Iñaki Segurola 'Puntuka': 'Azpeitiko badiatik'

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 11a, 09:55

Nere gogoenean edo mundualdian hiru izan dira estatuak fusilatutako herritarrak: Otaegi 1975ean, eta Aizpuru eta Isart 1984an. Aurreneko hura agerian edo aitortuta, eta beste biak ezkutuan eta gezurpean. Gezur hori argitzeko saio askotxo egin dira urteetan, eta azkena Pasaiako badia izeneko dokumentala. Ni 1975ean mutikoskorra nintzen eta artean "gutarrek" egindako guztiaren alde egoten nintzen; 1984rako galdua nuen zeharo «borroka armatuan» noizbait izandako uste ona, eta iruditzen zitzaidan funtsean jarduera horren ondorio politiko nagusia zela onak (zapalduak) txartzea eta txarrak (zapaltzaileak) ontzea; eta ahulak ahaldundu bezala egiten zituela aurrenean, baina indartsua indartu besterik ez zuela egiten azkenean. Baina horrek ez digu gaur inporta: estatuaren praktika hiltzaileaz ari gara, eta ez estatuak hildako horiek egin zutenaz. Inporta duena da estatuak, edozein estatuk, hil egiten duela edo egin dezakeela, legearen barruan edo bazterretan, agerian edo ezkutuan, eta horrek negarra zabaltzen duela herriaren bihotzetan, gure bihotzetan, eta... bai, barkatu beharko didazue 'herriaren bihotza' eta 'negarra' aitatzea, e?!: badakit askotxorentzat hola hitzegitea ez dela egokia eta ez dela balekoa ere; askotxorentzat edo, hobeto esanda, gizontxo askorentzat, hau politika da, eta politika iraultzailea da, eta hizkuntza lehor-gogorrean hitzegin behar da, eta jarrera lehor-gogorrak erakutsi, eta abar luze, gogor eta bihotz-gogor bat. Pasaiako badia ikusi eta hurrengo egunetan bi lagunek galdetu zidaten ea zertara joan nintzen Soreasura dokumental hori ikustera. Ze? near itea jun al hitzean? Dokumental horrek, beraiek ikusi ez zuten dokumental horrek, bazekiten, bestek esanda, ez zituela "autonomoen mugimenduaren" nondik-norakoak behar bezala azaltzen, eta horregatik, izan zezakeen balioa zela oso eskasa eta negartibo hutsa (oraintxe sortu zait hitza). Eta gelditu nintzen pentsatzen zer ote zeukaten gizontxo gogor hauek negarraren kontra. Eta bai, betikoa izango da: negarra ahulkeria da, emekeria da, umekeria da, amakeria da... eta ez dira konturatzen kontrakoa dela: negarra indarra da, zeren negarrak arindu eta argitu egiten du barrua, eta gero, eta horrexegatik, erraztu egiten du indartzea edo indarberritzea. Eta emanber, gixon begi-lehor hauentzat, negarra negar hutsean gelditzen dela erremedio gabe, eta, barreak ez bezala, beste ekintza oro ukatzen duela, eta hori ere ez da hola: negarra jaiotzen den iturri berean jaiotzen da borrokarako grina ere, edo ez oso urruti behintzat; negar-malkoek berekin duten gatza ere ez da zapalketaren kontra egiteko behar den gatzagandik oso desberdina... eta hola. Bai: near itea jun nitxian, baño ez nian bate iñ. Neu ere nahi baino gixon lehorragoa naiz. Eta, halaz guztiz ere, estimatzen dut negarra. Maite dut negarraren hezea, bustia, gazia eta grazia; esplikazio lehorren lehorkeria geza baino mila bider gehiago, inondik ere. Dokumental horretan ez dago hildako militanteen atzean dagoen mugimenduari buruzko esplikaziko sakonik. Bidenabar, ezta hiltzaileen atzean, edo barruan, edo gogoan dagoenari buruzkorik ere. Ez dago dena esplikatzen duen kausarik, kontesturik, arrazoi sozio-historiko-politikorik eta holako erretolikarik. Ez nuen holakoen faltarik sentitu. Gero-eta sinistuago nago holako eta bestelako mugimenduak ez direla sortzen arrazoi jakinengatik, baizik-eta, nolabait esateko, armazoi ezjakinetatik; hau da: zergatik-eta-hargatik edo zeba-eta-haba. (Gerora agertzen dira beti aditu arrazoijabeak, gertatu eta gero ikusten dituztenak "hor zeuden arrazoiak", baina gertatu aurretik ere hor egon behar zuten arrazoiak inondik ere ikusi ez zituztenak, seguru asko gero asmatuak izan zirelako.) Dokumental horretan ez dago ezer indartsuagorik eta sakonagorik Rosa Jimeno oriotar militante torturatuak negar-zotinka esandako hitzak baino: beti goatuko naizela, ta eztetela superatuko! Badelako indar heze bat, indar gazi bat, indar jauzkari bat, gixon burutsuen gogortasun eta lehortasun motza baino mila bider indartsuagoa eta indargarriagoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide