Iñaki Segurola Puntuka: 'Zaldia hemen'

Urola Kostako Hitza 2017ko mai. 11a, 09:50

Esateak lotsatzen nau, baina ni superguaia izana naiz; axkarpasau, aurreratu-usteko eta denen gainetik sentitu beharrekoen sailekoa. Aitortzen dut, eta damutua nago, erdizka behintzat. Dena antzezpen hutsa zen, hori ere esan beharra dago. Seguru asko, barru-barrutik inor baino eskasagoak eta gajo-gixaixoagoak ginen sail horretakoak, eta hargatik edukiko genuen guaitasun hori hainbesteraino itxuratu beharra. Baina... zeinegatik ari naiz?, zer "gu"-ri buruz ari naiz? Ea ba: esan dezagun politiko-folklorikoki: gu ginen bailara honetako sasi-anarko edo post-autonomoak; nolabait esateko, 70etako mugimendu autonomoaren oinordeko-edo sentitzen ginenak. (Ez naiz ari Pasaiako badian bukatu ziren komandoez, baizik-eta horren azpian eta lehenagotik zegoen mugimendutxoaz.) Oso ondo, baina esan beharra dago Erdi Kaleko gaztetxe zaharra itxi zenetik, guaikeria antzu batean etzatea besterik ez genuela egin funtsean: ezer ez egin (edo hutsaren hurrena), errez jardun eta denen gainetik sentitu: horixe izan zen gure praktika politiko zoragarria. Hori, eta geroago, Matadeiko rarismo kulturalean partaide izan, eta han ere elite aukeratu bat ginela sentitu. Gauza den bezala esateko, gainetik sentitze hori ez zen superguaiontzat oso gauza zaila ere; aurrean, edo parean, edo hor nonbait... "ezker abertzalea" izeneko zera hori geneukan: eta-militarra, herribatasuna eta jarraitxuak; hau da: agintaritza militar batek zuzendutako (eta okertutako) artaldea, nun bat izan zitekeen edo abangoardia edo ardia. Eta bai: haien izaera obeditzaile itsuak izugarri errextu zigun gainetik sentitzea. Hainbeste maite zuten obedientzia militarra, nun intsumisioaren kontra egoteraino iritsi baitziren, adibidetxo bat jartzeagatik: hortik atera kontuak! Baina gaurko asuntoa zaldia da, alias heroina. Edo zehazkiago esanda, honako eztabaida klasiko hau: Estatuak izan al zuen parterik heroinaren zabalkundean?; erabili al zuten sustantzia hori jende bihurria menderatzeko eta suntsitzeko? Estatuak ukatu egin izan du hori beti, eta hemen esan beharra dago sasi-anarko superguai askotxo, hitzez behintzat, Estatuaren laguntzaile izan ginela horretan; Intxaurrondokoei musua garbitu eta ipurtzuloa zuritu geniela. Gutako askorentzat edo gehienontzat, Estatuaren parte-hartze hori "jarraitxuen ipuin bat" zen; haiek itxiak eta ezjakinak baitziren, eta gu berriz, sustantzia ilegalek eskaintzen zituzten aukera, esperientzia eta atsegin berrietara irekiak. Ba, aitortu beharra dago geu izan ginela orduan tontorik, ezjakinik eta atzeraturik haundienak, zeren ordurako oso aztertua eta jakina baitzegoen estatuek heroina nola erabili zuten munduan zehar gustukoa ez zuten jendea katiatzeko eta hondatzeko. Eta gu ez ginen enteratu, horixe da dena. Dena genekien eta ezer ez genekien! Heroinaren sarrera eta bilakaera nola izan zen jakin nahi duenarentzat, aukera polita da Justo Arriola elgoibartarraren A los pies del caballo liburua irakurtzea (Txalaparta, 2016). Nik, neure aldetik, holako azterketei gauza garrantzizko bat gehituko nieke, eta bene-benetan esango dut, eta berriro superguaikerian nabarmentzeko batere asmorik gabe: heroina, berez, gauza ona da; hobeto esanda, gauza zoragarria da. Eta beste gauza bat: zaldi hori hezi liteke eta norbere zerbitzura jarri liteke, norbere atseginaren zerbitzura. Nik 1992an probatu nuen aurrenekoz (sudurretik), eta ordurako bagenekien ez zegoela edozer moduz eta nahi adina hartzerik. Azken batean ez da oso bestelakoa urarekin edo eguzkiarekin gertatzen dena ere, bi adibide jakin jartzeagatik: urak ito eta eguzkiak erre egin dezakete edozein, bere neurri batetik gora. Baina zaldia aurrena probatu zuten koitadu haiek ez zekiten zer sartzen ari ziren ere, eta ezjakintasun gorri huraxe baliatuko zuen Estatuak jendea tontotzeko edo akabatzeko. Hauexek ziren gaur kontatu beharreko pelikulatxoak; hauexek gure zaldi-probak eta asto-karrerak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide