Mahats aleren bat kontrako eztarrian, haurrak lo erreta, Mister Beanen enegarren errepikapena… Hori da zerotik hasteagatik ordaindu beharreko prezioa. Iritsi baita urte berria, eta, harekin, kontadorea zeroan jartzeko garaia. Zorionekoak gu, jada ez baitute kontatzen "kalte egingo dit baina" esan ondoren jandako polboroiek, ezta duela urtebete ezarri eta bete gabe gelditutako asmo onek ere. Ailegatu da berri-usaina darion orri zurian idazten hasteko ordua, geure buruari promesak egitekoa. Biztanleriaren ehuneko laurogeia omen da urte berrirako asmo onen bat ezartzen duena. Zuk ere hitzemango zenuen, akaso, ordainduta duzun gimnasioari probetxu handiagoa ateratzen hasiko zarela behingoz. Astelehenera arte itxaron gabe, bihar bertan dietari ekingo diozula, bai horixe. Amaierarik gabeko eztabaidetan ez egoskortzen saiatuko zarela aurten. Familiarekin denbora gehiago pasatuko duzula aurrerantzean. Urtez urte atzeratu duzun bidaia hori egingo duzula edo, aurten bai, amesten duzun ikastaro horretan izena emango duzula. Reset botoiari sakatu eta zerotik hasiko zarela. Urtean behin, hobeagoak izan gaitezkeela sinesten baitugu. Merezi dugula pentsatzen dugu, eta aldaketa posible dela esaten diogu geure buruari. Gu berri batekin amesten dugu urtearen lehen orduetan.
Baina xanpainari burbuilak joan ahala, Gabonetako apaingarriak kaxetan gordetzeko ia astirik eman gabe, kontadorea klik egiten hasten da ezinbestean: euria aitzakiatzat hartuta gaur ez zara korrika egitera joan, Urteberritan sobratutako pastelak ateratzen dituzu bazkalostean —ezinezkoa da Erregeak pasatu arte dietan hastea— , semeari errieta egin diozu ontzi-garbigailua ganoraz betetzen ez dakielako, Telecinco jarri duzu Durangoko Azokan erositako liburu horrek zeharo katigatzen ez zaituelako. Albistegietan klik egiten segitzen du kontadoreak matxismoak eraildako lehen biktimarekin, klik lehen lan-istripuarekin, klik urteko lehen gezurra dioen politikariarekin. Urtarrileko egunak ez dira oraindik bi digituetara iritsi eta urte berriak mundu zahar honetan zer eginik ez duela konturatzen zara: lehengo lepotik duzuela burua, bai zuk eta bai munduak. Reseteatzeko botoiarena kontu hutsa dela, Olentzero edo Errege Magoak bezala. Haiei idatzitako gutizien zerrendak ezertarako balio ez badu, are gutxiago etorkizuneko gu horri idatzitakoak.
Asmo onak kaleak apaintzeko Gabonetako argiak bezala desagertzen dira, ia inor konturatu gabe. Baina ez horregatik adoregabetu: jakin ehunetik hamabik bakarrik lortzen dutela asmo on horiek betetzea. Neuk, egia esan, lanak izaten ditut aurreko urtean ezarritako asmo onak gogoratzen ere. Behin tiradera batean topatu nuen aspaldiko zerrenda bat pilotatxo egina, ez nuen gogoratzen inoiz idatzi nuenik ere —sarri hobe izaten da Gabon zahar gauean eginak eta idatziak ahanztea—. Lortutakoak zerrendatik ezabatu eta armairu baten hondoan gorde nuen papertxoa, etorkizuneko nik egunen batean zerrendako hitzak marratzen jarrai zezan. Baina errealistagoak izanda: ez litzateke eraginkorragoa zerrendak hilero egitea? Esaterako, zenbait lagunekin "egin behar dugu afaritxoren bat" esatetik egitera hilabeteak pasa daitezke; ez hilabeteak bakarrik, baita urte osoa ere. Ostera, "hil honetan afari bat egingo al dugu?" esatean, guztiak agenda dantzatzen hasten dira egunen bat adosteko. Izan ere, hilabeteko epeekin hobeto moldatzen gara. 365 eguneko nebulosa horretan, berriz, asmo onak pikutara joan daitezke. Loteriako Gordoa bezala da, kopuru abstraktua. Hileroko zerrendak eraginkorragoak liratekeela deritzot: ez lirateke hain frustragarriak izango, eta, gainera, despistatuok ez genituzke gure asmoak hil bukaerarako ahantziko.
Beraz, asmo onak haizeak eraman ez ditzan, idatzi ezazu zerrenda hori. Ahal bada, hilero, eta horri gehitxo baderitzozu, egin urtean behin. Txarrenera ere, hurrengo urtean berrerabili ahal izango duzu.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide