Pena da aspaldiko ohitura onak galtzea. Aita zenak maiz berritu ohi zuen Errezilgo festetako kontua: gaua parrandan pasa eta etorri da mutil gaztea etxera; aitak galdetzen dio egin al duten borrokarik "bidanitarren kontra", eta semeak ezetz, ez zela batere borrokarik izan; eta aitak orduan: "kakazarra esate zeiet nik holako pestai!" (Bidenabar esanda, horixe zen benetako "jaiak bai, borroka ere bai".)
Ohitura ona, berezkoa eta naturala zen hori. Festetan arrak bere artasuna eta zakartasuna atera beharra dauka, azken helduleku moduan. Hona zergatik: goxotasunean ez da beti asmatzen; den atseginik earrena ez da beti lortzen (garbiago: ez da beti neskatan eta txortan egiten), eta orduan —ordezko moduan, zaputzak gaina ez hartzeko helduleku moduan— borroka gelditzen da, edo, hobeto esanda, borroka gelditzen zen eta borroka egiten zen gogotik: jotze baten ordez beste jotze bat, alegia; larrua astindu beharrean, hezurrak.
Zurrutak eta zorrotak okertu egiten dute arra lehenaz gain, eta akertu, eta oilartu, eta aharitu eta dena. Orduan, txortan gizon agertzeko modurik ez baldin badauka, besterik ezean, borrokan agertuko da gizon; borrokan eta ostiaka, gainera, irabazle suertatu ezkero, agertuko da eta geldituko da gizon, gizonago eta denetan gizonena. Erantzungo zait maskulinitate zaharra dela hori, eta gaur gizonezko gehienak ez garela horrelakoak, eta abar. Nik esango nuke maskulinitate berri edo bigun baten mozorroa jazten asmatu dugula, eta oso ondo ematen digula, baina piztia barruan daramagula, erdi-lotan beti ere, baina ez hilda edo akabatua.
Zenbaiten arabera, arazoa hanka-artean bertan dago, edo daukagu: pitotik letorke gure pitokeria; potroetatik dator gure astapotrokeria. Gogortzen eta harrotzen den zakil bat daramagu gorputzaren erdian, eta ez da harritzekoa gure gogorkeriarako eta harrokeriarako grina. Eta honen ondorioak asko dira, eta horietako bat da ez dagoela festarik edo parrandarik emakumeen kontrako bortxaketa, eraso, jazarpen edo dena delakorik gabe. (Ez egoera horretan bakarrik, baina hor oso nabarmen.) Eta honek, nonbait, ez dauka erremediorik; hau ezin du gelditu ez hezkuntzak, ez kanpainek, ez autodefentsa feministak eta ez ezerk. Emanber zakil gogortu bat beti ari dela "bai" esaten, eta "bai beti da bai", bai-ala-bai.
Ez dago asmatzen zaila zein den gaur hemen egin nahi nukeen proposamena: emakumeen kontrako bortizkeria sexuala (festa-girokoa bederen) bukatzeko modu bakarra da gure aspaldiko ohitura ederrak berreskuratzea. Bestela esanda: ekin ostiaka gogotik, motellak!; festan eta parrandan, osti-zaparraie ta egurre! Emakumeen kontrako bortizkeria hau behin-betiko bukatzeko, borroka da bide bakarra: mutil-jendea bultzatzea (etxetik, eskolatik, alde guztietatik) elkar jo, eratxi eta menderatzera... neskak pake-pakean utzita! Aber, txikitos: neska-asuntoan, gozotik, "dena" libre, baina, gogorrean eta gozo-faltan, mutilen arteko joketa eta egurra bakarrik; elkar txikitu arte, nahi baduzue: hor den-dena libre.
Badakit ez dela polita, ez dela atsegina, eta ez dirudiela oso xibilixatua, baina dagoen panorama itsusiagoa da askozaz ere, eta mila bider jasangaitzagoa; bereziki emakumeentzat, jakina, baina baita gizonezkoontzat ere, "klase bortxatzaile" bateko kide sentiarazten gaituelako, lotsaz eta erruz sentiarazi ere.
Proposamena botea gelditzen da, serio eta beltz.
(Oharra: ni ez naiz Einstein bezalakoa, bere andrearen burutazioak hartu eta bereak balira bezala agertzen baitzituen, eta hargatik diot gaurko proposamen hau Garbiñe L. nere bizikideari hartu diodala. Ni idazkari hutsa izan naiz. Pitokeriak utzi eta esan beharra zegoen hau ere.)
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide