Miren Gorrotxategi Puntuka: 'Bihurguneak'

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 5a, 09:52

Kataluniako ikasleek ez dute liburuak ireki beharrik historia ikasteko. Historia euren eskolako geletan, leihoetan, ateetan idatzi da. Astelehen goizean zenbait irakaslek korapiloa eztarrian eta malkoak begietan erantzun beharko zieten haurren galderei: nork bota du eskolako atea? Baina polizia gaiztoak ziren? Polizia zintzoak ere bazeuden, orduan? Baina suhiltzaileek ez dituzte suak itzaltzen eta katuak erreskatatzen? Haurrei ondo zer dagoen eta zer ez dagoen jakiteak segurtasuna ematen omen die. Arauak behar dituzte txikiek. Hazteko eta garatzeko ezinbestekoa dute mugak ezagutzea, ongiaren eta gaizkiaren arteko marra non dagoen jakitea. Baina uste dut hezitzaileok —guraso zein irakasle— gehitxo tematzen garela lerro hori ondo zehazten: "Hau ez da egiten", "hori egitea ez dago ondo", "hura bai ume zintzoa"… Mundua zuri-beltzean marrazten diegu. Agian hori da zenbait adinetan behar dutena: arauak ondo ezagutzea. Baina legezkotasunaren mugak ondo irakasten dizkiegun arren, zilegitasunarenak bakarrik ikasiko dituztelakoan geratzen gara lasai. Ez diegu esaten legezkoa ez dela beti zilegi, eta zilegi dena ez dela beti legezko. Legeak gizon-emakumeek jarriak direla —sarriago gizonek—, eta ez zerutik eroriak edo jainkoak harrizko tauletan idatziak. Ikusi izan dut desilusioa gaztetxoen begietan, botere judizialaren atzean interes politikoak daudela ohartzean. Legea amarrua dela jakitean. Politikariek norbere intereserako erabiltzen dutela ikustean. Neurri-neurrirako errefraua dute gaztelaniaz: Quien hizo la ley hizo la trampa. Hizkuntza bakoitzak bere hiztunen pentsaera adierazten omen. Otzan izaten irakasten diegu haurrei, arauei men egiten. Horretan indar eta pazientzia asko galtzen dugu hezitzaileok. Baina ez diegu irakasten arauei edo aginduei buruz hausnartzen —zenbat aldiz esan/ entzun dugu "nik esan dudalako, eta kitto"? Ai, autoritatearen eta autoritarismoaren arteko lur labaina!—. Utopia batean, bidezko dena babestu behar luke legeak: bi marrek elkarren gainean behar lukete. Baina, errealitatean, bihurguneak daude bi lerroen artean, eta desobedientziarako arrakalak irekitzen dira. Arrakala horiek dira aldaketarako, garapenerako eta askapenerako bidea. Mahatma Gandhi eta Martin Luther King arrail horietatik pasa ziren. Edo errefuxiatuei laguntzen dabiltzan hainbat boluntario. Baita lehen emakume sufragistak ere: desobedientzia zibilaren bidetik, euren sufragio-eskubidea defendatu zuten. Ez baita zilegi erabakitzeko eskubidea ukatzea. Eta ez da zilegi bake-adierazpenei indarkeriaz erantzutea, estatu-indarkeria herritarren aurka erabiltzea, herri bat makurtu, zapaldu eta isilarazi nahi izatea. Baina txoriak isiltzerik ez dute lortu, eta mundu zabalean segundoz segundo jarraitu ahal izan dugu Katalunian gertaturikoa. Txorien txioekin beleen karranka ere nahastu da ordea, eta etengabe irisi zaizkigu Espainiatik irainez eta amorruz beteriko adierazpenenak ere, legezkotasunaren izenean. Legalitatearen eta ilegalitatearen arteko marra lodia dute horiek. Azala bezalaxe. Eta azal lodiez jarraituz: Moncloan ez omen dira ezertaz enteratu. Ez da Kataluniako txorien txorrotxioa haraino iritsi, antza. Sabin Etxera, bai: erabateko pena adierazi zuen Urkulluk «haustura arriskuak areagotzen dituzten ekimenen» aurrean. Hara: geuk ere espero genituen hitzok, baina berdin penatzen gaituzte. Gertatutakoaren larritasunaren aurrean, buruzagi politikoen aldetik arrangura baino zerbait gehiago ez al du merezi herriak? Ez amildegirantz Urkulluk dioen moduan, baina ez al da behingoz putzura salto egiteko garaia, otsoak eskutik heldu gabe? Bada ingelesezko esaera bat oso gustuko dudana: rules are meant to be broken. Legeak apurtzeko daudela, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide