Letrak ala zientziak? Beti egin zait zaila galdera horri erantzutea. Letretakoa naizela esango nukeen arren, Garcilaso de la Vega eta antzeko poeten testuen aztertzeak baino gehiago motibatzen nautelako atomoei buruzko bitxikeriek. Frantziako Iraultza eta Bigarren Mundu Gerra baino nahiago ditudalako elementuen taula periodikoa eta hiruko erregela.
Letrak ala zientziak? Zein da txikitatik gustatu zaizun ikasgaia? Nik ez dakit, ez dit ezerk zirrara berezirik eragin. Beno, bai, baina ez ikasgai batek bere osotasunean. Ez al da globalegia "ikasgai" hitza? Matematikak gustuko dituenari matematiketan lantzen den guztia gustatzen al zaio? Ingelesa atsegin dut nik, baina phrasal verbs delakoa edonor nazkatzeko modukoa iruditzen zait.
Lehen Hezkuntzako 5. mailako INGURUNEA daukat gogoan. Bakarrik irekitzen zen liburua hainbestetan begiratutako irudi haiek utziz agerian. Eta hainbestetan irakurritako azalpenei errepaso bat emateko aprobetxatzen nuen orduan. UGALKETA. "Gizonezkoak bere zakil zutikorra emakumearen baginan sartzen du" bezalako esaldiek egiten zuten 94. orrialdea hain interesgarria.
Interesa. Hori da behar duguna. Letretan. Zientzietan. Gutxiago erakartzen gaituzten gaietan. "Erraz esaten da!", pentsatuko duzu. No worries, baby, eginbehar oro bihur daiteke jolas azukre pixka batekin. Nahikoa omen da koilarakada bat. Halaxe zioen Mary Poppinsek. "Just a spoonful of sugar helps the medi". Abestiak, antzerkia, ipuinak… Dena da artea, dena da magia. Poppinsak nahi ditugu hezkuntzan.
Zer ikasten dugu? Zer ahazten zaigu? Gogoratuko ez dugun zerbaitetan aritzeak merezi al du? Zer irakasten digute? Nola? Zer da benetako ikasketa? Azterketak gainditzea? Ala gure jakituriaren eraikinari beste adreilu bat gehitzea? Zeintzuk dira zure ezagutzak? Zer da benetan barneratu duzuna? Nik zakil zutikorra. Poppinsak hezkuntzan, mesedez. Irakasteko balio duten pertsonak nahi ditugu irakaskuntzan. Profesional onak eskoletan. Eta ahal bada behintzat, jende normala eskolaz kanpoko jardueretan. Oso dira aipatzekoak nik udalekuetan bizitakoak:
Bederatzi urte nituela, Urkiolako udalekuetara eraman ninduten. Nik ez nuen joan nahi, baina beti familia giroan eta etxekoez inguratuta egoteak semearenganako gehiegizko babesa ekar zezakeela esan zioten nire amari. Alferrikakoak izan ziren hilabetetan egindako negarrak. Eta ez hain txarrak Urkiolan pasatutako bi asteak. Hala ere, bada amorruz gogoratzen dudan zerbait: Egarria. Laguntzaileak ez zidan urik ematen. Bazkalorduan bakarrik. Basotxo bat bakarrik. Berak zioenez, bestela gero praketan pixa egingo nuelako. Urik ez. Eta uste dut Itsaso izena zuela (paradoxikoa).
Urte batzuk beranduago, Segurako ingeles-udalekuetara joatea erabaki nuen. Amak, badaezpada, argi utzi zion han nire laguntzaile izango zenari: "Bebe mucha agua". Ba ura edan behar izan nuen urik nahi ez nuenean ere. "Tu madre dijo que bebes mucha agua". Asko gustatuko litzaidake orain entzutea horrelako lerdokeriaren bat. Orain erantzun egingo nuke. Gehiegitan isildu naizelako.
2009an, nire ingeles-maila hobetzeko gogoz jarraitzen nuenez (orduan ingeleseko irakasle izateko ikasketetan nenbilen gainera), aukera polita iruditu zitzaidan Viajar y Estudiar-ek eskaintzen zuena. Valentziako Unibertsitateak elbarrituentzat antolatutako ikastaro bat atzerrian. Asturiasko neska itsu batekin egin nuen bidaia. Dublinera. Bertan elkartu ginen Espainiako beste txoko batzuetatik abiatu zirenekin. Gu bezala ikastera zihoazenekin eta monitore-lanetan jardungo zutenekin. Boluntarioak. Haietako bati dutxek eragiten zioten kezka. Dutxek, bai, dutxatzen lagundu beharrak. Grabatuta gelditu zaizkidan hiru esalditan laburtzen da haren minusbaliotasuna: "Yo sólo toco el cuerpo de mi chica", "nos dijeron que necesitabais ayuda, pero no nos dijeron que tanta" eta "si hubiera sabido, habría traído una esponja con un palo".
"Nora etorri naiz?!", pentsatu nuen mutil hura ni makila bati lotutako esponja batekin garbitzen imajinatu nuenean. Urrutitik, distantzia mantenduz. Nazkaz. Eskuarekin ukitu nahi ez zuen zomorroa nintzen. Bila dezala beste zerbait pertsonekin lan egiteko gai ez denak. Torlojugintza adibidez.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide