Maitane Subijana 'Puntuka': "On-Off"

Urola Kostako Hitza 2017ko abe. 14a, 09:54

On eta Off, Off eta On. Botoi bat izan daiteke hauen arteko zubia. Piztuta eta itzalita. Bata egon daiteke goian, behean bestea. Beharrezkotzat dugu bat, bestea ez sarritan. Garai batean kokatzen dugu bat, iraganean; gaurkoan bestea. Atzerakoia bata; aurreratua, modernoa bestea. Bata munduan; bestea mundutik aparte, mundutik kanpo. Konektatuta edo etenda. On, Off elkarren osagarri? Agian, gaur jada ez. Korrontea ezarri da, eta guk jarraitzen dugu. On ala Off nork kontrolatzen du? Eta nork pizten du? Nork piztu zuen lehenengoz ON hori?  Noizbait gaur eguneko Off, garai bateko On izango ote zen? Nork kontrolatzen gaitu? Eta guk inor kontrolatzen al dugu? On-Off horra gakoa, baina zein zuzena? Bata, ala bestea? Badugu aukerarik? Eta zu nola bizi zara? OON- off. Ezagutzen al duzu zure inguruan off-line bizi denik? Errealitate birtuala dugu pantailaren bestaldekoa, edo, agian, birtuala hitza kendu eta pantailaren bestaldekoak gure benetako errealitatea irentsi du. Pantailak gure barrenak bereganatu ditu. Bi bizitza paralelo ditugula entzun nion behin bati. Pantailaz kanpo bizi duguna (apurrik geratzen bada) eta pantailaren bestaldetik duguna. On, Off. Uki dezakeguna, eta ukiezina. On-ek une berean, eroso eta azkartasunez gauzak egiteko aukera ematen digula saldu zaigu, alde onak bilatzen ditugu, irensten ditugu, eta sinetsi. Kontsumoa. Nor noren menpe? Gu On-en menpe, On gure menpe? On; gure eguneko droga dosia. Off; lasaitasuna eta isiltasuna maitatzen den unea gutxi batzuentzat, amildegia, gehienentzat. Gizarte autista. Autista zu, eta autista ni. ON dira 40 urtekoak, 12koak, 60koak, 35ekoak, 22koak, 9koak, 3koak, 80koak, 18koak, 1ekoak… guztiak, guztiok. «Jaio - Musika - Hil» ezagutuko duzue  Berri Txarrak taldearen esaldi famatua. Jaio - Konektatu - Hil orain agian. Non dago Off eta On egotearen arteko oreka?  Noiz bilakatzen da neurrigabekeri? Noiz da pribatua? Eta noiz publikoa? Pertsona batek egunean 150 alditan kontsumitzen du mugikorra, hau da, denbora dugun tarte guztietan, denborarik ez dugunetan ere bai akaso. Autobusean, lanean, bazkaltzen, telebistaren aurrean, komunean, lagunekin kafea hartzen ari garela, lorik egin ezin dugunean, edota norbaiten esperoan… ezin bakarrik bizi, ezin off bizi. ON, OFF. Beti zain izango dugu baten bat ON dagoena, bestaldean. ON, ona al da? Konektatuta, nondik deskonektatu naiz? Ezin denean konektatuta egon. Errealitate birtualean ezkutatzen gara bizitzaren beldur? Zauriak eta deformazioak erraz disimulatzen ditugu pantailaren bestaldetik? Nahi dugun hori izateko iruditegia sortu dezakegu?  Beste norbait izateko aukera ematen du. Perfektu izateko nahia eta presioa. Zenbat beldur. On- Off. Baina pantailaren bestaldekoak ez du usainik, ez formarik, ez arnasik, ezta nortasunik ere. Hutsa, urruna, materiala, hotza. Zenbat une eta bizipen galtzen ditugun On gaudela, eta zein ederra den Off gaudela gertatzen den guztia. Badugu guztia argazkitan jasotzeko moda, moda ala izurritea. Edertasuna erakusteko beharra. Has dezagun esperimentua. Astebetez off bizitzen? Erronka handiegia akaso, egun bat? Zakurraren putza. Minutu batzuetan bederen? Ezin hori ere, hau idazten jada On bainago. Ezin duzu nahi duzuna egin? Tranpaz eta engainuz josten dugu gure bizitza. Eta zuk, segi On, begira egongo ez bagina bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide