Eneko Etxeberriaren GUTUNA: "Askotan galtzea irabaztea baino duinagoa da"

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 30a, 17:51

Historiaren eta memoriaren irakurketa egiteak esfortzua eta, batez ere, ardura handia eskatzen du, ezin baita inola ere iragana gaurko interesen arabera interpretatu. Horregatik, iragana oinarri zientifikoen gainean egitea ezinbestekoa da guretzat. Printzipio horretan sinistuta, Azpeitiko historia berreskuratzeko eta hedatzeko beste hainbat lanetan bezala, Eusko Gudarostearen liburua Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean egin dugu. Gustatuko litzaiguke beste historia bat kontatzea, baina hauxe da gurea. Gustatuko litzaiguke etorkizunera eta aurrea soilik begiratzea, baina ezinezkoa zaigu zenbaitek jasandako memoriaren isiltasuna eta ahanztura atzean utzita ezer eraikitzea. Bizikidetza ezin da inola ere eraiki gezurraren eta erdi ezkutatutako egien gainean. Konkordiarako ezinbestekoa da gertatutakoa aitortu eta errespetua eraikitzea. Ezinbestekoa da inoren izen-abizenik ahaztu gabe jostea gure memoria; inor ezin dugu bazterrean utzi, bere senideek ere non lurperatua dagoen jakin gabe. Horregatik, gure memoriak integrala behar du izan: beren etxeetatik ehunka kilometrotara dispertsatuta Azpeitiko kartzelan hildako preso politiko errepublikanoak gogoan ditugu, eta 1936ko abuztu beltz hartatik gaur arte giza-eskubideen urraketak jasan dituen bakar bat ere ahantzi gabekoa da. Hasieran zalantzak izan ziren, eta lehen unetik EAE-ANVko kideek soilik egin zioten aurre faxistei. Baina 1936ko abuztuan, familia abertzale desberdinak faxismoari aurre egiteko elkartu ziren (foruen aldekoak, independentistak, ezkertiarrak, sindikalistak… ). Abertzaleek bat egin zutenean oinarrizko akordio bat lortu zuten: askatasuna, demokrazia, aberria eta justizia soziala lortzeko borrokatzea adostu zuten, eta gure herriaren askapena ikuspuntu progresistatik lortu nahi izan zuten, ordurako abertzaletasun etnikoa gaindituz. Galdutako aberria berreskuratzeko egin zuten borroka, baina aberri justu eta demokratikoa zuten helburu, faxismoari aurre egin ziotenean. 2.000 herritar inguru elkartu ziren Azpeitian. Prestakuntza militarrik gabekoak, baserritarrak, langileak, ikasleak… baina indar eta pisu handiko pertsona izan zuten buru: Kandido Saseta. Ehunka emakume ere izan ziren Eusko Gudarostearen parte eta elkarturik demokraziaren etsaien aurka aritu ziren, eta ondorio latzak jasan zituzten. Eusko Gudarosteak egindako erresistentziari esker lortu zen Gernikako Estatutua onartzea eta lehen Eusko Jaurlaritza sortzea. Orain hura posible egin zuten emakume eta gizon horien izen-abizenak, jatorria, arrazoiak eta ondorioak ezagutzeko, gogorarazteko eta aitortzeko aukera dugu. Aspaldi egin behar zen, aukerak izan dira, baina zoritxarrez isiltasuna zabaldu da orain arte. 80 urte beranduago badator ere, orain badakigu zer gertatu zen eta argia jar dezakegu. Urte luzez izandako isiltasuna hautsi eta gertatutako gogorarazteko unea da. Erresistentzia eta sakrifizioa aitortzeko aukera dugu. Gertatutakoaz ikasi, eta inor ahaztu gabe, etorkizuna oinarri sendoen gainean eraikitzen hasteko ordua da. Memoria historikoak ez du ika-mikarako tresna izan behar, oraindik irekita dauden zauriak ixteko balio behar du. Isildu zituzten haien oroimenez, larunbatean 12:00etan Loiolan elkartuko gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide