Beste behin Sarek antolatutako manifestazio jendetsua izan zen Bilbon. Berezia, asteartean Ur handitan saioak Motxiladun haurrak gertutik ezagutzeko aukera eman baitzigun, bestelako indar batekin joan zen jende asko. Barrenak nahastuta, amorratuta, baina elkarrekin indarrak batu ziren gure hiriburu zaharrean. 95.000 pertsonatik gora, Motxiladun haurrak protagonismo bereziarekin, problematika hau ilunetik argira igarotzeko beharrarekin. Behar bat, eskubide bat.
Goizean goiz iritsi zen albistea, Frantziako estatuak Euskal presoak Euskal Herritik gertueneko espetxeetara hurbiltzen hasiko dela jakinarazi zuen, poza antzematen zen inguruan, ilusioa, irribarrea batzuei ezpain ertzean; etorkizuna. Kasualitatea ere bazen herritarrok deiadar egin behar genuen egunean heldu zela albistea. Ikusteko dago urratsak noiz egingo dituen, eta ikusteko dago ere zein izango den Madrilen jarrera, baina Espainiako Gobernuari mugiarazteko garaia iritsi zaio. Bihar ez dadin gaur izan.
Presoen seme-alaben bizitza ozpindua, minez, erresistentziaz, umilazioz zenbaitetan, penaz bestetan. Airean ezkutatuta egon den errealitatea.
Demokraziaren gerra hotza.
Malen, Gari, Hize, Adur, Haizea, Amaiur, Maddi eta Xare, aupa zuek, zuek eta beste 105 motxiladunak, 113 motxiladun daude Euskal Herrian; ETArekin lotura izatea egotzita espetxean dauden presoen adin txikiko seme-alabak. Ur handitan saioan ikusi zintuztegun, negar egin genuen, baina zuen indarrak irria ere eragin zigun. Handiak, eta ausartak.
Haurtzaroa kendu dizuete, zigorra ezarri zaizue, inposaketa, galdera asko zuen barnean, eta halere bihotzez hitz egin duzue, inor epaitu gabe, naturaltasunez, egiaren ertz bat azaleratzen. Zentzuaren eta bihotzaren logikak zuen irriak erakutsi zizkiguten.
Pazienteki itxaroten dutenean, negarrak irentsiz, argi mehe baten pean.
Kilometroak, distantziak, argi natural falta, grisa eta hotza. Horiek espetxearekin lotzen dituzten hitzetako batzuk.
Ez da erraza umeak tartean direnean paternalismoan ez erortzea, bihotza hunkitzen zaigu eta babeserako joera atera.
Baina Madariaga eta lan talde osoak ederki eutsi zion gaiari, eta ertz asko baditu ere, heldutako ikuspuntua txalogarria izan zen.
Euskal Telebistaren batez besteko ikusle kuota laukoiztu egin zuen Ur handitan saioko kapitulu honek, (aprobetxatuz, esan, ETBk irakurketa bat egin beharko lukeela, eta berraztertu zein diren jendearen intereseko diren gaiak, aspaldiko trikitixa emanaldi, mariatxi zein antzerako saioez gain).
Izandako oihartzuna dela eta, hainbat ikusle eta herritarrek programa itzultzeari ekin zioten eta jada zazpi hizkuntzatan jarri dituzte azpidatziak. Ahots hauek egin dezatela bidea eta munduak izan dezala bidegabekeria honen berri.
Testigantza hauen zain egon da Euskal Herria, hemen bizi gara, gurea da, eta ezagutu beharrekoa. Orain artean eman al zaie esperientzia/ ZIGOR hori kontatzeko aukera?
Bizirauten, zigorrarekin bizitzen ikasten, obedientziaz, boterearen azpian, diskurtso patologikoan dihardute. Batzuk debekatzen diete direnak izatea ere, horra Covite eta PP (eta ez hain urrunekoak ere); mendekua. Utzi zentzurik ez dutenei balak botatzeari, oinazerik ez duten arrazoiak ezartzeari… Epaitu dute, baina hain zuzen ere kate publiko baten lana da errealitate desberdinak kontatzea, azaleratzea eta orain arte erraza izan ez den arren, hau ere euskal herritarron errealitatea izanik, bada garaia hitz egiten hasteko.
Zer axola dio noren seme-alabak diren, arazoa ez dago hor, arazoa haur hauen etendako bizitzetan dago. Inolako errurik gabe errepideetan sartutako ordu guztiak; injustizia honetan giltzapetuak. Mundua ez dugu den bezalakoa ikusten, gu garen eta gure pribilegioetatik baizik, ikasi dezagun besteen azalean jartzen.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide