: ez dut ia batere jaten, zeren ez baitut sekula gustukoa izan, ezta umetan ere.
Ez zait ego-haizerik harrotu barruan: ez dut esan nahi besteak bezain itsusia eta lerdoa ez naizenik edo bihurtu ez naizenik. Beharbada ni berez naiz gehienak baino itsusiagoa eta lerdoagoa, eta horregatik jarri behar izan diot neure buruari dieta gastronomiko eta espiritual estuagoa: ogiye batere ez eta periodikue dagoen meheena eta arinena.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide