Igande iluntzea, Donostiako Tabakaleran, Mourir à trente ans film dokumentala ikustera joan gara. Laurogeiko hamarkada hasierakoa da, neu bezalaxe. Zuri-beltzeko irudi ederrak, Mozart, Rossini eta Bizeten musika are ederragoaz lagunduta. Roman Goupil zuzendariak bere lagun Michel Recanatik izan zuen bizitza laburregia kontatzeko aitzakian, belaunaldi oso baten aldaketa-nahia ederki irudikatzen digu. Hunkitu ninduen film hasieran agertzen ziren nerabe haiek zuten arte-goseak. Izango zituzten beste grina batzuk ere, baina dokumentalak erakusten duenez, nerabezaro hasiera hartan film amateurrak sortzea zen euren zeregin gustukoena, Goupil buru zutela. Nerabezaroa aurrera, artean gaztetxo ageri den arren, Goupilen bizitzan politika sartzen da, eta, harekin batera, Recanati. Troskista sutsuak dira bi mutikoak. Adin nagusitasunera iristen ez ziren mukizu haiek politikan zuten konpromisoa, parte hartzea eta lidergoa harrigarria egiten zaizkit egungo ikuspuntutik, eta miresgarria mundu berri batekiko zuten ametsa. Bizi zuten testuinguruak eragingo zuen, noski: Vietnamgo gerra, 68ko Maiatza… Baina ezinbestean egungo gazteriarekin konparazioak egitera eramaten nau. Egungo nerabeek dituzten kezkak oso urrunak iruditzen baitzaizkit haiek zituztenekiko. Jakin nahi nuke troskismoa edo 68ko Maiatza zer diren zenbatek dakiten. Vietnamgo gerraren ezagutza, berriz, Hollywoodeko filmei zor diegu.
Orokortzea ez zait gustatzen, baina badaramazkit irakaskuntzan urte batzuk esateko gure gaztetxoen kezkarik nagusienak nondik norakoak diren oro har: lokal bat izateak kezkatzen ditu, gero hura hornitzeko altzariak lortzeak, edo telebista, edo X-boxa; larunbaterako alkohola erosteko mobilizatzen dira, edo ez dakit nongo festetara joateko; eta hori guztia lortzeko dirua eskura eta erraz izatea da normalena. Azterketak gainditzeak ere arduratzen ditu, noski, baina ez jakintza lortzeak. Ez nabil haiei errurik botatzen, ez. Galduta ikusten ditut asko eta asko, grinarik eta ilusiorik gabe. Hori da utzi diegun gizarte-eredua. Gure frustrazioak eta desilusioak normaltasunez eta etsipenez mozorrotuta saldu dizkiegu. Bizi garen gizarte lehiakor honetan, bi urte betetzerako asteko egunak ingelesez abesten jakitea da garrantzitsua. Gero, A futbol taldean sartzea. Eskolan bikainak bata bestearen atzetik pilatzea. Hori da benetan nahi dutena, ala geure ezinak beraien mamu bihurtu ditugu? Gizarte lehiakor batean bizitzea tokatu zaigu, ala geuk eraikitzen dugu gizarte hori egunero-egunero? Baina nola ihes egin hortik? Azken batean, hauxe da dagoena, ezta? Eta ez gara hain gaizki bizi, ezta? Ez iraultza bat hasteko lain behintzat. Ezta?
Gero astelehen gau batez Azpeitiko Soreasu antzokira joaten zara, aretoa beteta hirugarren egunez Pasaiako Badia film dokumentala ikusteko. Eta esperantza-printza pizten zait: badaude gazteak duela berrogei urte bezala artea maite dutenak, eta hura darabiltenak saldu diguten mundu honekin konforme ez daudela azaltzeko. Laurogeiko hamarkada hasiera hartan GEO polizia-taldeek eragindako sarraskia ahanzturan hondoratzea nahi ez dutenak. Gazteei buruz orokorrean aritzea akats larria dela gogorarazten didatenak. Barka nazazue. Biba zuek.
Winston Churchillek esana omen da hogei urterekin ezkertiarra ez dena bihozgabea dela, baina berrogeirekin ezkertiarra dena, burugabea. Ez dakigu Recanatik zer eboluzio izango zukeen, 30 urte zituela bere buruaz beste egin baitzuen. Romain Goupil zuzendaria, urte luzez Liga Komunistako kidea izana, egun neokontserbatzailea eta Macronen jarraitzailea omen da. Laurogeiko hamarkadakoa da Hertzainak taldearen abesti ezagun hura ere: "Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide