Azken boladan sumatzen genuena erakutsi digute argitaratu berri diren datu soziolinguistikoek (
2016ko VI. inkesta soziolinguistikoa eta
2016ko Euskal Herriko hizkuntzaren erabileraren VII. kale-neurketa). Euskararen ezagutzak gora egin duen arren, erabilera apaldu egin da. Hau da, euskaraz dakien jende gehiago dago, baina gutxiago hitz egiten da euskaraz. Euskal herritarren %12,6k egiten du euskaraz kalean, 2011n baino 0,6 puntu gutxiago. Gipuzkoara begira jartzen bagara, elkarrizketen %31,1 entzun dituzte euskaraz, 2011ko neurketan baino 1,5 puntu gutxiago. 1989tik, neurketa hauek egiten hasi zirenetik, aurtengoa izan da Gipuzkoako erabilerak atzeraldia izan duen lehena.
Eta zer gertatzen da gurea bezalako udalerriekin, sortzez eta izatez euskaldunak direnekin? Horietan ere behera egiten ari dela erabilera ez ezik, ezagutza ere. %75etik gorako euskaldun indizea duten udalerrietan, elkarrizketen %65,1 entzun dituzte euskaraz, 2011n baino 1,4 puntu gutxiago. Horrez gain, datuek erakusten duten logikari jarraiki, ulertzen dugu euskaldun indizea zenbat eta altuagoa izan, orduan eta nabarmenagoa izango dela erabileraren jaitsiera. Gure ingurura erreparatuz gero, eskura ditugun azken datuen arabera, Azpeitiak %83,6ko euskaldun kopurua du; %74,5ekoa Azkoitiak; %81,2koa Zestoak; %89,3koa Errezilek; %84,7koa Aizarnazabalek eta %92,6koa Beizamak. Zaindu beharreko lekuak dira. Azpeitian
ere iaz egin zituzten kale-neurketak, eta %81,9ko erabilera neurtu zuten. 2009ko datuekin alderatuta, 4,3 puntuko jaitsiera jaso zuten neurketan. Gazteen eta helduen artean nozitu zen atzeraldi hori, batik bat: gazteen artean, 7,5 puntuko jaitsiera; eta helduen artean, 4,5 puntukoa. Joera bat erakusten du horrek, nahiz eta ikusi beharko den datozen urteetan zer garapen duten datuok.
Irakurketaren bat egin badaiteke, esango nuke bi mailatan bereizi beharko genukeela joera hau. Batetik, aitortu behar da lan handia egin dela hezkuntzaren bidez euskara irakasteko. D ereduak herritar asko euskaldundu ditu, eta aukera berriak eman dizkigu administrazioan zein kalean euskaraz aritzeko eskubideari heltzeko. Dena den, ikusi dugu euskaraz dakiten erdaldun asko irten direla eskoletatik. Hau da, gaur egun, euskaraz dakitenen gehiengoak ez du hizkuntza etxetik jaso, eta hobeto moldatzen da gaztelaniaz, euskaraz baino. Horrexek dakar ezagutzaren eta erabileraren arteko koska. Horrez gain, herritarren gehiengoa eta euskaldunen gehiengoa gune erdaldunetan eta hiriguneetan bizi dira; eta, jakina, ez dute euskaraz egiteko zirkulurik.
Magalean jasotakoa
Gurea bezalako udalerrietan, berriz, ez da beharrezkoa euskara etxetik jasotzea zure bizitza euskararen bueltan eraikitzeko. Euskaraz egiteko guneak ditugu, harreman sareak euskaraz dira, eta euskaraz bizi den herri bat da gurea. Hizkuntza eskolan ikasten dutenek ere aise egiten dute euskaraz, eta ez dute bi aldiz pentsatzen zer hizkuntza aukeratu pertsona berri bat ezagutzen duten bakoitzean. Azpeitian, etxeko transmisioaz gain, gizarte araua da euskaraz egitea, eta hori indargune bat da beste leku batzuetan sortutako herritarrak gure hizkuntzara eta bizitzeko modura hurbiltzeko.
Euskararen arnasguneak deitzen diegu Azpeitia bezalako herriei, hizkuntzak lasai arnasa hartzen duten tokiak direlako. Ikusten ari gara zein den egoera nazio mailan, eta eztabaidaezina da gure herri euskaldunetatik asko dugula emateko. Garrantzitsua da eskoletan euskara irakastea, garrantzitsua erdaraz bizi diren haiei ahalik eta aukera gehien eskaintzea, baina benetan beharrezkoa dena da belaunez belauneko transmisioari heltzea. Etxeko horma guztiak dute beraien funtzioa, baina obratan hasi aurretik, beharrezkoa da oinarri sendoa izatea.
Euskarak mundua ikusteko modu bat ematen digula esaten dugunean, euskal imajinarioaz ari gara, izateko modu batez ari gara, hizkuntzarekin batera eman diguten esentzia horretaz ari gara. Ezin da ukitu, ezin da usaindu, ezin da entzun, baina
gu egiten gaitu. Hori amaren, aitaren, magalean jaso dugu, eta gure ondorengoei transmititu diegu. Azpeitia bezalako herriek hori eskaintzen diote euskarari. Guk hori dugu emateko. Gainera, gaitasuna dugu nortasun hori kalean ere transmititzeko, lagunartean eta edozein motako harremanetan. Euskara dugu emateko euskarari, eta euskaldun izateko modu bat Euskal Herriari eta euskal herritarrei, hizkuntzatik sortutako herri bat.
Zenbaitek pentsatuko du kontserbadorea dela diskurtso hau, atzera begira bizitzea dela aldarrikatzen dudana. Esango dizuet sinisten dudala guztiz aurkakoa dela, garapenaren bidea dela hau. Jarrera eraikitzailea da globalizazioaren aurrean, hizkuntza menderatzaileen aurrean eta izaera uniforme horien aurrean gu izatea aldarrikatzea. Ez da atzera begira eginiko proposamena, nahiz eta baduen erromantikotik zerbait; aurrera begira sentitu nahi duguna da.
Gu izateko nahia eta eskubidea, desberdina izatearen harrotasuna eta berezia izatearen bizi-poza. Hori da nik jaso dudana, eta ondorengoei utzi nahi diedana. Beraz, badugu zer egina guk ere, gure txikitik, erlaxatu gabe. Egoeraren kontzientzia izatea da lehen urratsa, ulertzea gutxiengo hizkuntza baten jabe garela, eta hura zaintzeak egiten gaituela berezi. Hortik aurrera, guztia dugu irabazteko, eta besteei emateko.