Behin baino gehiagotan idatzia nago: askatasunaren ordez daukaguna, edo saldu digutena, edo ezarri digutena, Askotasuna da eta besterik ez.
Askotasunaren ezaugarrietako bat da kabitu-ezina, eta honen ondorio gisa, ibili beharra, mapan izugarri mugitu beharra, eta ihes egin beharra. (Bazter uzten dut hemen kabitu-ezin edo gehiegikeria teknologikoa, urrutikoa bertako eta bertakoa urrutiko bihurtzen dizkiguna.)
Askotasuneko alderdi garailearentzat, ihes egiteko arrazoia aspermena da, eta horrek "turista" bihurtzen gaitu. Askotasuneko alderdi galtzailearentzat, ihes egiteko arrazoia gerra eta gosea dira, eta horrek "etorkin" bihurtzen ditu. (Gure aspermena ze gerra klasek eta ze gose klasek dakarten aztertzeko lekua ez da hau.)
Iritsi da abuztua eta garaileon kabitu-ezina bere gogorrenean eta bere gorrienean ageri da. Hementxe ikusten dugu hori, eskualde honetan bertan, eta bi eratara ikusten dugu: edo nazkarekin, edo penarekin.
Herri turismodunek nazka ematen dute. Denborapasako jendez betetzen dira bazterrak; gizabanako ikusmirantearen alaitasun iñoxo horrek nekez tapatzen du barruko aspermen kosmikoa; ez dago pausorik ematerik jendea traban dagoela sentitu gabe eta zeure buruari galdetu gabe milaka amak zergatik ez zuten abortatu.
Nazkantetza eta ezinbizia daude leku turismodunetan: dena garesti dago, bertakoen duintasuna izan ezik; dena da irabazia, bertako galtzaileentzat izan ezik.
Gatozen turismorik gabeko lekuetara. Hor (hau da, hemen) bizia gelditu egiten da abuztuan. Leku batzuetako ezinbizia hemen heriotza bihurtzen da bete-betean. Hark nazka ematen badu, honek pena ematen du.
Hilda egoten ikasteko leku ederrak dira hauek abuztuan. Izan ere, Askotasunaren garaipenarekin, ahaztu egin zitzaigun zer zen bizitzea "ekitaldirik" eta "jarduerarik" gabe.
Hemen sasoi honetan bizitzen asmatzen duten bakarrak azkena etorritako "etorkinak" dira, Askotasuneko ustezko galtzaileak. Kalea haiexena da, edo haiexentzat gelditzen da, eta herriaren jaun eta jabe bihurtzea ere merezi lukete, bertan jaiotakoek herria horren errex uzten eta husten duten ezkero.
Haiek erakusten digute zer den elkarrekin besterik gabe egotea eta ibiltzea; zer den diruaren esku-sartze larririk gabeko bizimodua; zer den bizia solas-eta-jolas moduan hartzea, eta ez araututako eta dirututako jarduera eta ekitaldiekin betetzea. Haiek oroitarazten digute zer zen bizimodua Askotasunaren garaipena baino lehen.
Askotasunak eta bere kabitu-ezinak itomenaren eta ezerezaren artean banatu gaituzte; toki batzuk nazkagarri eta beste batzuk penagarri bihurtu dizkigute sasoi honetan.
Baina gauzek aldatzeko martxa hartua dute. Hor ari zaizkigu erakundeak eta dirukundeak eginahalean turismorik gabeko herrietan turismo bat asmatu nahian. SanSebastianRegion-en dago jadanik AzpeitiaExperience (holakoxe izenak asmatzeko abildadea daukate teknikariek). Gure bazterrak monumentu izatera ez baldin badira iristen kanpokoen begientzat, geure buruak bihurtuko omen ditugu monumentu.
Pena ematea baino hobe delakoan nazka ematea, seguru asko.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide