Gauza bat aipatzen edo adierazten duen hitzari deitzen diogu izena, eta esan genezake gauza hori izendatzearekin batera kide direnetik bereizten dugula.
–Zein da zure izena? –galdetzen diogu ezezaguna dugunari.
Erantzutekoan, lehen, norberaren izenari grazia deitzen zitzaion:
–Josepe Agirre da nire grazia.
Kaleei izenak jartzen zaizkie, eta izen horiekin bereizten ditugu gainerako kaleetatik: Joxe Agirre kalea.
Gabriel Arestik bere poemetako batean eman zuen abisu ez ziezaiotela Bilbon kalerik izendatu. Ez zioten kasurik egin; han da Gabriel Aresti hiribidea. Norbaitek esan dezake ez dela gauza bera kalea eta hiribidea, baina horiek xehetasunak besterik ez dira. Ez dakit Arestik zer esango lukeen bizirik balego. Eta ez dakit Joxe Agirrek baduen kalerik Azpeitian, baina iruditzen zait mereziko lukeela, besterik ez bada, eskola zaharreko (edo eskolatu gabeko) azken bertsolaria izan zelako eta eguneroko euskara bertsoaren muga eta neurri estuetan sartzeko trebetasun berezia zuelako; bertsotan berriketan ari denaren modu berean aritzeko zuen abilidadeagatik.
Jakin badakitena da, badela Valentzian Joxe Agirreren izenkide den Josep Aguirreri eskainitako kalea, hor alboan ikus daitekeen eran: carrer de Josep Aguirre.
Arreta piztu zidan ikusi bezain azkar:
–Zer egiten du Joxe Agirre batek Valentziako kale izendegian?
Lehendabizi pentsatu nuen apaiz edo artzapezpikuren bat izango zela delako agirretarra, lanbide horietako jendea esportatu baitugu gehien bat euskaldunok beste lurraldetara, baina ez zen horrelakorik. Jakin nuen, gero, gure Josep hori Turkian kontsul izateaz gain, poesia zale amorratua izan zela (katalanez egindako poesiaren zalea) eta inguruan biltzen zituela hiriko intelektual eta poetak tertuliak sortuz eta poesia lehiaketak antolatuz (baita irabaziz ere: 1883 Jocs Florals delakoetan lore naturalaren saria irabazi zuen Lo peixcador poemarekin).
Bitxia gizona eta bitxiak gizonaren zaletasunak!
Bi aldiz alargundu zen eta sei seme-alaba izan zituen lehenengo emaztearekin eta beste bost bigarrenarekin. Lan horiez gain, aitarengandik etorritako irabazpidea hobetzen ere saiatu zen. Aita euskalduna omen zuen, itsasontzien arduraduna, eta Josep negozioarekin jarraitu eta berritu beharrean gertatu zen hemezortzi urte zituela hura hil zitzaionean.
Handik hamar bat urtetara, familia frantseseko Fournier anaiekin elkartu eta Valentziako laranjak Frantziara esportatzean hasi zen. Garai hartan (XIX. mendeaz ari gara) ia handikien lorategietako laranjadi edo orangerieetako laranjak bakarrik ziren ezagunak Europan, eta sekulako harrera izan zuten fruitu «exotiko» haiek, lehenengo Frantzian eta Britainia Handira eta Holandan, gero.
Baporeak erabiltzen zituzten Levante aldeko frutak eta barazkiak (tipulak, tomateak…) azkar eta seguru eramateko Europako lurralde hotzetara, eta sekulako arrakasta izan zuten, batez ere Josep Aguirrek, negozio-gizon finen sen bereziarekin, gehigarri bat jarri zienean esportatzen zituen fruta haiei. Izan ere, Josepek bidalitako laranjak zeta-paperean bilduak joaten ziren, paper bakoitzean esportatzailearen logoarekin. Hori zen esatea: «Banaka-banaka aukeratu ditugu zuretzat, eta paperean bildu zu horretaz ondo jabetzeko».
Poeta eta marinel, familia ugariaren aita eta salerosle, kontsul eta bidaiari,
kaleaz gain valentziarrek oroigarria ere eskaini diote Josep Aguirreri Graoko
portuan, baina seguru asko ez poemak idazteko erabili zituen paperengatik,
laranjak biltzeko erabilitakoengatik baizik.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide