Aurtengo udan eguzkia ezkutuan ibili zaigu. Hodeien atzetik noizean behin kukuren bat egin eta izpi horiez gozatzeko salto egin dugu herriko hondartzetara. Uretatik atera eta eguzki goxotan lehortzen ari naizela oilo-larrua jartzean gorputzeko markak gailentzen zaizkit. Badakizue, izterren artean ateratzen diren horiek, edota aldaketakoak. Eskua gainetik igurtzita desagerrarazi nahi zenituzkeen horiek. Eta orduan, nahi gabe, inguratzen zaituzten pertsonen gorputzak zurearekin konparatzen hasten zara. Hondartza epaiketa sozialerako gune bihurtzen da. Natural aske sentitzeko, erlaxatzeko, nahiz aisialdiaz gozatzeko leku izatetik, «zigor» eremu izatera pasatu da Inditex enpresaren 38 zenbakiko praketan sartzen ez garen herritarrentzat.
Tamainaren garrantzia. Goitik, behetik, ezker-eskuin.
Kultura bakoitzean edertasuna lortzeko baldintza jakin batzuk inposatzen dira, manipulazio korporal hauek sozialki onartuak izateko ezinbesteko direlarik, jakina. Kiloak galtzearen ondorioz, gure burua gehiago maitatuko dugunaren ustea hezurretaraino sartu diguten ideia da.
Bizi dugun gizarte honetan emakumearen figurari arau multzo zehatz batzuk betetzea exijitu zaio: zaintza lana, erreprodukzioa, lanaren banaketa sexuala, besteak beste. Horiez gain, emakumeon bete beharra lirainak izatea (ere) bada, gaztetasunari eta argaltasunari berebiziko garrantzia ematen zaie. Edertasun unibertsal eta objektiboa bilatu eta zurrunki aplikatzera behartzen zaigu, horrek dakarren presio sozial gogorrarekin. Ezarritako kanon hori betetzean gizarteak pribilegioekin saritzen du emakumea, hau da, erakargarritzat jotzen da. Hori horrela izan ezean, ezarritako edertasun kanon horiek sakrifikatzen dituen emakumea estereotipoetatik at kokatuko du gizarteak. Horregatik, argi dago ordena patriarkal baten arabera sozializatzen dela emakumeon gorputza.
John Bergerrek Modos de Ver l iburuan dioen bezala, irudi bat ikuskera erreproduzitu bat da. Ikuspuntuon bitarteaz "errealitate" kolektiboa eraikitzen da. Honegatik diot emakumeon kanonak (ere) erreprodukzioaren emaitza direla.
Hezkuntza eta gizarte patriarkal honetan erraietan iltzatu dizkiguten kontzeptuek gure begirada markatu eta eraikitzen dute. Horrela, edertasunaren kanon zehatz bat ezarri da, eta 90, 60, 90 neurrietan sartzen ez den ia orok lodifobia pairatzen du, hobe esanda, lodifobia pairatzen dugu. Izan zaitezke kirolari, langile, ikasle, edadetu, edo haur: lodifobiak ez du ez klase sozialik ez hierarkia zehatzik ere.
Erakusleiho, publizitate eta modaren industriako produkzio masiboetatik at senti daitekeen oro ere esklabo da: elikadura osasuntsuaren izenean dieta zurrunak jarraitzen dituztenak, kirola zaletasuna izatetik obsesio bilakatzen dutenak, ispiluaren aurrean eder ikusi nahi eta ezpainak gorriz margotzen dituztenak. Zure buruarentzat makilatzen zarela sinetsi nahi duzunean, eta ez besteentzat…
Fobia honekin bizi gara, alboan dugu, heste-meharreraino sartu zaigu. Mozorrotzen gaituzte, mozorrotzen gara: makillajea, dietak, ebakuntzak, arropak…
Ezin ahaztu honen kontura aberasten diren jauntxoak, pertsonok edertasunaren industriaren eta merkatuaren legeen menetara gauden izaki pasiboak bagina lez. AEBtako dieta industriak 80.000.000 dolar mugitzen ditu urtero.
Lodifobia eraikuntza politikoa da, ez gaitzatela engaina: inposatutako kanon horien barruan sartzeko argaltasun obsesio horrek osasun arazoekin erlazio gutxi du.
Gorputz Masa Indizearen eragiketa Adolphe Quetelet matematikari, fisikari eta astronomo belgiarrak sortu zuen 1835 urte inguruan gerrako jendea sailkatzeko, guda zelaietako lanak banatzeko. 1970. urtean AEBtan eragiketa hori erabili zuten mediku aseguruek jendeari osasun zerbitzua ukatzeko. Eragiketa horrekin pertsona batek osasuntsu egoteko bere altueraren arabera zein masa eduki beharko lukeen kalkulatzen zuten. Eta oraindik ere zentzurik ez duen eragiketa horri egiten diete kasu askok.
Naomi Wolf-ek bere El mito de la belleza (1991) lanean azaltzen duen bezala, elikadura trastornoek emakumeen biolentzia sinbolikoarekin lotura zuzena dute: "Dietek emakumeen gorputzak euren presondegi bihurtzen dituzte".
Guk geuk segurutzat jotzen dugun gorputzaren existentzia ez da ez naturala, ez purua, baizik eta konta ezineko praktika kultural txikiengatiko menpekotasunak eratutako eta izendatutako gorputza.
Esanekoegi bihurtuta bizirauten duzu, bizirauten dugu. Zauriak azalean, barrenean, hezurretan. Neurrigabeko neurritasuna den zentzugabekeriaren gainean tente nabil, baina utzidazue ukabila baginan sartzen eta egin dezagun irrintzi.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide