Iñaki Segurola Puntuka: Probatuta jakiten da

Urola Kostako Hitza 2017ko uzt. 6a, 10:15

Utzi genuen fedea; baztertu genituen teoriak; ahaztu genituen ideologiak eginahalean... gutako askok behintzat. Konturatu ginen aski zirela usaimena eta sena, munduan eta munduarekin zer egin behar den jakiteko, edo sentitzeko behintzat. Baina bagatoz jende artetik geure artera, bagatoz agerikotik ezkutuenekora, egiten dugu jauzi kanpotik barrura eta larrura... eta hor ideiak oso garbi dauzkagu eta oso astun dauzkagu oraindik, nahiz-eta —hemen dago koska!— azpi-azpitik ez dakigun benetan zer nahi dugun eta zer desio dugun. Eztabaida ideologiko guztien azpitik, barru-barrutik gehienok ez dakigu "maitasun erromantikoa" izeneko hori gustokoa dugun edo ez; larru-larrutik ez dakigu maitemindu nahi/behar/ahal dugun edo ez, eta ez ote dugun hobe maitegozatzea edo maitegazitzea, eta ez ote garen egongo, okerrenean, maitemikaztuta; ez dakigu bikotea nahi dugun, edo hobe den hirukotea, laukotea edo zenbat-kotea; ez dakigu neskek edo mutilek bakarrik ponitzen gaituzten, eta ezta benetan ponitzen gaituena geure burua ez ote den ere; ez dakigu gehienok astoek, txakurrek edo ardiek (ere) balio ote diguten asuntorako; askotan eta gehiegitan ez dakigu larrutan atseginagatik egiten dugun ala gidoi bat betetzeak ematen digun pozagatik; ez dakigu gizon-gizona izateari utzi nahi ez dionak zenbaterainoko atsegina opa ahal dion bere ipurtzuloari; ez dakigu feminista oso-osoa izateko zakilari zeharo uko egin beharra dagoen edo ez; ez dakigu... bo: utzi egingo dugu, zeren larru-gauzen inguruko ezjakintasunak ez baitauka akaberarik. Eta beharbada ezjakintasun horixe da dagoen gauzarik naturalena, zeren horrek esan nahiko bailuke hemen kontua ez dela jakitea; edo badela jakitea, baina probatu eta gero. Nik ez diot inori ametitzen esaterik txorta-gauzan ezdakitzer edo ezdakitnola ezetz, probatu ez baldin badu. Jatekoarekin bezalatsu behar luke, baina ez da, inondik ere! Neuk, adibidez, ez dut txindurririk sekula jan eta badaukat probatzeko gogoa (intxaurraren antzeko gustua omen dauka), eta bestalde, ez dut zakilik probatu edo sentitu nere gorputzeko inongo zulotan, baina nere ustezko "joera sexual" jakinak eragozten dit probatzea. Marka da: jakinak eragozten dit probatzea; bestela esanda: jakiteak eragozten dit benetan jakitea. Ez dakit nola ametitzen diodan neure buruari! Ni gehiena amorrarazten nauena (neu gehiegitan egina naizelako noski) da ikustea zenbat jende bizi den erabaki ezinik ezdakitnor benetan gustatzen zaion edo ez; bere tipo edo kanon estetikoan, ideologikoan edo emozionalean sartzen den edo ez. Hau da: jakin egin behar dira seguru ezdakitzenbat gauza, eta gero... ezer ez!; gero beti edo gehienean berandu da. Eta hauxe dela iruditzen zait hemengo askoren edo gutako askoren moztasun eta lehortasun afektibo-sexualaren arrazoia: jakin beharra; dena jakin beharra eta argi eduki beharra pauso bat eman baino lehen; jatortasun koherente bat edo koherentzia jator bat praktikatu beharra txorta-kontuan ere. Horixe da zinezko "Euskal Bidea" edo hemen nagusi izan den "Inaziotar Bidea", baina ez, adibidez, "Kataluniako Bidea", katalanekin tratu pixkat izan duenak ondo dakien bezala. Gauzak aurretik jakin behar hori, jakina, senak eta usaimenak erakusten digutenaren kontrakoa da erabat: jakin, probatu eta gero egiten da, eta ez alderantziz. Hauxe da nere gaurko sexu aholkularitza zerbitzua: ez dakizula ezdakitnor zuretzat pare-parekoa den edo ez? Probatu "barruz eta larruz": ez dago besterik. Gero jakingo duzu etzanaldi batekoa izango den, edo gehiagorako ere izango den, edo zutik ere bere zerbitzua egingo dizun... edo bizi guztirako (hau da: urte batzuetarako) uztartuko zareten, elkarrekin libertitzeko eta elkarrekin aspertzeko. Sexu heziketak ez luke izan behar mundu guztiak senez eta usaimenez dakiena erakustea besterik: probatuta jakiten dela, eta printzipioek, usteek eta teoriek ez dutela hanka-artean baino gaizkiago inon ematen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide