Maitane Subijana Puntuka: 'Artearen izenean, amen'

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 16a, 10:05

Batzuk oraindik ere ukatuko duten arren, badakigu emakumea esfera pribatura kondenatuta egon dela urte luzez. Kulturalki eta tradizioaren izenean zaintza lanak ezarri zaizkio, gizarte hetero-patriarkatuak etxean kokatu du, sukaldean, gose guztien jaki bilakatuz. Haurra altzoan izanda senarra etxeratzerako afaria prest. Ito dira beren garrasiak. Menpeko izan da, menpeko da, gara. Erreprodukziora bultzatu da, oraindik ere gizarte honetan oso errotuta dago emakumea %100ean ez dela emakume izango ama izan ezean. Erreprodukzioari buruzko gure iruditeria erabat menderatua da, eta emakumea ama gisa ikusten duen definizio esentzialista horrek oraindik hor dirau. Zenbat baldintza dezakeen hanka artean dugunak… hori da guztia, sailkatu beharra, izendatu, zerrendatu, zenbaki bihurtu beharra. Ez ar, ez eme, ez hetero, ez ero. Virginia Woolfek aspaldi hasi zuen bidea, emakume azkarra. Garai haietan jada jabetu baitzen emakume jaio izate hutsak zertan amaitzera eraman zaitzakeen. Genero rolak aztertu zituen: "Zergatik edaten zuten gizonek ardoa eta emakumeek ura?", esaterako. Emakumeak fikzioa idazteko dirua eta gela propioa behar dituela dio, hortik liburuaren izena: Gela bat norberarena. Hau da, emakumeak artista izateko oinarrizkoa da burujabetza ekonomikoa eta pertsonala izatea. Woolfek mundua interpretatzeko emakumeen bizitzak, kezkak, istorioak… emakumeek beraiek idatzita gera zitezen nahi zuen, garai hartako emakumeen hitzak egun irakur ditzagun. Eta horixe egin zuen berak. Azkarra bera, pentsa, 1929an argitaratu zen liburua. XX. mende hasierako Ingalaterran kokatu behar da liburuaren sorrera. Garai hartan lortu zuten boto eskubidea Ingalaterran, eta mende bat beranduago, zoritxarrez, oraindik ere gaurkotasun ikaragarria dute haren hitzek. Egoera asko aldatu ez den seinale. Woolfen nahiak bete izan balira, testu hau ez zatekeen idatzi beharko, izan ere, bera ziur baitzen ehun urteren ondoren, gizon eta emakumeen artean ez zela desberdintasunik egongo. Bazuen ilusioa, desira, gogoa, gauzak aldatuko zirenaren ustea… baina, gaur, 2017ko azaroaren 16an hauxe gure gaia. Gogoeta asko egiteko bide izan da Woolfen saiakera, berak dioen bezala, sexu bakoitzaren araberako gaiak egin dira, eta noski, gizon gaiak gizonek eraiki dituztenez multzo horrek, zakildunek, alegia, garrantzi handiagoa dute. Bestetik, gaur egun emakumeek enplegurako urratsa eman dute, baina etxe barruko antolaketan oraindik aldaketak ez dira nahikoak. Eta berak zioen bezala, emakumeek sorkuntza lanak ere egin behar dituzte, eta ikusgarri egin. Guk ez badugu gure errealitatea eraikitzen besteek zapalduko dute gurea. 40 urte beranduago, 1985ean New Yorkeko MOMA museoan erakusketa bat egin zuten, 169 artistek hartu zuten parte, eta horietatik hamahiru soilik ziren emakumeak. Hau da, artisten %5a baino gutxiago ziren emakumeak, baina, ez pentsa erakusketan emakume irudirik ez zegoenik. Are gehiago, erakusketan agertzen ziren emakume gorpuen %85a biluzik ageri zen. Titi buru eta aluak ongi erakutsiz, hori bai, patriarkatuak ezarritako neurrien barnean sartzen zirenak, jakina. Gizonek aukeratutakoak, garaiko modako emakumeak, kanonen zorroztasunetik apur bat ere aldentzen ez zirenak. Haragi puskak balira lez… horra historiaren aurpegia. Eskerrak egun horretan eraikinaren kanpoan maskaradun emakume talde bat agertu zela. King Kong pertsonaian oinarrituta, aurpegiak estalita indartsu eta ironia ukitu batekin han zen emakume taldea. Oraindik ez dakienarentzat, Guerrilla Girls taldeaz ari naiz, 1985ean arte eremuan zegoen hiper-maskulinizazioari gerra egin nahi izan zioten. Artearen alde kontserbadorea, sexista, arrazista, estereotipatua eta diskriminatzailea azaleratu eta salatu dituzte. Adan eta Evatik hasi eta Lukrezia eta Ofelietara gure arte-tradizioko genero-estereotipoak eta horien oihartzun sexualak bortitzak dira. Artearen izenean, Amen. Museoek tradizio hori transmititu dute behin eta berriz, gizarteko gainerako esparruetan bezala. Ziur naiz, hau guztia esajeratzen ari garela uste duenik ere egongo dela. Gizakiak arrazoimenaren kontrola galdu du, baita sentitzen duen enpatia ere. Eta guk hor darraigu, erresistentzian, harri horren gainean zutik egoteko saiakeran, baina arima sentibera askok ezin jasan, oin azpian behar lukeen harriak poltsikoan hartu eta azkenean beren buruaz beste egitera bultzatzen zaituen arte, horra Virginia Woolf. Erail dira, isilik akabatu. Baina oraindik ere zeinen isilean den suizidioa, tabu, bizitzera kondenatuko bagintuzte bezala, bizitza gero eta luzeagoa agintzen diguten garaiotan. Bizitzearen aurkakoa ez bizitzea da, ez besterik… baldintzak aldatuko balira…

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide