Miren Gorrotxategi 'Puntuka': 'Piropoak? Ez, eskerrik asko'

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 1a, 09:51

Hoteleko harreran nago check out-a egiten. Egonaldi atsegina, harreragile adeitsua. Maleta polita dudala esan dit. Oh-oh. Hortik ez, txikito. "Ez da polita den bakarra, ez" jarraitu du. Eta ezin izan du bere barrurako gorde: "Zeu ere oso polita zara". Esan behar zuen. Botalarria. Eskerrak eman eta presaka alde egin dut. Neure buruarekin haserretu naiz segidan: eskerrak eman, gainera? Hi zanpana al haiz? Metrora noa: jendez leporaino beteta dago. Gizon bat tokatu zait ondoan. Bagoia zertxobait hustu da, baina niri nahiko pegatuta jarraitzen du tipoak. Eta garraio publikoetan neskei ukituak egiteko aprobetxatzen duten horietako bat bada? Lasai, neska, hiri honetako gizon guztiak ez ditun eta lerde-jarioak izango! Baina seigarren zentzumenak esaten dit argi ibiltzeko tipo horrekin. Urduri nago, edozein momentutan oihuka hasteko pronto, gehiegi hurbiltzen bazait. Bihozkada dut, zerbait ez doa ondo. Urrundu nahi dut, baina bagoia maletadun bidaiariz beteta dago. Neurea jarri dut bion artean. Orain lasaiago nago. Bat-batean, bagoitik korrika irten da tipoa. Ez nau ukitu, ez. Ukitu ere egin gabe ostu dit ordea mobila, kabroiak. Behin Erdialdeko Amerikara bidaia bat antolatzen ari nintzela, lagun batek —gizona bera— neure kasa zergatik ez nintzen joaten galdetu zidan, neu bakarrik. "Neska naizelako" erantzun nion. Ez zen erantzun zuzena izan: erantzun behar nion Estatu Batuetan gizon igeltseroek piropo lizunak bota dizkidatelako, Marokoko eta Tunisiako gizonei "hainbat gameluren truke erosiko zaitut" ateraldia askotxotan entzun diedalako, Italian gizonek kaletik pasatzean txaloak jo izan dizkidatelako, herrialde horretantxe behin putatzat hartu nindutelako, baita Frantzian beste behin ere. Jarrai nezake zerrenda luzatzen bisitatu dudan herrialde bakoitzarekin. Eta gurean? Hemen ere zakurrak oinutsik, baina beste baterako utziko dut hori. Bestalde, zenbat emakumeri irakurri diogu "me too" edo "niri ere bai" sare sozialetan? Nesken ausardia goraipatu da bizi izan dituzten bortxaketak eta gehiegikeriak publiko egin dituztelako. Aupa zuek, bene-benetan. Neu ez naiz gauza, jasandako hitzezko bortxa horiez harago, ezer publiko egiteko. Baina, ba al da salbatzen den emakumerik, eraso fisikoak edo ahozko indarkeria inoiz jasan ez duenik? Halakorik jasan ez duela uste duen emakumerik bada, Rosa Luxemburg-en esaldi famatu hura gogoraraziko nioke: mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Eta eman diezaiogun orain buelta asuntoari. Izan ere, emakume erasotuak badaude, gizon erasotzaileak ere badira nonbait. Zergatik ez dute gizonek ere ausardiazko jarrera hori hartzen? Hau da, zergatik ez aitortu, esaterako, inoiz kalean neskaren bati piropo lizunen bat bota izana? Ez da potrorik, ala? Esan dut nire buruarekin haserretu nintzela harreragileari erantzun onik botatzen asmatu ez nuelako. Baina arazoa ez naiz ni. Harreragilearen jarreran zegoen arazoa. Gizonengan dago arazoa. Zuongan. Ez agian egiaz guztiongan, baina bai potentzialki. Etxera gauez bakarrik itzultzen ari den neska batentzat, esaterako, edozein gizon ezezagunen presentzia izan daiteke mehatxua, haren presentzia hutsak beldurra eragin diezaioke. Ez dakit gizonok horren jakitun zareten. Patriarkatuaren gailurretik hori ikustea posible den. Amaitzeko, Hollywooden hautsak harrotzen ari den gaia ezin aipatu gabe utzi. Sharon Stone aktoreari duela egun batzuk egindako elkarrizketaren bideoa ikusi berri dut, eta zinema-industrian jazotzen diren eraso matxistez galdetzean, barrez lehertzen hasten da emakumea. Baina zergatik galdetu emakumeei erasorik jasan duten? Sentsazioa daukat berriro ere nolabait arazoaren muina emakumeengana bideratzen dela. Zergatik ez galdetu gizon zinemagileei inoiz emakumerik erasotu duten? Aulkian ezeroso mugituko lirateke gezurren baten ostean, edo Stonerenaren moduko barre sarkastikoren bat lortuko genuke gehienez. Baina aski da. Nazkatuta nago hatza beti biktimaren gainean ikusteaz. Pasa dezagun pilota teilatuan dagokion aldera. Zuon, gizonon eskuetan dago orain. Baina, egia esan, egon da inoiz beste lekuren batean?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide