Haundi-txiki asunto honetan aurrena harritu ninduena izan zen aditzea, 15 bat urterekin edo, Euskal Herria "oso txikia" zela. Maixu batek esan zigun. Neretzat Euskal Herri hori gauza izugarria zen, eta gehiena ezezaguna. Nolatan izan zitekeen oso txikia?
Hori ez zen ezer: halako batean hasi ginen aditzen mundua mukizapi baten pare zela. Zer?, eta mundu zabala bera, bere bazter guztiekin! Eskolan gero jakin genuen mukizapia ez, baizik-eta unibertsoaren erdian, edo bazter batean, izpi koxkor bat besterik ez zela mundu gurea.
Geuk sentitu ditugu ustezko gauza haundi asko txikitzen, inork esan gabe ere. Geure gurasoak berak, eta arbasoak oro har, edo maixu-maixtrak, edo agintariak, eta aberats dirudunak berak ere, jende haunditzat geneuzkanak, denboraren buruan jabetzen joan gara geure moduko gajo-gixaixoak zirela denak ere, eta beraz, eta berez, txikiak eta eskasak.
Jende jakintsua ere haunditzat geneukan aspaldi batean. Eta egiten genuen geure artean: zenbat saiatzen ote ziren?, zenbat liburu potolo irentsi ote zituzten horrenbeste jakitera iristeko?, zenbat penatu ziren koittau haiek munduan zerbait izateagatik? Bo, ba ederki txikitua eta koxkortua dago haien jakinduria izugarri hura, zeren gaur edozein gaztetxok pare bat behatz-kolperekin berdintzen eta hausten baitu haiek buruan zeukaten informazioaren galga. Baina, behatz-kolpe teknologikorik gabe ere, eskolan, ixtitutuan eta unibertsitatean erakusten zen jakintza guzti-guztia, mordo izugarri hori guztia ere zer da ba? Aspaldi konturatu ginen leku horietan geureganatutako argitasun eta argibide haiek guztiek oso argi txikia eta exkaxa egiten dutela gure gau-egunetan.
Eta gure gau-egunak berak, geure bizia, bizialdia edo mundualdiaz zer esangu dugu direla? Geure bizia Euskal Herria, mundua eta unibertsoa bezain haundia edo azkengabea zela sentitzen genuen umetan: urtebete izugarri zen; uda ez zen behinere bukatzen; arratsalde bakar bat oso-oso luzea izan zitekeen. Gerora, ordea, badakigu nortaraino moxtu, txikitu eta exerextu diren arratsaldea, uda, urtea eta bizia bera. ("Bizitza da haundiena" eginez gabiltza kale-bazterretan, baina otoitz baten pare da hori: hemen benetan haundiak Zakarra eta Ustela dira.)
Gure Azpeitiko herri maite hau ere "herri haundia" zela ikasi genuen. Alde batetik, hiriburuak zeuden, eta bestetik, berriz, herri txikiak: Errezil, Beizama eta holakoak. Geroko batean hasi ginen aditzen "herri txikia" zela hau, eta erdizka bederen jarri ere egin ginen horretara, zeren hemen badirudi joera orokorra horixe dela: gauza haundiak edo haunditzat geneuzkan asko eta asko orain txikiak dira, edo txiki bihurtu dira, edo zaizkigu, edo dizkigute.
Baina dena ez da irensteko modukoa nere espirituko eztarriarentzat. Aurtengo martxoko Uztarria-n, "Izarraitz magalean" izeneko artikuluan, hala dio Egoitz Arrutik: "Aspaldi hasi ginen Izarraitzen galtzen, horretarako aukerak ematen ditu txikia izanagatik. Hortan ere txikian handi. Eta txikitasun horrek eraman ditu urrutiko tontor altuetara hainbat mendizale fin".
Eta ez: hori ez dago irensterik. Jaiki naiz, joan naiz leihoraino, begiratu diot gure mendiari hamarmilagarren aldiz... eta neure artean: nolatan ikusi liteke hor mendi txiki bat?; zer gertatu da zenbaiten espirituko begietan?; zerekin itsutu dira?; nolatan sinistu liteke Izarraitzen "txikitasuna" izan dela jendeari "urrutiko tontor altuetara" bultza egin diona?
Begiratu diot mendiari hamarmilatabatgarren aldiz; barkatzeko eskatu diot eta ez haserretzeko berarekin egiten duten hitzezko txikizioagatik; eta azkenik esan diot: "Zu txikitzen zaituenak bere burua haunditu nahi du".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide