Kalera jaitsi naiz, eta plazara nindoala.... Plast! Aurrez aurre berriro festetako barrerak jarrita…
Baina zer demontre? Barrerak? Apirilean?
Barrera berri oso modernoak egiten, badirudi diru pila bat gastatu dugula herritarrok. Eta, lehenengoan gaizki egin direnez, bigarren aldiz saiatzeko, apirilean berriro muntatu behar izan dituztela, nik pertsonalki horrenbeste maite ditudan, eta orain burdinezkoak diren, barrera hauek.
Txikitatik izan diet beldurra edo nazka, edo biak batera. Nire amaren izeba batek besoa galdu zuen haurra zela, barreretatik erori eta tetanosa harrapatu zuenean. Ez dakit istorio horren mamuak gidatuta, nire ezinikusi propioa medio edo bertan egiten den ekintza bortitzegia egiten zaidalako den. Kontua da, ez ditudala batere gustuko barrerak.
Bada hortxe nengoen, etxetik jaitsi eta barrera gorri-zuriak aurrean nituela. Ez dut jakin nahi zenbat diru gastatu dugun horiek berritzen. Nahiago nuke sos horiek gastatu izan balira herriak benetan behar duen diziplina anitzeko espazioan, eta ez astebetez herriko plaza betetzen egongo diren lau hormako kaiola horretan.
Ez dut ulertzen... Beharbada bakarra izango naiz, baina ez dut ulertzen. Nola jarraitzen dugu hori egiten gure herri honetan? Beti sinetsi nahi izan dut gizakiaren eboluzio positibo batean... Baina helduago egiten ari naizen heinean, eta, gure mundu honek bizi duen gerra eta miseria ikusita, erabat oker nagoela argi geratzen zait.
Erromatarrek zirkua zuten bezala, guk gure barrerak ditugu. Eta bertan torturatzen diren animaliei esker herriko festa paregabeak antolatzen ditugu.
Animaliek ez dute minik sentitzen... hori da esaten dutena... baina, mesedez... hori norbaitek sinetsi dezake? Animalia hori torturatzen ari zara. TORTURATZEN. Ez duzu hil bere haragiaz baliatzeko. Horretarako, hiltzeko beste modu duin batzuk daudela sinetsi nahiko nuke. Ez. Barrera horietan, zuk eta nik ordaindu ditugun barrera horietan, TORTURATU egiten da.
Tortura... Barrerak ikusi ditut eta ostikoka hasteko gogoa sartu zait. Gorroto ditut benetan... geroz eta gehiago... pena ematen dit bertan erailko diren izakien marruak etxetik entzungo ditudala pentsatzeak.
Sua emango nieke, baina ezin dut... metafora barregarri bat, burla bat balitz bezala eboluzionatzen doaz eta, orain, burdinezkoak dira. Herri mailan dugun zezenzaletasunaren metafora... gehitzen, indartzen... burdinezkoa egiten…
Dios. Nazka bakarrik sentitu dezaket…
Zas! Dibinitateak berak bidali izan balu bezala Facebook-en bideo bat zabaldu zait: tximinoen komunitate batean zientzialari batzuek tximino automata bat soltatu zuten. Itxuraz, haiek bezalakoa zen robot horrek, bideokamera baten bidez, komunitate horren bizitzeko era aztertzen zuen. Egun batean, robota zegoen tokitik erori eta lurrean apurtuta geratu zen. Tximinoen komunitateko kideak, beraietako bat lurrean erorita ikustean, inguratu eta negar egin zuten. Hildako kidea agurtu zuten.
Noski, hori guztia ikus dezakezu, hortxe dago, Facebook-eko bideo ziztrin batean. Baina animaliek ez dute minik sentitzen. Ez... Eta ez naiz harritzen, beti egon dira klaseak eta klaseak.
Hori horrela da, eta, nik adibidez, Siriako errefuxiatuek baino gehiago sentitu dezaket mina... "Logica aplastante"... Bestela beraiek nola izango lirateke horrenbeste indarkeria sufritzeko gai?
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide