Gaur hiritar zintzo asko zubi-gainean dago, dabil edo datza, eta hori da atzoko eta biharko jai haundiei esker: bateko Konstituziyo eta besteko Kontzeziyo. Zubi-azpitik bezala jardutea tokatzen da gaur.
Atzokotik hasiko gara: Abenduak 6, 1978. "Espainiako herriak" referendumean onartzen du konstituzio bat, gizon ahaljakintsu batzuek Madrilen idatzia. Hala dio 1. artikuluan (itzulpen ofizialean): "Espainiak zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa eratzen du"; eta 2. artikuluan: "Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen da, hura baita espainiar guztien aberri komun eta banaezina". Urte batzuk dira ohartu nintzela gauza xinple batekin, eta hain da xinplea non ulertzeko zaila egiten den. Ea asmatzen dugun: konstituzio horren zainak konstituziotik kanpora daude. Estatua "eratzen" duen Espainia hori zer da?, non dago? Ez dago konstituzioan; lehenagokoa da, kanpoan dago, zeren hark baititu Estatua eta bere konstituzioa eratzen: ideia metafisiko, etniko edo esentzial bat bakarrik izan liteke, baina ez gauza legezko edo konstituzional bat, inondik ere. Konstituzioa "oinarritzen den" Espainiako nazioaren batasun zatiezin hori ere ez da gauza konstituzionala, zeren konstituzioa "hor" oinarritua baitago eta, beraz, "hori" ez dago izatez konstituzioan, baizik-eta lehenago edo kanpoan (edo inon ez, jakina). Konstituzioa oinarritua dago, erremedio gabe, gauza inkonstituzional, akonstituzional edo estrakonstituzionaletan: Espainia, nazioa, batasuna, zatiezintasuna, aberria eta banaezintasuna, gutxien-gutxienez; bi artikulutxotan bakarrik dozena-erdi bat esentzialkeria etno-metafisiko! Konstituzio bat "oinarrizko legea" omen da berez, baina oinarrizko horrek oinarrian ez du legerik, baizik eta fede bat, edo asko. Korapilo honen ezina, beste era batera adierazirik: konstituzio batek zerbait konstituitzen baldin badu, konstituzio horren aurretik, logikoki hitzeginez, bietako bat: edo zerbait dago edo ez dago; zerbait baldin badago, konstituzioak ez du ezer egiten, alferrikakoa da, eta, aldiz, aurretik ezer ez badago, hutsaren gainean eraikitzen du, asmatu egiten du, ez dena badela esaten ari da, eta beraz, gezurra da. (Geroko batean jakin nuen eztabaida hauek arruntak direla legejakintsu gorenen artean, baina fedabideetara oso nekez iristen direla, badaezpada.)
Biharkora gatoz: Abenduak 8, 1854. Kontzeziyo Eguna, edo Sortzez Garbiarena. Katolikoen sektako amabirjinaz ari gara. Andre hori birjina izan zen bere denbora guztian; ama ere izan zen, baina "zikindu" gabe, larrurik astindu gabe, txortan egin gabe. Mixterioa da, baina dogma da sekta horretako kideentzat. Baina biharko horretan ez dugu hori ospatzen; hori dena gutxi balitz bezala, andre hori bere amaren sabelean sortu zen aurreneko unetik "garbi-garbia" izan zen. Esan beharra dago, eliza horrentzat, gizaki guztiak jaiotzen direla mundura "jatorrizko bekatu" edo erru batekin —holaxe konstituitu izan dituzte kristaukumeak—, eta sekta horrek dio andre hori izan zela salbuespen bakarra eta kutsu hori gabe jaio zela, eta horregatik da "sortzez garbia". Dogma bihurtutako beste mixterio bat. Mendeetan egon ziren teologoak sortze garbi horretaz eztabaidatzen —kristaukumeak arimaz eta gorputzez bortxatzen okupatuak ez zeuden tarteetan, jakina—, harik-eta 1854ean gizon ahaljakintsu batzuek Erroman asuntoa erabakita utzi zuten arte, esanez, eta idatziz, Jainkoak berak beraiei halaxe adierazi edo agertutako egia zela. Gorabehera guzti honen azpian dagoena da larru-asuntoa edo txorta-gauza zikina dela berez, eta holakorik ez probatzean dagoela garbitasuna, bereziki emakumeena. Botererik eta fede potolorik gabeko jendeak, behealdeko jendeak, beti jakin izan du gauzak alderantziz direla: birjintasunaren garbitasun hori oso gauza zikina dela, eta gauza gutxik dutela pertsona hainbesteraino gaiztotzen eta zikintzen. (Gaurko ikuspegitik gehi daiteke beharbada, lehen bekatuarena bezala, gaur sareko pornografia gehienaren lana dela txorta-asuntoa gauza zikin, bortitz eta desatsegina bihurtzea, bereziki emakumeentzat.)
Gizon ahaljakintsuek bete zuten egutegia gezurrez eta zikinez.
Gaurko zubi-egun honen bi zubi-muturrak daude lekuko.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide