Badira desagertzeko bidean dauden hitzak (bakoitzak bere zoroa bizi du, eta ni beti horrelako kontuekin). Esaterako, gaurko umeek nahikoa dute zuhaitza, belarra, behia, ardia eta zaldia jakitearekin. Zertarako xehetasun gehiagotan sartu?
Dagoeneko jende gutxik daki zer den urruxa edo urrixa. Beharbada, bere bikotearekin (idisko) jarriz gero norbaiti burura etorriko zaio nondik norakoa den hitz horren esanahia. Urruxa eta idiskoa dira ganaduaren generoa markatzeko hitzak, emea eta arra adierazteko.
Era berean, ahardia edo urdanga esan beharko genuke, eta ez "txerri emea" (eta ordotsa txerri arraren ordez).
Itxuraren arabera, nekazaritzak eta baserriak gero eta pisu gutxiago duen gizarte batean hizkuntzaren aldatzeak horretara joan beharko luke, hitz berezi horiek ahaztera, desagertzera; baina horrek badakar atzean lotutako isatsa. Hitzak bakarrik ez baitira galtzen horrela, baita hitz egiteko moduak ere.
Urdanga hitzak badu irain zentzua ere (emagaldua, puta, adierazteko), eta ahardi-seme/alaba erabiltzen da (zen) norbait halakoren seme/alabaren eitekoa dela irain gisa erabiltzeko. Beste hizkuntza batzuetan txakurra izendatzen da holakoetan: hijo de perra, son of a bich, baina euskaraz txakurrarena beste irain mota baterako da.
Orain nahiko arina da putakume hitzak daraman zama. Erdi jolasean ere erabiltzen da, lagunartean, haserrerik sortu gabe. Aditua dut Ameriketako Estatu Batuetara joandako euskaldunen artean erabiltzen dela sonodeganatxo hitza norbaiten bihurrikeria, gaiztakeria edo alu izaera adierazi nahi denean, lagunartean erabilitako hitza hau ere. Ingelesetik, son of the gun, pistola baten semea, norbaiten sasiko izaera adierazteko litzateke (sasikume ere ahaztu samarra daukagu, egia esan), nahiz eta amaierako -txo horrek arintasuna ezarri: "hi haiz, hi, putakumea" lagunartean esaten den moduan.
Hizkuntza gehienetan badira irainak arintzeko edo "ezkutatzeko" horrelako esapideak, irain larritzat jotzen baita (baitzen) norbaiti putakumea deitzea: laido egitea zen.
Laido ere desagertzeko bidean egon daitekeen hitza da, agian, Hiztegi Batuak dio Iparraldean edo hizkera jasoan erabiltzekoa dela. Laidoa da norbaiten izen onaren aurkako egite edo hitza, batez ere halakori ez erantzuteak edo kontua ez hartzeak desohorea lekarkeen irain larria.
Espainiako legedian badira ohorearen aurkako delituak, eta laidoa da horietako bat (…es injuria la acción o expresión que lesiona la dignidad de otra persona…), baina delitu izateko "kontzeptu publikoan irain larritzat hartua izan behar du". Ez da gehiago zehazten.
Baina zer da ohorearen aurkako hitz larria?
Antzinako garaietan norberaren ohoreari gaur egun baino arreta gehiago hartzen zitzaion, eta bazen arau bat zioena gizonak gizona izateko (gizonkeria kontuak izan ohi ziren, gehien bat) ezin zituela zenbait irain jasan erantzuna eman edo kontuak eskatu gabe (armekin edo justiziaren aurrean kontuak eskatu). Bost laido edo irain-hitz omen ziren barkaezinak: 1) soraio (legendun edo leproso adieraziz, agotei maiz esaten zitzaien, baina zaldun bizardun batek onartu ezin zezakeen soraio entzun haserretu gabe. 2) sodomita (bekatu itsusia izan da urte askoz atzelarien kontu hori). 3) adardun (batez ere bere adarren jakinaren gainean zegoena eta neurririk hartzen ez zuena). 4) traidore (salatari izatea desohore handia izan da beti). 5) hereje (Inkisizio tartean sartzeko bidea zen norbaitek hereje sona izatea). 6) putakume (hortik hitz hori saihesteko beharra).
Emakumeek ere bazuten beren ohorea defenditzera behartzen zuen laidoa, eta hori puta hitza zen, baina ezkondutako emakumeentzat bakarrik omen zen laidoa, ezkongabeentzat ez.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide