Irratiak, telefonoak, telebistak, egunkariak, whatsapp mezuak, Facebook edota Twitter; horra mundu mediatikoa. Baina irudi batek balio omen du ehun hitzek baino gehiago, halaxe jo zuen telebistak gailurra. Irudiak ikusi egin behar direlakoan, deskribatzeak galdu zuen bere indarra, munduaren beste aldekoa gurera ekarriz. Sarajevoko kaleetan barreiatzen ziren ikara eta malkoak, zuhaitzik gabe geratu ziren parkeak ilun, kaleak hutsik, isilik, eta noizbait inor edo zer izan zenaren hondar aleak bazterretan.
Sarajevoko gerra izan zen telebistan zuzenean kontatu zen lehen guda. Etxeko sofan erosotasunaren gradurik gorenera helduta ikusi ziren lehen irudiak.
Rikardo Arregi Diaz de Herediak Kartografia (1998) poeman ederki islatzen ditu gerraren krudelkeriak. Sarajevoko gertaerak bere ingurura ekartzen ditu, Gasteizen kokatzen ditu eta ikuspuntu horretatik lehen pertsonan gerra hura bizitzea zer litzatekeen azaltzen digu.
"Entzun dut Sarajevoko parkeetan zuhaitzik ez dagoela jadanik, biztanleek moztu baitituzte etxeak berotzeko, eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut ez dudala nik etxean sua egiteko leku egokirik". Bere baitan biltzen du errealitateen eta irudimenaren arteko hartu emana. Errealitate bat eraikitzen du, askotarikoak dira errealitateak baina berak eraikitzen duen hori ez dago besteen errealitateetatik asko aldenduta. Garai haiek urrun geratu zirela uste bagenuen ere, gaur egun errealitateak fikzioa gainditu du beste behin ere. Horrela, Arregik Siriako kaleetan, Somalian edota Bangladeshen aurkituko luke garai hartako Sarajevo.
Etengabe errepikatzen diren irudiak ditugu; fusilak, tankeak, indar armatuen boterea, hildakoak, odoldutako kaleak. Albiste berdinak errepikatzen dira munduko telebista guztietan. Sarri ikusten ditugu, eta agian «ohitu» egin da gure begirada, gu geu ohitu gara, pentsa zertara heldu garen.
"Eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut ikastetxeak itxita egongo direla ziur asko, nirea, gainera, trenbidearen bestaldean dagoela, geltokitik hurbil, eta trenbideak eta geltokiak kontrolatu beharreko gauzak omen direla gerra garaian". Orain Sarajevori ez dario kiratsik, zabalik daude ikastetxeetako ateak, baina Siriako trenbideak ofizialek irentsi dituzte.
Sei urte baino gehiago dira Siria gerran hasi zela, tankeek kaleak irentsi zituztela, bonbardaketen hotsak herritarren garrasiekin nahastu zirela. Kale ertzetako tragediak eragin duen mina… eta bitartean Europak, armak saltzen jarraitzen du herrialde gatazkatsuetan.
Aste honetan 300 hildakotik gora Somaliako atentatuan, Myamar estatuko Rohingya etnian 300.000 haur indarkeriatik ihesean dabiltza bazter ahaztuetan, horietako asko umezurtzak. Mediterraneoko ura gardena da guretzat, opor usaina du besteentzat, lasaitasuna eta askatasuna. Baina itsaso horretako errealitatea da zinez beltza, odoltsua, eta gordina. Iaz 5.000 lagun hil ziren kostaldea nola ederra izan?
Guk gure erosotasunetik, gure zapalgarrizko begiradatik ikusten dugun bitartean, badugu konplize ez garenaren ustea, hauek guztiek urruneko kontuak dirudite, baina armak Bilboko portutik ateratzen dira, eta bien bitartean lau metroko altuera duen harresia eraikitzen ari dira aurreko abuztuan 8.656 armamentu tona Arabia Saudirantz atera ziren portuan, beti ere babesaren izenean, jakina. Zenbat korrupzio eta zenbat gezur zirku bihurtu den errealitate honetan. Eta guk guztia dugu irensten. Salatzen ditugu Trump, Merkel edota Juncker. Zein erraz salatzen den atzerrikoa, eta zein azkar justifikatzen etxekoa. (Traidoreak).
Une batez Arregik poeman egindako galdera egin beharko genioke geure buruari: Niri egokitu zaidan egoerari nola egokitu natzaio ni?
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide